Mugazgaindiko 3. topaketak otsailaren 12an : « Mugaz gaindikoa : lurraldeen ahotsa/bidea? »

Irailaren 5 honetan, asteazkenez, Joseba Erremundeguy, Euskal Elkargoko Mugaz gaindiko, Europako eta nazioarteko lankidetzen Kontseilari ordezkariak, Mugaz gaindiko topaketen hirugarren edizioa aurkeztu du. 2025eko otsailaren 12an iraganen da, Baionako Michel Portal antzokian. Mugaz gaindiko lankidetzarako funtsezkoa den ekitaldi honek, “Mugaz gaindikoa : Lurraldeen ahotsa/bidea?” gaitzat harturik, mugaz gaindiko eremuen erronka eta aukerak aztertuko ditu europar eraikuntzaren bidean.

Eguneratzea:2025ko otsailaren 6a

Mugaz gaindiko topaketen hirugarren edizioa otsailaren 12an iraganen da eta 10etan abiatuko da Jean-René Etchegaray, Euskal Elkargoko Lehendakariaren eta Imanol Pradales, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakariaren hitz-hartzeekin. Hiru mahai-inguru aurreikusiak dira mugaz gaindiko lurraldeen erronkez eztabaidatzeko.

Lehen mahai-ingurua – Deszentralizazio gehiago Europa gehiagorentzat (10:30)

Lurraldeko instituzio nagusien arduradunak batuko dira eguneko lehen mahai-inguruan. Mugaz gaindiko lurraldeak herritarrekiko deszentralizazio eta lekukotasun ereduak izan ote daitezke ? Politika eta finantza arloko zein baliabide herritarren galdeei erantzuteko?

Mahai-inguruan elkartuko dira :

  • Jean-René ETCHEGARAY, Baionako auzapeza, Euskal Hirigune Elkargoko Lehendakaria
  • Imanol PRADALES, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakaria
  • Alain ROUSSET, Akitania Berria Eskualde Kontseiluko Lehendakaria
  • Eider MENDOZA, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia
  • Jean-Jacques LASSERRE, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko Lehendakaria
  • Ana OLLO HUALDE, Bigarren Lehendakariordea eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako ministroa

Mahai-ingurua Alain Lamassoure, Frantziako europar gaietako eta aurrekontu ministro ohia, diputatu eta europar diputatu ohia. 

Ohorezko gonbidatu bat : Miren Arzalluz

11:45etan, egunak Miren Arzalluz ohoratuko du. Berriki Bilboko Guggenheim museoaren zuzendari gisa hautatua izateak, europar ibilbide eredugarri bati txapela dakarkio eta Euskal Herrira, bere sorterrira, itzultzea. Kontserbatzaile eta artearen historialari, Miren ARZALLUZ Deustoko Unibertsitateko diplomaduna da, bai eta London School of Economics eta Londreseko Courland Institute of Art-ekoa ere. 2006tik 2016ra, Getariako Cristobal Balenciaga museoa gidatu zuen. Ondotik, Pariseko Galliera Jauregiko zuzendari bilakatu zen 2018an. Modaren historia ahalik eta jende gehienaren eskura emateko lan egin du bertan. Europa eta nazioarteko lankidetzek zedarritu du bere ibilbidea. 

Arratsaldeko eztabaidak, Joseba Erremundeguy-k berak eta Jose Maria Aierdi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak idekiko dituzte, hala muga komun bat partekatzen duten bi instituzio hauen arteko lankidetzaren garrantzia balioetsiz.

2. Mahai-ingurua – Zein dira mugaz gaindiko lankidetzarako tresnak mendi gune bizi baterako? (14:30)

Mendiguneak, sarri muga naturalak, eremu aberats bezain zaurgarriak dira. Nola indartu herritarren arteko elkarlana garapen orekatu bat bermatzeko, ingurumenaren errespetua eta erronka ekonomikoak uztartuko gai izango dena ?

Ondoko hauek parte hartuko dute:

  • Guillaume Corradino, Euromontanako zuzendaria
  • Olivier Baudelet, DG REGIO, Europar Batzordea
  • Aitor Elexpuru, Berako alkatea
  • Rosa-Maria Canals, agronomoa eta biosferan aditua, Nafarroako Unibertsitate Publikoan
  • Battit Laborde, Euskal Mendia Eskualdeko Natur Parkearen Lehendakaria
  • Arantxa Arregui, Doneztebeko auzapeza, Nafarroa, Cederna GARALUR ekintza- taldearen Lehendakaria
  • Matthieu Cruège, Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Ariègeko Pirinioetako EPN-eko Sindikatu Mistoa
  • Nathalie Marajo Guthmuller, Iparraldeko Vosgeetako EPNaren Lehendakaria edo bere ordezkaria

3. Mahai-ingurua – Iruñea, Donostia, Baiona, Bilbo eta Gasteiz: zer eredu gure bestetarako? (15:45)

Festa herrikoak, Baionako bestek edo Iruñeako San Ferminek bezala, urte guziz milaka jende erakartzen dute. Zer bilakaera izan dezakete ekitaldi hauek gizartearen eraldaketa islatzeko, berezko egiten dituena atxikiz ?

Parte-hartzaileen artean:

  • Joseba Asiron, Iruñako Auzapeza
  • Eneko Goia, Donostiako Auzapeza
  • Jean-René Etchegaray, Baionako Auzapeza
  • Maider Etxebarria, Gasteizko Auzapeza
  • Juan María Aburto, Bilboko Auzapeza

Pentsaketa momentu hau Philippe Steiner, Sorbonne Unibertsitateko soziologo emeritu eta Besta egin: Alaitasunaren soziologia liburuaren egileak abiatuko du.

Itxiera ederra

Eguna Iparraldeko zein Euskadi eta Nafarroako dantzariek proposatu ikusgarri batekin bukatuko da. Bilaka kolektiboaren errepertorioa eta beste lurralde ezberdinak lotzen dituzten dantza herrikoiak erakutsiko dituzte.

Elkarrizketa toki bat, proiektuen oinarri

Joseba Erremundeguy-k “Hego Euskal Herriko auzoekin behin eta berriz lan egiteko borondate azkarra” azpimarratu du. Era berean balioetsi du “mugaz gaindi eta Europan ditugun erronka haundiei heltzeko dugun maila goreneko elkarrizketa politikorako eremu hau lurraldeko eragileen arteko proiektuen abiapuntu ere bada”.  Abian diren hainbat proiektu, ur gaien inguruko POCTEFA egitasmoak edo Euskal Sagarnoaren jatorri ezagupenaren inguruko lanketa dira adibide onenak.

Informazio praktikoak

Data: 2025eko otsailaren 12a, asteazkena
Lekua: Michel Portal Antzokia, Baiona
Ordutegia: 9:00 – 17:00