2026an 10 urririkako ibilaldi mendi laguntzaile batekin
2026(e) ko urtarrilaren 19a
Tremplins Sport Santé izeneko programa duela lau urte ezarri zuen martxan Maison Sport Santé Pays Basque Adour elkarteak. Ariketa fisikoa bultzatuz, elkarteak nahi du bikotekide indarkeriaren biktimek trauma gainditzeko ahala izan dezaten.
Eguneratzea:2025(e) ko abenduaren 10a
Urte anitzez beren bikotekide ohiaren menpe bizi izan ziren, eta, gaur egun, nahigabe horretatik sendatzen saiatzen dira. Berreraikitzen laguntzeko, Maison Sport Santé Pays Basque Adour elkarteak (erredakzioaren oharra: kiroletik urrun dauden pertsonentzat kirolaren praktika bultzatzea helburu duen elkartea) neurrira egindako osasun programa bat moldatu du: Tremplins Sport Santé.

Kirola nahieran
COVID-19aren garai betean sortu zen proiektua. «Konfinamenduarekin, bikote arazoen eta urririkako telefono zenbakirako deien gorakadak izan ziren», Nicolas Guillet zuzendariak azaldu duenez. «Euskal Kostaldeko Ospitaleko Biktimologia Unitateak, etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeak hartzen dituenak, ez zuen horrelako baliabiderik proposatzen. Orduan, harekin batera sortu genuen». Baina, hasiera uste baino zailagoa izan zen. «Jende anitzek engaiamendua hartzen zuen, baina, gero, ez zen hitzorduetara etortzen. Eta uler daiteke. Izan ere, jende horiek eguneroko bizi konplikatua izan ohi dute, eta kirola ez da haien lehentasuna». Integrazioa errazteko, antolatzaileek sistema malgutu dute, nahierako formula bat proposatuz, aukeran, haurrekin parteka daitezkeen egun erdiko aurkikuntzako jarduerak, saio batzuetako ikasketa zikloak edo urteko hari gorriak dituena. Arratsez ere denbora tarteak ireki dituzte. «Garrantzitsuena da lehen klasera erakartzea. Behin dastatuz gero, gustu hartzen diote, eta itzuli nahi izaten dute».
Epaitua izan gabe praktikatzea
Hori da Laëtitiaren kasua. Duela bi urte sartu zen programan, eta jadaneko probatu ditu zalditerapia, surfa eta yoga. Astearte goiz honetan, Angeluko gimnasio ttipi batean, boxeo-emozioa probatzera jin da. Garai bateko biziak marka fisiko eta psikologikoak utzi dizkio. Fibromialgia du eta ezin du lanik egin. Ikastaro horiek urrats ttipiak dira berreraikuntza-prozesuan. «Jarduera horiei esker, pixkanaka konfiantza berreskuratu dut ene baitan. Ene burua hobeki ezagutzen eta ene gorputza ulertzen ikasi dut!». Kirola praktikatzeaz haratago, sororitate forma bat ere aurkitu du hor. «Istorio berdinak bizi izan dituzten pertsonak ezagutzen dira, eta on egiten du bakartua ez sentitzeak. Hemen nehork ez gaitu epaitzen».
Bere ondoan, gelan, Astridek baliabidea ezagutu berri du. «Etortzeko lehiaz nengoen», azaldu du bere haurraren zaintza-eskubidea aitor diezaioten eta indarkeria psikologikoa leporatzen dion senar ohiarengandik urrun dezaten borrokan ari den ama gazteak. Anitz aipatu du egoera hori, baina haserre segitzen du oraindik, eta ezin izan du kolera hori hustu. Boxeo-zakua indar handiz jotzen du. Pixkanaka, bizkarreko eta lepo-gibeleko minak desagertzen ari zaizkio. «Normalean hitzekin borrokatzen naiz; hor, on egiten du ukabilekin borrokatzeak».

Haiek bezala, jadaneko 130 emakume dira esperimentazio horretan parte hartu dutenak. Maison Sport Santék osorik finantzatutako 12 hilabeteko laguntzaren ondotik, hautagai gehienek adierazi dute jarduera fisikoak ondorio onuragarriak dituela autoestimuan eta antsietate- edo depresio-nahasteetan. Batzuek urratsa ere eman dute, eta klub edo kiroldegiren batean izena eman dute. «Hori da programaren helburua: nor bere buruaren nagusi izanik ibiltzea», nabarmendu du Nicolas Guillet-ek. Frantziako Fundazioaren laguntzari esker, iaz baliabidea zabaldu zitzaien etxeko indarkeriaren biktima diren adingabeei. «Laguntza zehatz bat eraiki nahi dugu publiko horrekin», erranez bururatu du, eta oroitarazi du sufritzen ari den edonor jar daitekeela elkartearekin harremanetan.
2026(e) ko urtarrilaren 19a
2026(e) ko urtarrilaren 01etik 2026(e) ko abenduaren 31ra
2026(e) ko urtarrilaren 9a