4. atala – Agertokira igaten dira, aurreiritziak gainditzeko

Amaia Hennebutte taula zuzendariak gidaturik, beren ikuskizun propioa sortu dute ahalmen urritasuna edo buruko oinazea duten pertsona batzuek. Senperen azken emanaldi bat eskaini dute. Sakonki kanbiatu dituen esperientzia baten epilogoa.

Eguneratzea:2025(e) ko abenduaren 12a

Ikuskizun honek haien arazoetatik libratzeko bidea ematen die. Askatasun-eremu honetan, kontatzen dituzte beren bizi-ibilbide gorabeheratsuak, ahalmen urritasunaren zailtasunak eta jendarteak haiei eskaintzen dizkien behako eta iritzi ez beti onberak. Batzuek buruko eritasunak dituzte eta depresioa pairatzen dute, eta beste batzuek, aldiz, bizi-istripu baten ondorioz edo sortzetikako ahalmen urritasun baten ondorioz, ibiltzeko, mugitzeko edo hitz egiteko zailtasunak dituzte.

Ahoz aho sortutako talde bat

Astelehen arratsalde honetan, Senperen, gela mukuru bete batean, haien ikuskizuna azken aldiz emanen dute. «Pixka bat ustekabean, topaketen arabera» hasi zen kasik bi urteko abentura baten bururapena izanen da, Amaia Hennebutte haren abiarazleak kontatu duenez. Kiribil konpainiaren buru, euskal eszena artistikoaren figura horrek urte asko daramatza kulturatik urrun dauden publikoekin lanean. «2023an, Kiribilek tailerrak ematen zituen aste guziez Baionako Cafécito gunean, buru nahasmendua edo isolamendua pairatzen duten pertsonak laguntzen dituen kafetegi inklusiboan. Denetarik egiten genuen: arte plastikoak, antzerkia, gorputz adierazpena, dantza eta abar». Denbora joan arau, talde ttipi bat sortu zen proiektuaren inguruan, eta gustua hartu zion ariketari. «Ausartzen ari ziren, eta gero eta konfiantza handiagoa zuten haien baitan. Hala sortu zen Har-Eman muntatzeko gogoa». Ikuskizuna, lehenik, aire librean antzeztu zen Baionan, eta, gero, agertokira egokitu zen, Miarritzen eta Senperen.

Etorkizuneko Artus

Emanaldia konpainiaren irudikoa da: ñabarra, irrigarria, engaiatua, sentikorra. Nahas-mahas artistiko bat, non bakoitza bere gisara adierazten baita, poesiaren, umorearen, mimoaren, dantzaren, musikaren edo kantuaren bidez, hari nagusi baten inguruan: «Gaia? Lotura. Elkarri lotzen gaituen loturarena, baina baita oztopatzen gaituen loturarena ere», deskribatu du Amaia Hennebuttek.Tristanen ustez, Har-Eman abentura berpizte bat izan da. Malformazio baten ondorioz 16 urterekin burmuinetik operatua izan zen hogeita hamar urteko gazteak bere ibilbidea eta bere eguneroko biziko zailtasunak kontatzen ditu bakarkako ikuskizun zorrotz batean, bere idoloak diren «Artus edo Jérémy Ferrari bezala». Agertokiak konfiantza berriz eman dio, eta, orain, Hexagono osoan aretoak bakarrik betetzea du amets. «Agian Olinpia ez, baina kasik!».

Yvonnek, aldiz, jendeak ahalmen urritasunari eskaintzen dion behakoa kanbiatzen ikusi nahi luke. Minbizia du, eta bermagailu batekin bizi da, batzuetan ulertzen ez dituen trufak egiteko aitzakia den objektu bat. Taula gainean, dantzan, mugitzen eta abesten aritzen da, sufriarazten duen gorputz horretaz berriz jabetzeko eta besteak bezain gai dela erakusteko. «Egiazko bizian, gurutzatzen ditudan pertsonek beltzuri egiten dute. Hemendik, irriñoarekin ateratzen dira», dio kontent hirurogei urteko emakumeak. Pixka bat beldur da geroaz, talde ttipia bereiziko den egunaz. Gustatuko litzaioke bulebar-antzerkia edo dantza egiten segitzea, «baina hemen bezalako leku onbera batean».

Elkarrekin bizi izan duten esperientziak «artearen botere eraldatzailea» erakusten du, Amaia Hennebuttek dioenez. «Haurra, zaharra, gaixoa edo dena delakoa izanik ere, nork bere arima sortzailea adieraztera uzten duelarik, horrek hobeki sentitzen laguntzen digu». Sortuberriekin edo errefuxiatuekin bezala, zeinekin lan egiteko aukera izan baitu, «bihotzetik bihotzerako» mintzaira hori gustatzen zaio, baina baita haien sormen eroa ere, «gizarteak inposatzen dizkigun irazki eta trabarik gabe». Oihala berriz hetsi ondoan, bere kuttunei erne egoten segituko du, sortu duten harreman baliotsu hori gal ez dezaten. Heldu den martxoan, aste batez berriz bilduko dira, Senpereko Arretxea kolegioko ikasleekin ikuskizun inklusibo bat irudikatzeko. Artea lotura bide gisa harturik, beti.

Ikusi webserieko atal guziak