1. atala: Emazteak politikara bultzatzeko kanpaina

2026ko herrietako hauteskundeak hurbiltzen ari direla eta, Euskal Hirigune Elkargoak “Eta zu bazina?” izeneko kanpaina handia abiatu du, emazteak beren ahotsa entzunaraztera eta lekuko politikan gehiago parte hartzera bultzatzeko.

Eguneratzea:2025ko martxoaren 4a

Euskal Hirigune Elkargoak diseinatutako afixa koloretsuan “Marianne” itxurako emazte figura ageri da, urrunera begiratzen duena. Irudi unibertsala, indartsua eta bere buruaz segur dena, emazteek gaur egun lekuko politikan hartu behar duten lekua irudikatzen duen ikurra. “Begia erakartzen duen kanpaina bat sortu nahi izan dugu, emazteen interesa sortzeko eta parte hartzera bultzatzeko. Hau erronka demokratikoa da!”, azpimarratu du Jean-René Etchegarayk, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak.

Hau Ipar Euskal Herriko emazte guztiei zuzendutako deia da, aspalditik baztertu dituen arlo batean engaiatzeko zalantzarik izan ez dezaten. “Behin eta berriz azpimarratu behar da gizarte zibiletik datozen emazteek politika publikoetan eragina izan dezaketela”, dio Martine Bisautak, Euskal Hirigune Elkargoko Emazte eta gizonen arteko berdintasunaren lehendakariordeak, gai horietan aspalditik engaiatua denak. 

Sustatu beharreko aurrerapausoak

2000ko ekainaren 6ko legeak hauteskunde-zerrendetan parekotasuna derrigorrezkoa ezarri zuenetik, emazteen ordezkaritza lekuko exekutiboetan etengabe hazi da. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko herri kontseiluetako eserlekuen %41 emazteek betetzen dituzte. 2020an, 28 emazte hautatu zituzten auzapez izateko, 2014an 17 izan ziren bitartean. Hobekuntza hau Elkargo-kontseiluan ere islatzen da, non emazteen ehunekoa %23tik %31ra goratu den. “Aurrerapauso bat da, baina urrunago joan behar da, beste boluntario batzuk bultzatuz eta lagunduz”, dio Martine Bisautak. Ordezkaritza falta nabarmenagoa da 1000 biztanletik beherako herrietan, parekotasun-zerrenden araua ez zaielako aplikatzen.

Erantzukizunen gaia

Baina zenbakiek soilik ez dituzte jokoan dauden gaiak laburbiltzen. “Era berean, emazteen ardurapean dauden arloak aipatu behar dira”. dio Jean-René Etchegarayk. Izan ere, hierarkian gora egiten duten heinean, emazteen absentzia areagotzen da. Euskal Hirigune Elkargoaren buru hautatu zutenetik, elkargoko exekutiboko buruak bidea erakutsi du, bederatzi emazte postu estrategikoetara izendatuz. Horien artean, lehen lehendakariordea Renée Carrique, baina baita ohikoan gizonen esku egon ohi diren arloak emaztei esleituz ere, hala nola ekonomia, Sylvie Durruty-rekin; nekazaritza, Isabelle Pargade-rekin; eta saneamendua, Maider Arosteguy-rekin. Belaunaldi berriak inspiratzeko eta gizartea aldatzen ari dela erakusteko modu bat da. “Gure ibilbideen bidez, konfiantza transmititu ahal diegu zalantzan daudenei, eta erran nahi diegu ere interes orokorra zerbitzatzea atsegina dela”, adierazi du Martine Bisautak.
 

Herriko bizian parte hartzera bultzatzeko gailu berriak

2019ko abenduaren 27ko legeak, lekuko bizian parte-hartzeari eta ekintza publikoaren gertutasunari buruzkoak, laguntza-neurri berriak finkatu ditu herritarrak politikara bultzatzeko. Langileek eta funtzionarioek orain 10 eguneko baimena har dezakete lekuko hauteskundeetan kanpaina egiteko. Araudiak, halaber, 3500 biztanletik beherako herriei aukera ematen die ere hautetsiek, derrigorrezko bilkuretan parte hartzeko egiten dituzten zaintza edo laguntza gastuak osorik ordaintzeko (haur batentzat edo ezindu edo adineko senide batentzat). Azkenik, legeak herri ttipietako auzapez eta auzapezordeentzako ordainsaria emendatu du, bokazio-krisiari aurre egiteko.