Idortea Ipar Euskal Herrian: 30 herri edateko uraren "Alerta" egoeran, eta 128 "Zaintza" mailan
2026(e) ko uztailaren 17a
Elkartasunezko Alokantza Kontratu Errealari esker, ehundaka familia xehek eskura dezakete bizitegia Euskal Herrian. Sistema horren bidez, herriek bizitegiak prezio erakargarrietan eskain ditzakete eta espekulazioari muga jarri. Laguntza hori jaso du Amaia Irigaraik eta Milafrangan, hazi zen auzotik hurbil, berriztaturiko etxalde eder batean bizitzearen zoriona kontatzen digu.
Eguneratzea:2025(e) ko uztailaren 1a
Amaia Irigarai zortedun emaztea da, berak dioenez. 28 urtetan, Milafrangan, euskal mendialdeari begira ikusmira eder bat duen eta 70m2 zabal den apartamendu berri-berria erosi ahal ukan du 180 000 euro bakarrik ordaindurik. Merkatuko prezioaren ia erdia da prezio hori. Nola egin du? Erosteko laguntza baliabide berri honi esker: Elkartasunezko Alokantza Kontratu Erreala.

Espekulazioaren aurkako baliabidea
Sistema ez da, berez, berria. Sei urte dira indarrean dena. Eta Euskal Herriaren erdi-erdian sortu zen, 2019ko abenduan, Frantziako lehen EAKE eragiketa abian eman zenean Ezpeletan. Ordurarte zeuden baliabideak ez bezala, Elkartasunezko Alokantza Kontratu Errealak espekulazioaren aurkako mekanismoa dakar berekin. Erosleak, baliabide hori baliatu ahal izateko diru sartze maila baten peko diru sarrerak ukan behar dituenak, ez du, egiazki, hormak besterik erosten eta lurra funtsen jabe den erakunde publiko bati alokantzan hartzen dio. Kudeatzaileari ordaintzen dion alokairu sinboliko baten ordainez, erosleak bere bizitza osoan erabil lezake ondasuna, alokantza aldi luze baterakoa izan ohi baita, 18 eta 99 urte artekoa. Bizitegia saldu nahi balu, berea den partea besterik ezin luke saldu, eraikina, alegia, eta diru sarreren mugapean den eroslea behar du atzeman. Jaraunsleek ere bete behar dute diru sarreren mugaren baldintza hori eta, hala ez balitz, elkartasunezko funtsen erakundeari saldu beharko liokete ondasuna. Bi aldeen intereseko sistema da hori, herriei eta alokatzaileei higiezinen espekulazioari jaten ez emateko aukera eta beren lurrak eskupean atxikitzeko aukera ematen baitie.

Mugagabeko bertutezko gurpila
Bere lehen erosketarako ezin zuen Amaiak aterabide hoberik atzeman. Alokatzaile laguntzaileari ordaintzen dion alokairuarekin (hilean 66 euro) eta hartu duen kredituarekin, bizitegirako 760 euro besterik ez du ordaintzen. «alokaitu arrunta baino merkeagoa da!», pozten da ama berriak, EAKE delakoari esker, hazi zen herrian bizitzen jarrai baitezake bere alabatxo eta bere bikotekidearekin. Ondasun hori utzi nahiko duenean, ezinen dio gehiegizko gainbalioa atera; inflazioaren eta egin dituzkeen hobekuntzen kostua besterik ezinen dio gaineratu. Zenbait mila euro gehienez. «Baina normala da; ezin da dena ukan!», dio erosle berriak, keinu politikoa ere defendatzen duelarik. «Etengabeko bertutezko gurpila sortzen du horrek. Egun, ni ari naiz baliatzen, baina bihar, hemengo beste gazte edo ez hain gaztek baliatuko du, bestela ezinen zuenak halakorik eskuratu.»
Ekoizpen dinamikoa
2022an Habitat Sud Atlantic (Euskal Elkargoaren laguntza alokatzailea) delakoak herriari erosi zion eta guztiz berriztatu duen lapurtar etxalde bikainean, beste hamar familiek erosi ahal ukan dute beren lehen bizitegia. «HSAren laguntza bikaina izan da guztiz, erran digu Amaiak. Hastapenetik bururaino ukan ditugu hor gure urraspide orotan laguntzen. Dena prest-prest eskaini digute!» Sistema «zoragarri» hori ahal beste jendek balia ahal dezan nahiko luke eta «Airbnb orokorra» ez den Euskal Herriaren bestelako aurpegia erakutsi. Lurraldeko laguntza alokatzaile guztiek erabiltzen dute Elkartasunezko Alokantza Kontratu Erreala eta orokortzeko bidean da. 2023an, 449 bizitegi merkaturatu ziren bide horretan Euskal Herrian. Orain dela bi urte baina bost aldiz gehiago da hori. Baliabide horren baliatu ahal izateko diru sarreren gehienezko mugak aski zabalak dira. Frantzian, familien % 70 izan litezke hautagai.
Euskal Iparraldean ostatatzea, zer diote kopuruek?
Bizilekuaren Behatokiak urtero ematen du Ipar Euskal Herriko bizitegiaren bilana. Kopuru eta erreferentzia anitz ematen du higiezinen bilakaera ikusteko eta Euskal Hirigune Elkargoak eta bere partzuerrek «Bizilekuaren Tokiko Programaren» harira daramatzaten jardueren eragina balioztatzeko. Baina zer azaltzen digu txosten horrek? Lehen-lehenik, euskal biztanleria beti gora doala: batez beste, urtean + %1, 2015 eta 2021 artean, azken galdeketaren data hori baita. 6 urteotan ia 19 000 biztanle gehiago dira. Gorakada handi-handi horrek (eskualde mailan baino bi aldiz handiagoa) tokiko higiezinen merkatua are eta gehiago tentsionatzen du. Baina bilakaera horrek bizitegi nagusiak ditu lehenik jotzen (bizitegi multzoaren % 74, + % 1,76, 2015 eta 2021 artean) bigarren bizitegiei baino gehiago, ( % 20,3, 2021ean, 2015ean % 21,2 zirelarik). Egoiliar iraunkorren artean, % 58 bertan bizi diren jabeak dira, % 28 bizitegien multzo pribatuko alokatzaile edo azpialokatzaileak dira, eta % 11 bizitegi lagunduetan (HLM) bizi dira. Azken kategoria hori da gehien emendatzen dena (+ % 21, 2015 eta 2021 artean, gainerako beste taldeak + % 11 eta + % 10 emendatzen direlarik). Ekoizpenaren atalari so eginez gero, eraikitzeko baimenen gutxitze nabarmena ikus liteke (2100, 2023an eta 3500 bizitegi baimenduak 2021ean), batez ere eraikitze kostuen gorakadarengatik eta maileguen mailaren gorakadarengatik. Hala gertatzen da alokairuetan ere: alokairu lagundu bidezko 592 bizitegi baimendu dira 2023an (577 izan ziren 2022an eta 511, berriz, 2021n) eta behartsuen diren familiei (PLAI, PLUS) eskaini zaizkie bete-betean. Baina erosteko laguntzarekin ere berdin gertatzen da, batez ere Elkartasunezko Alokatze Kontratu Errealari esker (EAKE-BRS): 449 bizitegi saldu ziren 2023an, eta 95 besterik ez 2021n. Dinamikak batez ere SRU legepeko herriak hartzen baditu ere, hau da, eskari gehien biltzen diren lekuetan, euskal barnealdeak ere badu halako eskaintza, batez ere herri ertainetan, herri barneak biziberritze bidean direlarik bete-betean.
2026(e) ko uztailaren 17a
2026(e) ko uztailaren 17a
2026(e) ko uztailaren 10a