1. atala - «Etxetxoaren eta autoaren mitoa bezain deigarri diren bestelako kontakizunak sortu behar ditugu»

Nantes-Saint-Nazaire metropoli gunearen zuzendari nagusia da Frédéric Vasse eta antolaketaren eta bizilekuaren gaineko behakoa berritzeko esperimentazioak egiten ari da bere lurraldean, hautetsiekin, ikertzaileekin eta herritarrekin. Bere metodoa eta atera dituen lehen irakaspenak aurkezten dizkigu hemen.

Eguneratzea:2025(e) ko ekainaren 30a

Azalduko zenizkiguke, lehen-lehenik, zer den Nantes-Saint-Nazaire metropoli gunea?

Nantes Saint-Nazaire metropoli gunea lurraldearen antolaketaren gai nagusiak eskala egokian pentsatzeko xedez elkarrekin aritzea erabaki duten bost herriarteko elkargoen arteko lankidetza tresna dugu. Gure egitekoak hiru oin ditu: Lankidetza, nola eraman ditzakegun hautetsiak lurraldearen etorkizuna elkarrekin pentsatzera, bidean diren klima eta gizarte aldaketa zorabiagarrien aitzinean. Antolatzea, ikusmolde horren eragilea izanen den LuKE (Lurralde Koherentzia Eskema) berriaren prestaketa gidatzen dugu. Eta azken oina, esperimentatzea. Gai konplexuetan, lurraldearen puntu gogorrak edo minak deitzen dudan horietan, antolaketaren eta politika publikoen ikusmolde berriak esploratzen ditugu ikerlarien laguntzarekin, ikerketa-ekintzak eginez edota herritarrei galdeketak eginez.

Min ematen duten puntuen artean, bizilekuen trinkotasunaren gaia seinalatzen duzu, hain zuzen ere. Zer erran nahi duzu horrekin?

«Territoire 2050» deitu gure urraspidearen harira daramatzagun lan anitzen artean, trinkotasunaren gaia gai minbera gisa agertu zaigu. Gero eta gutxiagotan gertatzen da, egun, eraikitze proiektu bati kontra ez egitea. Bizilekuaren gaineko eztabaida bi karikaturaren artean harrapaturik ageri ohi zaigu: etxetxoa ala bizitegi lagunduen dorrea. Estereotipo horietatik atera nahirik, jendearteko galdeketa bat egin dugu, 200 biztanleren artean, dituzten asmo barnekoenak zalantzan jarriz. Dituzten atxikimenduak, aldatu nahi ez dituztenak, eta uzteko prest izan litezkeenak ulertu nahi genituen. Azkenik, konturatu gara etxetxoaren eta dorrearen artean uste baino aukera anitzez gehiago daudela.

Zeintzu dira estereotipo horiek? Eta zein itxura berri har litzake biharko bizilekuak?

Arketipoak direla eta, bada, adibide baterako, lorategi handiarena. Biztanleen egiazko beharretaz galdetzean, konturatzen gara nahi hori zalantzagarria dela. Jendeek beren haurrekin jostatzeko eta txakurra ateratzeko edota adiskideekin elkartzeko lekua dute xerkatzen. Berdin gertatzen da jabetzarekin ere. Belaunaldi berriek aitzineko belaunaldiek zuten harremanaren oso bestelako harremana dute jabetzarekin. Horren pareko da egungo gazteek nola lanpostu batetik bestera, erleak lorez lore bezala, ibiltzeko duten joera. Eta azkenik, lekuen pribatizatzearen gaia dugu, nork beretzat eduki nahi duen hori. Aukera zenbait testatu dugu, lorategi baten partekatze sinpletik hipotesi berriagoetaraino: gomiten logela partekatzen dut, ikuzgailua, baratzea, autoa... Aukera berri jakinak aurkezten ditugunean, konturatzen gara jendeak lehen batean uste genuena baino anitzez irekiago direla. Azken finean kontatzen duena ez da horrenbeste bizi naizen bizitegia, nola horrekin doan bizimodua eta ene inguruarekin ditudan gizarte elkarrekintzen kalitatea.

Nola egin eredua aldatzeko? Bestelako bizileku moldetarantz joateko?

Bizitegi ibilbideetan jariokortasuna behar dugu. Hirietatik kanpoko bizilekuetan, adibidez, gure lurraldean jokagai nagusia izanik, gutxiegi erabiltzen diren bizitegi anitz dugu, eta bertan bizi direnak zahartzen ari dira. Zerk eraman litzake pertsona horiek beren bizitegia uztera? Haiei galde egin eta konfiantzazko hirugarren pertsona ments zaiela erraten digute. Bizimodu aldaketa zail horretan aholkua eta laguntza eman diezazkiekeen erreferentea. Oso gai barne-barnekoak ukitzen ditugu hor. Bizitegia uztea doluzko zerbait gerta dakieke batzuei. Oinarrizko gai horiek landu ezean, bizitegien ibilbideak blokaturik dira gehienetan. Oro har, bizilekua ikusteko manera aldatu behar dugu ere. Klase ertainentzat etxetxoaren eta autoaren oinordetza fordistaren kontakizuna bezain desiragarri diren bestelako kontakizunak sortu behar ditugu! Niri osasun orokorraren ikuspuntuari loturiko hiritartasunarena iruditzen zait sortzailea. Hiritartasunaren ulertzeko manera bikoitza, hala hiri itxuren kalitatea, nola elkarrekin ongi bizitzeko dugun gaitasuna, gizakien osasunaren ardurarekin eta bizi den guztiaren, ingurumenaren, osasunaren ardurarekin ere. Nola jarrai dezakegu lurralde batean bizitzen, duen bizigarritasuna babestearekin batera? Ideia elkartzailea da hori eta bereizketa politikoetatik haratago erakartzen ditu jendeak.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko bizilekuen egoera?

Itsasaldeko eskualde anitzetan bezala, Euskal Herria oso erakargarria da eta funtsen gaineko presio handiari egin behar dio buru. Egun, presio horrek zuzenki eragiten du, besteak beste, sasoilarien edo lehen lerroko langileen lanpostuetan. Nola tokiko ekonomiari eragin pertsona horiek ez badute non bizi? Horrek bizitegi lagunduen gaia eta lurralde berdintasunarena ere ematen ditu agerian. Nork du itsas hegira jotzeko eskubidea? Bidezko galderak dira horiek. Oro har, egokitze jokagaiak ikusten ditut ere, klima gorabeheren mende bereziki den lurralde batean. Adibide baterako, uholdeen kudeaketa dela eta, orain badakigu azken hamarkadotan egin dugunaren kontrara joan behar dugula. Hirigintzaren ikusmolde oso funtzionalista batetik, hodien kulturatik, uraren zikloa lasterragotu besterik egin ez duen horretatik, naturaren oinarrizkoetara itzultzeko, urari erortzen den lekuan bertan iragazten utziz, jatorrizko ibai-erreken ubideak bilatuz. Hor ere, uste dut kontakizun birsortzailea dugula lurralde baten geografia berreskuratzearekin, uraren eta lurren oroimenera lotzearekin, eta horrek herritarrak erakar ditzakeela.

Nantes-Saint-Nazaire metropoli gunearen lan guztiak haien webgunean ikus itzazu.

Bizilekua bestela pentsatzeko bi irakurgairen aholkua

Mona Chollet 1973an sorturiko suitzar kazetari eta saio idazlea da eta engaiamendu feministarengatik eta gizarte jokagaien analisi finengatik da ospetsua. «Chez soi. Une odyssée de l’espace domestique» obran (La Découverte, 2015), jende etxekoien jakituria eta etxe gunearen joria aztertzen ditu, leku hori, kanpoko abenturaren alde, mespretxatua izan ohi delarik. Chollet-ek, obra horretan, «norbere etxea» indarberritze lekua denaren ideiaren alde egiten du, emantzipazio eta gizarte kontrolari ihardokitzeko lekua, eta bizitegietan diren desberdintasunak eta horri begira jartzen diren barneko nahiak aztertzen ditu. 

«Après le virage, c’est chez moi» (La Découverte, 2025) obran, Marie Kock kazetari eta idazleak «norberaren etxearen» gaia Auvernian bizituriko haurtzaroaren oroitzapenen bitartez aztertzen du, elkarren jarraian eginiko etxe aldaketekin eta bete-betean bera sentitzeko leku baten xerkaketarekin; leku batean bizitzearen konplexutasuna agerian ematen du horrela: «bizi garen lekua ez da beti etxean sentiarazten gaituena». Gogoeta filosofikoa, gizarte azterketa eta barne esperientzia nahastekatzen du obrak. Marie Kock literatura erreferentzietan oinarritzen da (Deborah Lévy, Bachelard, Perec), bai eta idazketa arin eta digresiboan ere, emetasun autonomo baten xerka agerian ematen duena, etxearen eta familaren tradiziozko arauetatik aske.

Bi obra horiek elkarren osagarri diren behako engaiatuak eskaintzen dituzte bizilekuaren gainean, «norberaren etxea» norbanakotasunaren, emantzipazioaren eta gizartearen gaineko gogoeta lekua eskaintzen duena. «Leku batean bizitzea» egiazki zer den eta gure bizi lekuek barne-barnean ditugun nahiak azaltzen dizkiguten moduetaz galdekatzen duten guztientzat dira bi obra horiek.