Mugaz gaindiko Uda Ikastaroetarako izen-emate epea zabalik
2025ko ekainaren 10a

Flash info
Orrialde batzuk ez dira oraindik osoki itzuliak. Webgunea laster osoki euskaratua izanen da.
Nola babestu gure lurraldeko hizkuntzak eta nola itzuli eguneroko bizitzan erabilgarritasuna? Gai honetan aditu den Michel Feltin-Palas kazetariak Galesko, Kanadako eta Hegoafrikako esperientziak aztertzera gonbidatzen gaitu, beren irtenbideei begira galdera horiei erantzuteko.
Eguneratzea:2025ko maiatzaren 14a
L’Express egunkariko erredaktore-buru eta eleaniztasunaren aditu izanik, Michel Feltin-Palas-ek hizkuntza gutxituen aldeko borroka, bizitza osoko engaiamendu bilakatu du. Bere hitzetan, premia handia dago neurriak hartzeko: “Euskara ez beste metropoliako hizkuntza gutxitu guziak hiztun galera jasaten ari dira eta galtzera kondenatuak dira ezer egiten ez bada. Hizkuntza bat ez da bakarrik hitz egiteko tresna, gizateriaren sormen kulturala da, gure katedralen gisakoa! Guztiak dira baliotsuak eta guztiek merezi dute babesa! Munduan 7000 hizkuntza daude eta 200 estatu baino gutxiago. Beste lekuetan egiten dena kopiatu behar da, lasaitasunez” dio eleaniztasunaren babesle sutsu honek. Jada bide hori hartu duten herrialdeak zerrendatu ditu jarraian: Espainia, Finlandia, Italia, Herbehereak, Erresuma Batua, Suitza, Luxemburg, Eslovenia, Hego Afrika, Irak, Filipinak, India…
Galesko eredua
«Hizkuntzen ko-ofizialtasuna aitortzearekin, gizarte oso bat eraldatzen da. Hizkuntzak berriz ere erabilgarritasun praktikoa atzematen du!» dio idazleak. Adibide gisa, bretoieraren eta galesaren ibilbideak konparatzen ditu. Duela 40 urte, bi hizkuntzek 500.000 hiztun inguru zituzten. «Gaur egun, bretoieraren hiztunak 100.000 inguru dira, eta galesarenak 700.000». Zergatik? Erresuma Batuan hizkuntza aniztasunaren aldeko politika bat ezarri baitute eta 2011z geroztik, bi hizkuntzak koofizialak dira. Galesen, galesa ikastea derrigorrezkoa da 16 urte arte. «Haurrentzat eleaniztasunaren onurak ezagunak direnez, hizkuntza baten erabilera berrindartzeko oinarri sendoa da», dio Feltin-Palas-ek. Estatuak hizkuntza berdintasunaren printzipioa errespetatu behar du eta bi hizkuntzetan zerbitzu publikoak eskaini. Halaber, astean 7 egunez gales hizkuntzan programak ematen dituen telebista publiko bat finantzatzen du. «Hori guztia hiztunak lan munduan integratzeko eta hizkuntza biziarazteko lagungarria da».
Bizikidetza irudikatzea
Munduko eskualde batzuetan, hizkuntzen presentzia oraindik urrunago doa, esaterako New Brunswick-en, Kanadan. Herrialde honetako hirietan, administrazio batzuk bikoiztuta daude: soilik frankofonoak edo anglofonoak diren ospitaleak edo unibertsitateak aurki daitezke hiri berean. Eredu horrek hizkuntzen inklusioa bermatzen du erakunde publikoetan. Hala ere, hizkuntzen arteko bizikidetza ez da beti erraza. Hego Afrikako adibidea argigarria da. Apartheid-aren bukaeran, 11 hizkuntza ofizial aitortu ziren. Praktikan, probintziaka egiten da hautua, eta estatuak berak ingelesez funtzionatzen segitzen du, baliabide faltagatik. Hala ere, sistema horrek tokian tokiko hizkuntza afrikarren balioa aitortzen du, hala nola zulu edo xhosa.
Michel Feltin-Palas-ek uste du Molac legea, Frantziako Parlamentuak berriki onartu duena, mezu baikorra dela hizkuntza gutxituen alde. «Frantziar gehienek eskualdeko hizkuntzen garapenaren aldeko jarrera dute». Euskararen eredua, beste tokietara moldatzea zaila izanagatik, iparrorratz gisa ikusten du: tokiko kulturan erroturik dagoen hizkuntza, gizarte zibilaren dinamismoa eta tokiko hautetsien sostengua uztartzen baititu.
2025ko ekainaren 10a
2025ko maiatzaren 27a
2025ko maiatzaren 15a