2. atala: Emazteak lanean: beirazko sabaia hautsi

Beirazko sabaia errealitate bat da, eta emazte gehienek noizbait aurre egin behar diote. Oztopo ikusezin eta inkontzientea da, emazteen ibilbide profesionala frenatzen duena eta goi-karguetara iristea eragozten diena. Ipar Euskal Herrian ia 30 urtez borroka feministetan parte hartu duen Elisabeth Charriau militantearentzat, esamolde horrek, egiazki, gure gizarteetan sakon errotua den pentsamendu patriarkalaren sistema adierazten du. Horregatik, erantzun kolektibo baterako deia egiten du.

Eguneratzea:2025ko martxoaren 3a

“Beirazko sabaia” esamoldea 70eko hamarkadan agertu zen Estatu Batuetan. Kontzeptu honen bidez, Marilyn Loden feminista defendatzaileak oztopo ikusezinak deskribatu nahi zituen, eskubide errealak eskuratu arren, emazteei gizarteko maila gorenenetara iristea eragozten zietenak. Elisabeth Charriau, Baionako ospitalean psikologoa izan da eta ia 30 urte daramatza gai horietan engaiatua, bereziki EBA kolektiboan eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluan. Haren arabera, “oztopo hori eraikuntza sozial bat da, mendeetan zehar funtzionatu duena eta oraindik desagertzetik urrun dagoena!”.

Errealitate agerikoa

Zenbakiei begiratzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Frantzian, emazteek landunen ia %49 osatzen dute, baina enpresa ttipi eta ertainetako zuzendaritza-postuen %12 baino ez dute betetzen. Horri gehitu behar zaizkio oraindik ere nabarmenak diren soldata-desberdintasunak. Emazte langileek erantzukizun gutiagoko lanpostuak betetzen dituzte, nahiz eta gaur egun, oro har, gizon lankideek baino diploma gehiago izan. Arlo politikoan ere berdin gertatzen da. Paritate-betebeharrei esker aurrerapen handiak izan diren arren, boterea nagusiki gizonen esku dago oraindik. Emazteek herrien %20 baino ez dituzte zuzentzen, eta eskualde-buru izatera iristen direnak heren bat baino gutiago dira.

Elisabeth Charriauren arabera, sistema oso bat deseraiki behar da. “Arazoa sakona da. Gure irudikapen sozialekin lotua da” azaldu du. “Kapitalismoarekin lotutako patriarkatuak indartsuenak izatera bultzatzen gaitu. Eta irudimen kolektiboan zein jasotzen dugun hezkuntzan, mutilak dira nagusi, ez neskak”. Eredu horietatik ateratzea ez da modu naturalean gertatuko. Berdintasunaren aldeko borrokak, haren ustez, botere publikoen ekintza irmoa behar du. Frantziak dagoeneko hainbat neurri hertsagarri hartu ditu arlo horretan. Politikan, funtzio publikoan eta enpresa-munduan, legeak parekotasun handiagoa lortzeko arauak finkatzen ditu.

Itxaropentsu egon!

Baina ekintzailearentzat, ezarritako dispositiboak elementu bat besterik ez dira, baina osotasuna ikustea eragozten dute. “Betebeharrek beti baldintzak izaten dituzte”, deitoratzen du, adibide gisa lekuko hauteskundeetako zerrendei buruzko araudia emanez, 1000 biztanletik beherako herriak kanpo uzten dituelako. “Ipar Euskal Herrian, legetik kanpo gelditu diren 118 herriek (IEHn 158 herri direlarik) borondatez aplikatuko balute, egoera aldatuko litzateke”. Testuen gabezia hori ekonomiaren arloan ere ageri da, non 500 langiletik gorako enpresei soilik behartzen zaien administrazio- eta zaintza-kontseiluetan emazteen %40ko kuota izatea.

Baina Elisabeth Charriauk sinetsi nahi du borroka ez dela galdua. Lurralde hau eredu izan daitekeela amesten duen hirurogeita hamar urte inguruko emazteak mentalitateak poliki poliki aldatzen ikusten ditu. “Nahiz eta horretarako eskumenik ez izan, Euskal Hirigune Elkargoak gai honi heldu nahi izan dio”. Duela lau urtez geroztik, Emazte eta Gizonen arteko Berdintasun batzordeak hainbat arlotako eragileak biltzen ditu gai hauei buruz eztabaidatzeko eta tokian tokiko irtenbideak aurkitzeko. Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluarekin lankidetzan, lan taldeak, adibidez, herriei zuzendutako gida bat argitaratu du, politika berdinzaleagoak finkatzen laguntzeko. “Eta gero eta gehiago mobilizatzen ari dira”, dio, pozik Elisabeth Charriauk, engaiamendu berpizte honetan etorkizuneko belaunaldientzat itxaropenezko mezu bat ikusi nahi baitu.

Ikusi «martxoaren 8a: berinezko sabaia hausten duten emazteak» webseriearen atal guziak