Tokiko ekonomia aldatzen duten hamabi euskal ekimen
2025(e) ko azaroaren 7a
Hendaiako Saint-Vincent ikastetxeak ekologia eta elkartasuna jartzen ditu ikaskuntzen erdigunean. Proiektu hau etengabe hazten ari da, irakasleen, gurasoen eta lurraldeko hainbat eragileren engaiamenduari esker. Ezagut dezagun aitzindari den ikastetxe hau, Philippe Bancon kolegioaren zuzendariarekin.
Eguneratzea:2025(e) ko urriaren 15a
Hendaiako erdigunean kokatua, Saint-Vincent ikastetxe multzoak aukera laborategi ttipi baten itxura hartzen du. Mugikortasun arinak, jantokiko hondakinen konpostatzea, baratze pedagogiko baten sorrera, hondartzen garbiketa, “repair café” baten instalazioa, gurasoen arteko elkarlaguntza eta elkarrekin ikasteko sare baten antolaketa, etxerik gabeko pertsonentzako laguntza... hemen, dena ekologiarekin eta gizarte-gaiekin lotuta pentsatua eta antolatua da.

Proiektu kolektibo bat da, duela 12 urte baino gehiago martxan jarri zena, Philippe Bancon kolegioaren zuzendaria iritsi zenean. Scouts et Guides de France erakundeko ordezkari nagusi ohia izanik, eta ingurumenarekiko sentsibilitate nabarmena duela aitortzen duena, haren ustez eskola bere eginkizunean ari da «gazteentzako itxaropen arrazoiak ematen saiatzen denean, beti koloretsua ez den mundu batean.» Baina pedagogoa ez da konbentzitzen saiatzen, baizik eta eragiten: «Ez gara elkarte militante bat», argi dio hasieratik. «Dena borondatez egiten da, eta eskolaren baitan soilik.»
Mugimendu kolektibo bat
Egiten diren ekintzek beti dute helburu pedagogikoa, ikasgelako irakaskuntzekin lotuta. Baina proiektuak denboran finka daitezen, beste bost osagai ere sistematikoki inplikatu behar direla azpimarratzen du Philippe Bancon-ek, printzipio horiek jasotzen dituen ikastetxearen gutuna erakutsiz: «Ikasleei eragin behar diegu, noski, baina baita irakasleei, gurasoei, azpiegiturei eta azkenik lurraldeari ere, bertako eragileekin lankidetzak bilatuz.» Lehen abiatutako lanetako bat, mugikortasunarena, proba gisa baliatu zen. «Recycl’Arte-ren laguntza izan genuen (OH: Hendaiako mugikortasun arinen aldeko elkartea) gure ibilbidea egituratzeko», dio zuzendariak.
Diagnostiko fase baten ondoren, ekintza-plan bat jarri zen martxan. Eskolak eta kolegioak 35 bizikleta erabili erosi zituzten eta konponketa-tailer bat instalatu zuten eraikinean; irakasleek prestakuntza jaso zuten ikasleekin bizikletaz ateraldiak antolatzeko, eta ikasleen artean mekanikari-erreferenteak laguntzen dituzte. Auto partekatzeko aplikazio bat ere martxan jarri zuten, eta mugikortasun-plan bat antolatu, gurasoak beren joan-etorri ohiturak aldatzera bultzatzeko. «Beti ideia horrekin: elkartu, mugimendu kolektibo bat sortu», azpimarratzen du arduradunak.

Iraultza komuneetan ere bai
Ikastetxeak ez du aurrez zehaztutako ibilbide-orri bat jarraitzen, ezta helburu zehatzik finkatzen ere. «Haize onarekin nabigatzen dugu», azaltzen du Philippe Bancon-ek. «Aukera bat agertzen den bakoitzean, gure praktikak zalantzan jartzen ditugu eta koherentziaz ahalik eta urrunen joaten saiatzen gara.»
Iaz, Saint-Vincent ikastetxe multzoak beste urrats bat egin zuen, komunen gaia zuzen-zuzenean jorratuz. «Gure ikastetxeetan ia inoiz pentsatzen ez den gai bat», dio Philippe Bancon-ek, eta berehala ikusi zuen komunen berritze-lanetan eraldaketa potentziala. «Urtero milaka litro ur alferrik galtzen ditugu, eta baliabide preziatu bat galdu.» Adour-Garonne Ur Agentziaren laguntzaz, urik gabeko pixaontziak eta komun lehorrak instalatu zituen, «baina prozedura berritzaile batekin. Ez da ezer ikusten, ezta usaintzen ere!», dio pozik, usainak kanpora bideratzen dituen haizagailua erakutsiz. Ikastetxea da Frantzian lehenengoa ikasleen gernua biltzeko sistema ezartzen. Hainbat hilabeteko esperimentazio baten ondoren, nesken komunean hasita, aurten sistema hori ikastetxeko gune guztietara zabaldu da, irakasleen komunak barne. Baina eraldaketa ez da hor bukatzen!

B.L.E elkartearen (OH: Ipar Euskal Herrian laborantza ekologikoa garatzen laguntzen duen elkartea) eta LEESU laborategi zientifikoaren laguntza teknikoari esker, Saint-Vincent ikastetxeak birziklatze-kate oso bat sortu du, Hendaian bertan ari den barazkigile batekin eta inguruko hiru herrirekin elkarlanean, ikasleen gernua ongarri gisa berrerabiltzeko. Philippe Bancon-en hitzetan: «Zirkuitu oso bertutetsua da! Laborarientzat produktu kimiko gutiago erosi behar izatea, ur aurrezpena, eta gainera, uraren arazketa-sistemetan tratamendu gutiago.» Irudimenik inoiz falta ez duen zuzendari ikusleak, etorkizunean, eredua beste eskola edo gune publiko batzuetara zabaltzea nahiko luke, eta sistema osoa kudeatzeko kooperatiba bat sortzea. «Ezartzea erraza da eta kostu ttipikoa.»
SVT irakasle den Imanol Rattinacanou ere proiektuaren aldeko da. Tresna hori erabiltzen du ur aurrezpenari, landareen elikadurari edo ur-inguruneen kalitateari buruzko ikasgaiak irudikatzeko. «Irakaskuntza-jarrera batzuk apurtzeko balio dit, eta ikasle akademiko gutiago direnentzat gauza zehatzagoetan oinarritzeko aukera ematen dit», azaltzen du irakasle gazteak. Dagoeneko datorren urterako itsas ateraldi bat antolatzea pentsatzen ari da, ikasleei itsas eremu babestu bat ezagutarazteko. «Beti saiatzen gara pedagogia bizipenekin lotzen. Haiek berez bihurtu behar dute ekohiritar.»
2025(e) ko azaroaren 7a
2025(e) ko urriaren 31a
2025(e) ko urriaren 31a