2025eko KLIMA astea: aukera ekologikoen erakusle
2026(e) ko abenduaren 29a
CROUS eta Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuarekin elkarlanean, Baionako Gurutze Gorriak “Gurutze Gorria gurpil gainean” izeneko baliabidea plantan ezarri du. Hala, ostegun guziez, eskola garaian, boluntario talde bat etortzen da prekarietate egoeran dauden ikasleei elikagaiak eta higiene produktuak banatzera.
Eguneratzea:2025(e) ko abenduaren 8a
Ostegun guziez, duela bost urtetik, erritual bera errepikatzen da. Dozena bat boluntariorekin batera, Jean-Paul Drioletek Gurutze Gorriaren kamioia aparkatzen du Baionako Arantzeta ikasleen bizitegiko atarian, beharra duten ikasleei hazkurri laguntza emateko.

«Gure haurrak izan litezke»
COVID-19aren garai bete-betean abiatu zuen proiektua, “Gurutze Gorria gurpil gainean” baliabide nazionalean inspiraturik, zeinak hartzaileengandik ahal bezain hurbil egonez laguntza materiala ematea baitu helburu. «Konfinamenduak zinez argitan ezarri zuen ikasleen prekarietatearen arazo hori. Bakartuak ziren, beren lan ttipiak galdu zituzten, eta ez zekiten norengana jo». Hirurogei urteko gizonak bere sarea baliatu zuen eta zenbait asteren buruan larrialdiko operazio bat muntatu zuen. CROUS erakunde publikoak finantzatu zuen boluntario taldeak aste guziez Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuan berreskuratzen zituen elikagaien erosketa. «Xantza dut biziki ongi inguratua bainaiz», aitortu du hasieratik operazioaren arduradunak, ekimenaren inguruan berez sortu zen elkartasun izpiritua azpimarratuz.
Abentura parentesi bat baizik ezin zitekeen izan. Baina, pandemia pasatu ondoan, arazoa ez zen desagertu, kontrakoa baizik. Egun, harrera-gela gisa erabiltzen den lokal ttipiaren aitzinean, galdegileen lerroa gero eta luzeagoa da. «Aitzineko urteetan 30-40 bat gazte errezibitzen ziren, gaur egun 70eraino igan daiteke!». Ahoz ahokoak hobeki funtzionatzen du, segur; baina, gibelean, badirudi prekarietatea emendatzen ari dela. «Denetan ikusten den fenomenoa da, familietan, adineko jendeetan. Bizia gero eta garestiagoa da. Denak hunkiak gara». Jean-Paul Driolet, ordea, jitez baikorra da, eta ez du sekula amore eman nahi. «Zenbat eta zailtasun gehiago, hainbat eta elkartasun handiagoa izanen da parean!». Ikasleen egoera kezkagarriak bereziki hunkitzen du. «Hemen denek erraten dugu gure haurrak edo arrahaurrak izan litezkeela».

Kesarik gabeko supermerkatua
Eraikinaren oinean plantaturiko merkatu ttipi ibiltariaren inguruan, agur bat eta adiskide hitz goxo bat zuzentzen dizkio bakoitzari, beti lañotasun berarekin. Yanisek, adibidez, oso gustuko du giro hori. E-business masterreko ikasle hura duela hiru urte jin zen ikasle bizitegira bizitzera, eta badu bi urte banaketetara etortzen dela. Hilabetean 400 euro baizik ez ditu bizitzeko. Banatzaile gisa lan egiten du, arratsez, klaseen ondotik. Burasoek eskuarteko zerbait ematen diote ere. «Pentsa! Ez dut pleinitzeko arrazoirik! Bada okerragorik…», zehaztu du. Erakusmahaien ondotik pasatzean, erosketez bete du poltsa. Aste bat irauteko doia. Ogiak, arroltzeak, pastak, barazki freskoak, desertak, jaki egina-prestak eta baita produktu kosmetiko batzuk ere. «Zinez bada zer hauta!», eskertu du gazteak, freskagarri botila bat erakutsiz. Halakorik ez luke erosten ahal, usaian! Laguntza eskuratu ahal izateko, ikasleek gehienez ere hilabetean 250 euroko “bizitzeko hondarra” dutela justifikatu behar dute. CROUSeko gizarte-laguntzak tratatzen ditu lehenik eskaerak, eta gero laguntzaren hartzaileak Gurutze Gorrira bideratzen ditu. Han, bakoitzak bere gustu eta beharren araberakoa hartzen ahal du, «eta inork ez du soberaxko hartzen», Jean-Paul Drioletek dioenez.
Hark laguntzen segituko du, «behar deno! ». Hemen baliagarri sentitzen da. Gazteekiko harreman hori gustuko du. «Hasieran pixka bat isilak dira, baina denborarekin kidetasun lokarriak sortzen dira. Batzuek sukaldeko errezetak partekatzen dizkigute, eta haien istorioak kontatzen dizkigute. Karrikan ezagutzen naute ere zenbaitek! » Ahal duen guziez ihardesten die egiten zaizkion galdeei. Beste operazio bat muntatu du ikasle elkarte batekin elkarlanean, Montoriko Errobiko Campusean. Eta, Eguberriko, Bidarteko herriko eskolako haurrek egindako kutxa solidarioak berreskuratzera joanen da, Arantzetako CROUSeko bizitegiko ikasleei emateko.
2026(e) ko abenduaren 29a
2025(e) ko abenduaren 12a
2025(e) ko abenduaren 11a