3. atala: Leïla Périé, aniztasunaren bila

Leïla Périé, ikertzaile gazte eta talentudunak, zelula ametatik egindako aurkikuntzengatik Frantziako Zientzia Ikerketa Zentroaren (CNRS) domina jaso duenak, aniztasuna indargune bihurtu du. Diziplina zientifikoak uztartuz, immunologiaren alorrean bide berria ireki du. Filosofia hori bere bizi pertsonalean ere aplikatzen du.

Eguneratzea:2025ko martxoaren 6a

Leïla Périé bere arloan ospetsua da. Duela urte batzuk Bidarteko Estia-ko campusean finkatu zen. Gaur egun, immunohematologian espezializatutako Curie Institutuko hamar ikerlariz osatutako talde bat urrunetik zuzentzen du. Goi-mailako funtzio bat, non bera bezalako emazteak, oraindik biziki guti diren. “Biologian, emazte doktoregai ainitz daude, baina gutik hori hautatzen dute lanbide bezala”, azaldu du zientzialariak. Saila guti baloratua da. Hasten denean, lanpostuak ez dira oso ongi ordainduak, ez da lan-segurtasunik eta lehia handia da”. Zure lekua egiteko, jarraikia izan behar da. Kalitate hori biziki goiz garatu zuen Leïlak. Eskolako ikasgeletan bertan, dislexikoa izateak bere ikaskideek baino ahalegin handiagoa egitera behartu zuen. Desberdintasunaren esperientzia lehen aldiz han bizi izan zuen ere.

Atzerritik ikusia

Ibilbidea “ikasle eredugarri” gisa egin ondoren, 2006an nekazaritza-ingeniari diploma lortu zuen. Baina oso azkar, ikasleak norabidea aldatu zuen. “Gustuko nuena ikerketa zen, osasun arloan lan egin nahi nuen”. 2009an, HIESaren birusari buruzko tesia aurkeztu zuen eta, ondotik, Herbehereetara joan zen, non odoleko zelulen funtzionamenduari buruzko lehen ikerketak hasi zituen. Gai hori bere ikerketa-arlo nagusi bihurtuko zen. Han, lan-baldintzak Parisko ohituren guztiz kontrakoak dira. “Arratsaldeko 5etan lan egiten nuen eraikina hutsik zen”.  Bizimodu honek bizi pertsonalaren eta profesionalaren arteko oreka zinez errazten du, eta gazteak damua du hori Frantzian aurkitzen ez duelako. Bost urteko egonaldiaren ondotik herrira itzulita, Frantziako Zientzia Ikerketa Zentroko (CNRS) lehiaketa gainditu eta ikerketa-unitate baten buru bilakatu zen, han esperimentuak jarraituz.

Aitortza goiztiarra 

Matematikarekiko, fisikarekiko eta informatikarekiko pasioz, diziplina ezberdinak uztartuz ikuspegi aitzindaria garatu du. Zelula amen funtzionamenduari buruz egindako aurkikuntzek iraultza ekarri dute arlo horretan. 40 urte bete gabe, ikertzaile talentudunak Frantziako Zientzia Ikerketa Zentroaren (CNRS) Brontzezko Domina lortu du. Aitzinamendu izugarria, berak zortedun gisa deskribatzen duena. “Leku egokian nengoen une egokian”, justifikatzen du, apaltasunez. Hasieran, laborategietako giroa adeitsua zen. “Emakume bakanetako bat nintzen, beraz, ondo zaintzen ninduten”. Baina mailaz igo ahala, giroa serioago bihurtu zen. “Erantzukizun maila jakin batera iritsita, gizonak baino ez dira inguruan”, deitoratzen du. Bere lekua aurkitzea zaila egiten zaion mikrokosmos bat. “Emazte gisa, beti dugu klubeko kide ez izatearen sentsazioa”.

Baina aniztasun falta ez da gizon-arteko giro horren arazo bakarra. “Zuzendaritza-postuak betetzen dituzten gizonak dira, halaber, ikerketa-gaiak hautatzen dituztenak. Eta, naturalki, haien intereseko gaietara jotzen dute”. Biologoa Ipar Euskal Herrian bizi da gaur egun, mutil-lagunarekin, eta duela guti bereziki interesatzen zaion ikerketa gai baten inguruan hasi da lanean: hilabetekoen zikloen azterketa. Bere gizon lankide gehienentzat gai bitxia, arazoa arrunta iruditzen zaielako. “Haientzat, ez da ere gai bat. Ez dakite emazteentzat zer erran nahi duen”.

Aniztasuna, ikerketaren motorra 

Zuzendaritza-eginbeharretan, taldeko arduradunak egunerokoan sexismoaren estereotipoen aurka borrokatzen du ere. Adibidez, emazte batek ibilbide-profesionala eten beharko duela derrigorrez haurrak hazteko pentsarazten dutenen aurka. “Bai, posible da, baina zergatik arazo bat izan behar litzateke emaztearentzat? Gizonak ere egoera berean egon daiteke eta denbora batez lana utzi haurretaz arduratzeko”, defendatzen du, gai hauetan askoz aurreratuago dagoen Erresuma Batuko gizartea adibidetzat hartuz. Talde batean ibilbide eta ikuspegi aniztasuna abantaila dela iruditzen zaio. “Denak molde berekoak badira, denek berdin pentsatzen eta funtzionatzen badute, ikerketa motelago aitzinatzen da. Emazteek beren burua ez zentsuratzea da garrantzitsuena”.

Nahasketa, besteei irekitasuna, bigarren jitea da espiritu aseezin honentzat. Dagoeneko eleaniztuna izanik, duela sei urte ekin zion euskarari, adopzio-lurra hobeki ulertzeko eta Hego Euskal Herriko auzoekin errazago lankidetzan aritzeko. Zientzialari gazteak Euskal Herrian sustraitu nahi luke, eta bere lanen eta ospearen bidez, lurraldeko ikerketaren garapenean lagundu.

Ikusi «martxoaren 8a: berinezko sabaia hausten duten emazteak» webseriearen atal guziak