3. atala - Zero artifizialtze garbi: soiltasun adimentsua irudikatu behar

2023ko abenduaren 13an, Zero Artifizialtze Garbiaren (ZAG-ZAN) inguruko solasaldi handi batek euskal hautetsiak, hirigileak, adituak eta laguntza alokatzaileak bildu zituen Baionan. Elkarrekin partekatu zituzten egiaztapenak, kezkak eta aterabideak lurra babestu eta bizitzeko maneren berrasmatzeko. Hona hemen lurraldearen etorkizunerako etapa erabakiorra seinalatu duen jardunaldi baten emaitza.

Eguneratzea:2025ko uztailaren 2a

Euskal hiri eta herriek lur funtsen soiltasun eredugarriaren ondarea dakarte berekin. Halarik ere, mende bat baino denbora laburragoan, hirien hedapenak hankaz gora jarri du oreka hori. Kopuru erranguratsua dugu honako hau: hektareako 8 bizitegi baino gutxiagoko eragiketak ditugu lekuen kontsumoaren % 51ren eragileak, bizitegien % 19 besterik sortzen ez badituzte ere.

Etxetxoa- autoa- merkataritza gunea eredua

Fenomeno hori 1970. urteetatik goiti garatu den antolaketa ereduaren ondorioa da: etxetxoa-merkataritza gunea-autoa hirukotea publizitateak bultzatu zuen eta gure iruditeria moldatu du, aitzinamenduaz dugun ideia gauzatu du eta iraunkorki aldatu ditu gure usteak. Halatan, familia anitzek hautatu dute banakako etxeetan kokatzea, maiz hiri barneetatik urrun. Erosketen egiteko, eskolara edota lanera joateko, baitezpadakoa bihurtu zaie autoa; hurbileko saltegien ordez kanpoaldeetan kokaturiko merkataritza gune zabalak sortu dira, eta herri barneak bizitza galtzen joan dira pixkanaka. Bizimodu hori aisetasuna eta lekua emateko pentsatua zen, baina eragin kaltegarri anitz ekarri du ere: laborantza eta natura lurren kontsumo handia, berotegi efektuko gasen isurpenen emendatzea, lekualdaketen areagotzea, bai eta jendeen arteko atsegin giroa eta animazioa galtzea herrietan.

Trinkotzea, hobe bizitzeko

Horiek horrela, trinkotze adimentsua ageri zaigu etorkizunerako aterabide gisa. Trinkotzea ez da metatzea, baizik eta dauden lekuak hobe erabiltzea: hutsik diren bizitegiak berritzea, erabiltzen ez diren eraikinak bizileku edo partekaturiko leku bihurtzea, eta erabileren mistotasuna bultzatzea...Jean-René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariak solasaldiaren irekitze ekitaldian gogora ekarri zuen bezala: «ZAG-ZAN hori hertsagarri bada ere, aukerak ematen ditu. Bioaniztasuna eta gure laborantza lurrak hobe babesteko aukera ematen digu, biztanleak zerbitzuetatik, saltegietatik eta eskoletatik hurbilago kokatzeko, egunero autoz egin beharreko lekualdaketak mugatzeko eta herri-barneei berriz bizitza ekartzeko aukera ere. Kalitatezko leku publikoak sortzera bultzatzen du ere, zeinetan herritarrak elkar bailitezke, elkarrekin lotu eta beren haurren ondoan elkarrekin izan, Euskal Hegoaldeko gure auzoek egiten duten bezala.»

Tokiko jardueren adibide jakin batzuk

«Biharko Hiri Txikiak» programan engaiaturik diren hainbat herri jadanik ari dira asmo horiek ekintza zehatzak bilakatzen. Maule-Lextarren, hiri behereko herri eskolaren funtzio bizitegi zirenak berritu eta bizitegi lagunduak dira orain. Hendaian, Errepublika plaza zentraltasun lasai eta helgarria faboratzeko gisan erabat birpentsatu da. Hazparnen, igogailu berri batek herri barnera heltzea erraztuko du eta, hartara, herri-barnean auto gutxiago izan litezke. Hego Euskal Herrian leku anitzetan dagoen hornikuntza horrek erakutsi du topografia gaitza duten herri-barneen bizitasuna sostengatzeko balio duela. Donapaleun, merkataritza ehuna izan da protagonista, «Herri barneko ene saltegia» ekitaldia antolatuz, tokiko saltegiak sostengatzeko eta hutsik diren lekuak berriz ere erabiltzeko. Donibane Garazin, lehengo esnetegia France Services etxea da orain, eta horrek administrazio zerbitzuak eskurago ematen ditu. Hautetsiek daramatzaten eta biztanleekin batera asmaturiko proiektu horiek erakusten digute hautaturiko trinkotze, kalitatezko eta bizia egi izan litekeela. Nonahi delarik ere, helburua bera da: dagoenarekin hobe egin, erabilitako lur eremua mugatu eta jendeen arteko atsegin giroa areagotzea.

Lurralde aitzindaria, etorkizunari buruz doana

Martine Bisauta, ekologia trantsizioaren ardura duen lehendakariordeak araudiaz haratago joatera gonbidatzen gaitu: «Soiltasunaren betebeharra proiektu ororen betebeharra bihur liteke, Euskal Herri erresiliente eta bizigarria xede.» Bruno Carrère, plangintzaren ardura duen lehendakariordearen ustetan, urraspidea tokiko egoeren berezitasunetara egokitu behar da: «Ez da ZAG-ZAN bat behar, baizik eta hainbat ZAG-ZAN, legea eta gogoetak kasu berezi bakoitzera egokitzeko.»

Solasek aitzin egin ahala, uste sendo bat agertu da: lurretan soilki jokatzea ez da balazta, ez da traba, baizik eta bizilekua berrasmatzeko, natura eta laborantza ondarea babesteko eta gizarte lotura azkartzeko giltza. Ipar Euskal Herria, lanean ari diren hautetsiei eta engaiaturiko biztanleei esker, bizitzeko manera berria marrazten ari den lurralde aitzindari gisa ageri zaigu: soilago, hurbilago, iraunkorragoa. Baionako solasaldiak gako den etapa markatu du bide horretan.

LuKE berri bat etorkizun soilago baterako

Publikoak gutxi ezagutzen badu ere, «Euskal Herria eta Seignanx» LuKE (Lurralde Koherentziarako Eskema) berria, dokumentu estrategikoa zaigu Euskal Herriaren etorkizunerako. Berak ditu heldu diren 25 urteotako antolakuntza politikaren lerro nagusiak ezartzen. Aldi berean ematen dizkigu etorkizun den garapenaren ikusmira orokorra, filosofia orokor bat, bai eta etorkizuneko hirigintza agiriek bete beharko dituzten agindu zehatzak ere. Batera diren 166 herrietako hautetsiekin eta gizarte zibilaren ordezkariekin elkar adituz sei urte eman ondoren, argi da zein xede eman zaion Ipar Euskal Herriaren antolakuntzari: soiltasuna. Laburki erranik, gutxiagorekin hobe egitea. Nola? Lehenik, lurraldearen erakargarritasuna eta joera demografikoa kontrolatuz, jadanik artifizialdurik diren aldeetan bestela eraikiz (lur alperrik utziak, gutxiegi erabiliriko bizitegiak) natura eta laborantza lurrak gutxiago kontsumitzeko, lurralde osoan zehar banaturiko hiri txiki bizien sarea sortuz, non zerbitzu publiko hurbilak izanen baitira, pendulu lekualdatzerik egin behar ez izateko. Elikaduran edota energian autonomia areagotzea, tokiko energia berriztagarrien bidez, eta ekonomia garapen iraunkor eta orekatua bultzatzea, jarduera bizi arroka espezialduz, enpresak itsas aldean bakarrik bil ez daitezen. Azkenik, etorkizuneko arriskuetara egokitzea, gure natura baliabideak zainduz, gure bizilekuak klima gorabeheretara egokituz eta jende xeheenak sostengatuz, beraiek baitira klima aldaketaren eraginek gehien jotzen dituztenak. Iragan urtarrilean onartu zen LuKE berria eta uda honetan elkar aditze prozesua irekiko da, jendeen galdeketa publikoaren fasean, udazkenean testuak behin betiko onartu aitzin.