2. atala - Eguberriko paketeak, Zuberoako ikastolak eta ekoizleak sostengatzeko

Badu hogei urte baino gehiago Zuberoako bi ikastolek Ikaskoli kanpainan parte hartzen dutela. Eguberriz opari-paketeak prestatzen dituzte tokiko produktuekin, beren eskolak finantzatzeko, baina baita Zuberoako ekoizleak sostengatzeko ere.

Eguneratzea:2025(e) ko abenduaren 9a

Ikaskoli paketeekin, izaiaren azpian ezartzeko opari ezin hobea aurkitu dute. Urte oroz, duela 20 urte baino gehiagotik, Sohütako eta Alozeko bi ikastolek bertako produktuak ezagutzeko opari-paketeak proposatzen dituzte, Eguberriz. Gasna, tisanak, pastak, zerrikiak, jusak, erreximentak, bixkotx idorrak... «Gauza onak bakarrik! Etxeko, tokiko eta kalitatezko ekoizpenak bakarrik baloratzen ditugu», zehaztu du Argitxu Ourthiaguek, kanpaina sustatzen duen batzordeko kideetako batek.

Ekintza on bikoitza

Ekimena 2000ko hamarkadaren hasierakoa da. Garai hartan, beren garapenerako, diru sartze berrien bila zebiltzan Zuberoako ikastolak. «Jendeak beti ez daki, baina gure murgiltze-eskoletan, ikastoletan, Hezkunde Ministerioak irakasleak bakarrik ordaintzen ditu. Gainerateko guzia –ama eskolako laguntzaileak, mantentze langileak, ikasgelako materiala, eskolako ateraldiak eta abar– boluntarioen lanaren araberakoa da». Ikasleen burasoen edo hurbileko sarearen artean, laborantzako sektorean lan egiten dute anitzek. Ikaskoliren bidez, ekintza bikoitz on bat egiteko segurtamena duzu; hots, Zuberoako laborariak eta euskara laguntzea. Urteak jin urteak joatearekin, arras pikoan den makineria plantan ezarri da. Ikasturte sartze bakoitzean biltzen da Ikaskoliren batzorde betearazlea, paketeen edukiaz gogoetatzeko. Gehiengoaren gustukoak izateko, eskaera ezberdinetara egokitzera entseatzen dira antolatzaileak. «Duela guti haragirik gabeko paketeak sortu ditugu, adibidez, edo soilik produktu biologikoekin osatu paketeak», azaldu du Jean-Marc Cazanavek, batzordeko beste kide batek. Paketeen edukia zehaztu ondoan, salgai jartzen dituzte, azaroaren bukaera arte zabalik egoten den kanpainaren webgunean.

Elkartasun kate handi bat 

Iaz, 2.500 Ikaskoli inguru saldu ziren. Kanpainak arrakasta pixka bat gehiago biltzen du urtetik urtera. «Gaur egun, baliabidea ontsa pentsatua da. Gure baliabideen araberakoa eta neurrikoa da, ezin izanen genuke anitzez gehiago egin», ohartarazten dute antolatzaileek. Izan ere, eskaerak prestatu eta igorri behar dira. Opariak behar den tenorean igortzeko, bi ikastoletako familiak egun oso batez elkartzen dira, urte hondarreko bestak hasi baino aste batzuk lehenago. «Zinezko maratoi bat da, baina baita denek elkarrekin partekatzen dugun lagun arteko memento bat ere. Burasoen arteko harremanak sortu eta indartzeko ahala ematen digu, elkar hobeki ezagutzeko parada da», dio Argitxu Ourthiaguenak. Bakoitzak ongi definitutako lanpostu bat du; badira paketeak betetzen dituztenak, paketatzen dituztenak eta banatzera joaten direnak. Kanpainaren partaide diren kasik ehun hartze leku daude gaur egun, gehiengoa Hego Euskal Herrian, handik egiten baitira manaketa gehienak. Pertsona guziak boluntarioak dira, Baionako Zamaia Ostatuko Sebastien Aguer bezala. Zuberotarra da bera ere, eta kanpainan sartu zen duela lau urte, segurtamen osoz. «Ideia bikaina iruditzen zait. Kalitatezko produktuak dira, eta, gainera, Zuberoako haurrak laguntzen dira». Urte oroz, hogei bat bezero zerbitzatzen ditu. «Eskaera orri bat badugu; pertsonen identitatea egiaztatzen dut, besterik ez. Fite egina da!».

Ekoizle, saltegi eta erosle anonimoen artean sortu den elkartasun kate handi horretaz harro dira, naski, gaur egun, ikasleen buraso horiek. «Laguntza hori gabe ezin izanen genituzke gure buxetak hetsi», azaldu du Jean-Marc Cazanavek. Eskuzabaltasun honen ordaina ematen saiatzen dira, lurraldeko bizi kulturalean inplikatuz. «Talo salmentak eginez, apairuak prestatuz, mus txapelketak antolatuz. Antzerki lan bat ere antolatzen dugu urte oroz, triatloi bat eta beste. Euskararen aldeko zerbait egiten ahal delarik, hor izaten saiatzen gara», erranez bururatu dute bi boluntarioek.

Ikusi webserieko atal guziak