1. Atala – Hizkuntzak biziarazteko oldar kolektiboa

Euskal Elkargoa egunerokoan engaiatzen da euskara eta gaskoia babesteko. Hizkuntzen biziberritzean urteak daramatzaten eragile historikoak sustengatuz eta gizarteko arlo ezberdinetan eleaniztasunaren aldeko ekintzak garatuz burutzen da mobilizazio hau.

Eguneratzea:2025(e) ko maiatzaren 14a

Maiatzaren 15etik 25era, Euskaraldiaren 4. edizioa iraganen da. Pirinioen bi aldeetako milaka euskaldunek parte hartuko dute gizarte esperientzia handi honetan. 11 egunez, dendetan, eskoletan edo lanean, Ahobizi-ek (euskaraz mintzatzen direnek) eta Belarriprest-ek (ulertzen dutenek) bereizgarri bat soinean eramango dute, solaskideak euskaraz hitz egitera gonbidatzeko. Hala, hizkuntzaren bizi-indarra erakusten da, eta Jean-René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak erran bezala, «eguneroko bizian iraunkorki errotzea» da helburua.

Berpizte bat maila guzietan

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) 2021ean plazaratu azken inkesta soziolinguistikoak joera baikorra erakusten du. Azken 30 urteetan lehen aldikoz, Ipar Euskal Herrian euskaldunen kopurua ez da apaldu (51.500 pertsona, helduen %20 inguru). Hizkuntza ulertu bai baina ongi mintzatzen ez diren 24.000 biztanleak kontuan hartuz gero, biztanleriaren %30era heltzen da elebidunen proportzioa, paraleloki biztanle kopurua emendatzen ari delarik. Adin-talde guztiek erakusten dute hazkundea, bereziki 16-24 urtekoek (%21,5 euskaldun), eskoletan euskara ikasten duten haur kopuruaren emendatzeari lotua: %43 lehen mailan eta heren bat bigarren mailan.

Hego Euskal Herrian ere euskarak garatzen segitzen du. Ikerketa beraren arabera, 30 urtez, euskarak 300 000 hiztun irabazi ditu, besteak beste gazteen artean.

Euskara mintzatzeko paradak biderkatzea

Ildo beretik, 2018an, Euskal Hirigune Elkargoak urrats sendo bat egin zuen: euskara eta gaskoi hizkuntzak ofizialki aitortu zituen bere lurraldean, frantsesarekin batera. Aldi berean, hautetsiek euskararen aldeko hizkuntza politika onartu zuten – eta urte bat geroago, gaskoiaren aldekoa – xede argi batekin: eleaniztasuna 320.000 biztanlerentzat eguneroko errealitate bilakatzea.

Euskal Elkargoaren ekintza historikoki lanean aritu diren eragileei ematen dien laguntza ekonomikoan oinarritzen da: Euskararen Erakunde Publikoari lehen lehenik, sare pedagogikoei (Ikastola, Seaska, AEK, Uda Leku, Plazara, Ací Gasconha...), euskarazko hedabideei eta hedabide eleanitzei ere. Halaber, zerbitzu publiko elebidunen garapena laguntzen du Elkargoak: haur-eskoletan, aisialdiko guneetan eta herrietan. Sorkuntza artistikoa eta kultura ekitaldi handiak ere sostengatzen ditu, haurrei txikitatik hizkuntzekin harremana izateko aukera gehiago eskaintzeko.

Gaskoiarentzat ere mobilizatuak

6 000 hiztun, eta ulertzen duten 8 400 pertsonarekin, okzitaniar-gaskoia lekua galtzen ari da Ipar Euskal Herrian. Biztanlegoaren %77 bere biziberritzearen aldeko neurri publikoak hartzearekin ados agertzen da hala ere. Bere sortzetik, eta okzitaniar-gaskoia frantsesaren ondoan hizkuntza ofizial gisa ezagutu zuenetik, Euskal Elkargoa pare gabeko hizkuntza ondare hau babesteko lanean ari da. Elkargoaren ekintza hizkuntzaren transmisioan eta zabalpenean ari diren tokiko eragileen sustengutik ere pasatzen da, “De Cap Tau Monde !” proiektu deialdiaren bidez. Hezkuntza eskaintzaren azkartzea ere bultzatua da gaskoi hizkuntzaren ikasteari begirako sailen sorkuntzarekin, Bidaxunen edo Samatze-Hastinga. Gaskoia erabiltzen den Aturri-Behereko 8 herriak ere lagunduak dira Herriko Etxeetan, haurtzaindegietan edo aisialdi jardueretan harrera zerbitzu berriak proposatzeko.

Ikusi webserieko atal guziak