Etxean janari gutiago xahutzen dut
Urtero, Frantzian, 10 milioi tona elikagai botatzen dira, hau da, 18 mila milioi apairu. Denek zerbait egin dezakegu xahuketa hori murrizteko. Hona hemen etxean aplika ditzakezun aholku praktiko batzuk.
Eguneratzea:2024(e) ko azaroaren 26a
Zer da janaria xahutzea?
Urtero, Frantzian, 10 milioi tona elikagai xahutzen dira, erran nahi baita 18 miliar apairu botatzen direla. Hazkurri kate osoan gertatzen da, jakien ekoizpenetik kontsumora, eraldaketa eta garraioa barne. Horren herena kontsumoaren mailan xahutua da.
Zergatik murriztu janari xahutzea?
Ingurumenaren gaineko eragina
Janariaren ekoizpenak natura- eta energia-baliabide anitz erabiltzen ditu. Janaria xahutzen delarik, elikagai horien ekoizteko erabili diren baliabide guziak ere xahutzen dira.
Elikagaiak ekoizten, banatzen, kontsumitzen eta birziklatzen ditugun modua eraginkorrago egiteak elikamolde sistema
iraunkorragoetara ere eraman gaitzake, baita ekoizten ditugun hondakin guzien murrizketara ere.
Hazkurri segurtasuna
Janari gutiago xahutzeak azkarki parte hartuko luke hazkurri segurtasunaren hobetzean. Xahutzen ditugun elikagaiak hazkurri egoera ezegonkorrean direnei janaria emateko erabiliak izan daitezke.
Eguneroko ohiturak
Hona zenbait aholku eta amarru zure elikagaien parte bat ez botatzeko.
Apairuak planifikatzea
- Asteko apairuak aurreikusi erosketak egin baino lehen. Horrela, behar duzuna baizik ez duzu erosiko;
- Erosketa zerrenda sortu erreserban duzuna segurtatuz.
Erreserbak behar bezala egitea
- Jateko epemuga hurbilekoenak edo andeakorrenak diren ekoizkinak agerian ezarri;
- Elikagaiak behar bezala gorde haien iraupena luzatzeko. Argibide gehiago mota desberdinetako elikagaiak gordetzeko metodo hoberenak orrialdean;
- Izozteko aukera gogoan hartu. Elikagaien biziraupena luzatzeko bide bikaina da. Elikagai anitz izotz daitezke, ogia eta esnekiak barne, berantago kontsumitzeko.
Jateko epemuga
Elikagai anitz oraindik jan daitezke aholkaturiko epemuga gaindituz ere, batez ere behar bezala gordeak izan badira. Ekoizkinen gainean afixatuak diren osasun-aginduak ongi ulertzeko, hona gidaliburu baliagarria.
Apairuen apailatzea
- Apailaturiko zatiak mahaikide kopuruaren arabera egokitu;
- Zati ttipiak zerbitzatu, kontsumituko ez den hondarrik ez uzteko, maiz botatzen direlarik. Batzuk oraindik gose badira, gehiago har dezakete;
- Hondarrak berrerabili. Saldak, konpotak eta beste ogi galdu motako jakiak gogoan hartu doi bat andeatuak diren jakiak bota aitzin. Xahutzearen aurkako errezeta batzuk aurkituko dituzu hemen!
- Xahutzearen aurkako ohiturak hartu jateko epemuga hurbil-hurbila duten ekoizkinak merke erosiz.
Elkarteei eskainiriko emaitzak
Hazkurri arloko industrialariek, ekoizleek, merkataritza guneek edo hurbileko janari dendek soberakinak eman
diezazkiekete karitatezko elkarteei, Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankua adibidez, edo Proxidon plataforma erabiliz;
Xahutzearen aurkako saski merkeak ere proposatuak izan dakizkieke bezeroei.
Konpostatzea
Zikinontzira bota baino, hondarrak konpostatu. Tratatu beharreko hondakinen kantitatea ttipitzen du eta lurrarendako emendakin ezin hobea eskaintzen dute. Bil ta Garbi sindikatuak eta Euskal Hirigune Elkargoak bizitegi mota bakoitzari egokituriko urririkako aterabideak proposatzen dituzte: norbanakoen konpostagailua, zizare-konpostagailua edo konpostatze kolektiboa.
Zure konpostagailua urririk eska dezakezu hemen eta konpostatzearen gidaliburua irakurri Bil ta Garbiren webgunean.
Heziketa eta sentsibilizazioa
Janari xahutzea murrizteari buruzko berriak bildu eta zure hurbilekoak sentsibilizatu. Jendea gehiago ohartuz gero, bere eragina murrizteko neurriak hartzeko joera ukanen du.