Mugaz gaindiko Uda Ikastaroetarako izen-emate epea zabalik
2025ko ekainaren 10a

Flash info
Orrialde batzuk ez dira oraindik osoki itzuliak. Webgunea laster osoki euskaratua izanen da.
Ranka Bijeljac-Babic psikolinguistak elebitasunaren onurak ezagutaraztea eta bi kultura izatearen aberastasuna balioan jartzea du xede, haurtzarotik hasita. INCC zentroko (Neurozientzia Integratibo eta Kognitiboen Zentroa) kide da, baita CNRS eta Paris Cité Unibertsitatekoa ere. "Bilingues et plus" elkarteko lehendakaria da eta erreferentziazko hainbat lanen egilea.
Eguneratzea:2025ko maiatzaren 15a
Frantzian, herritarren %20 eta %40 artean dira frantsesaz gain dira beste hizkuntza bat erabiltzen dutenak. Eta haurren kasuan, elebidunak direnean, nola izaten da?
Elebidun diren haurrak hizkuntza, mintzaira eta soinu ingurune konplexuago batean sartzen dira, elebakarrak diren haurren ingurunearekin alderatuta. Baina horrek ez du erran nahi haurrek ez dituztenik bi hizkuntzak ongi menperatzen, erritmo berean.
Gurasoek beren ama-hizkuntza transmititzen segitzen badute, eta haurrak bi hizkuntzetara jartzen badituzte, elebidun diren haurrek denbora gutxian hasten dira bi hizkuntzetan adierazten.
Hizkuntza batetik bestera pasatze horri esker, haur hauek goizago garatzen dituzte arreta-gaitasunak. Errazago atzematen dituzte aldaketak, eta hizkuntzak ez nahasteko prozesu mental eta zerebralen jabe dira. Arretatsuagoak dira, ia-ia biziraupen kontua baita haientzat: jakitea nor ari zaien, zein hizkuntzatan, eta nola erantzun estimulazio horiei guztiei.
Zure liburuan, L’enfant bilingue, de la petite enfance à l’école, galdetzen duzu: eta baldin eta haurtzaroko elebitasuna gaitasun kognitiboen garapenerako abantaila nagusi bat balitz?
Elebidun diren haurrek abantaila metalinguistikoak eskuratzen dituzte errazago: oso goizik, haurrek hizkuntza-kontzientzia bat garatzen dute. Pentsatzen dute beren hizkuntzei buruz, eta horien arteko konparaketak egiten dituzte, modu espontaneo eta inkontzientean. Hirugarren hizkuntza bat ikasteko ere idekiagoak dira.
Errepikatzen dut: elebitasuna haurrarentzat ongi bizitakoa bada, eta inguruneak estimulatzen badu, emaitza akademikoak hobeak dira, eta gaitasun gehiago garatzen dira. Bestela, emaitzak ez dira berak.
Garrantzitsua da gurasoek ahal duten luzeen beren ama-hizkuntza, familia-hizkuntza, transmititzen segitzea. Immigrazio-hizkuntzentzat balio duen bezala, eskualdeko hizkuntzentzat ere balio du. Zuek hobeki dakizue, Euskal Herrian: gurasoek transmisioa etengo balute, eta eskoletan ez balitz jarraipenik emanen, hizkuntza galduko litzateke betiko.
Elebiduntasunaren, eta baita eleaniztasunaren onurak, bizitzako adin guzietan atzematen ahal dira?
Elebidunek goizago garatzen ahal dituzte funtzio exekutiboak, hau da, inguruneak dakartzan informazio askotarikoen artean arreta, hautaketa eta inhibizioa kudeatzeko gaitasunak.
Adibidez, elebidun diren haurrek abantaila kognitibo horiek beste irakasgai batzuetan baliatzen ahal dituzte.
Eskola elebidunetan —Bretainian ezagutzen ditudanak aipatzen ditut, baina ziur Euskal Herrian ere hala dela—, emaitzak sarritan hobeak izaten dira. Nolanahi ere, testuinguru sozioekonomikoa da funtsezkoa eskolako arrakasta azaltzeko.
Adin aurreratuagoan, elebidun diren adinekoetan, gaixotasun neurodegeneratiboen agerpena atzeratzen da. Beti bi hizkuntza arteko “gimnastika” horri esker. Horri esker, garuna beti aktibo egoten da.
Beraz, bi hizkuntza edo gehiago hitz egiteak onura ekar dezake osasunarentzat, eta bereziki memoriarentzat. Zenbait ikerketak erakutsi dute elebitasunak dementzia mota batzuk atzeratzen dituela.
Onurak beraz askotarikoak dira: hizkuntzazkoak, kulturalak, kognitiboak, psikologikoak?
Elebidun batentzat, hizkuntza handietako edo hizkuntza gutxituetako hiztuna izanik ere, bi hizkuntzen jabe izatea oso garrantzitsua da. Aberastasun pertsonala da, bai maila kulturalean, identitate mailan, bai kognitiboan...
Horrez gain, irekitasuna eta besteekiko tolerantzia erakusten du, eta hirugarren hizkuntza baten ikasketa askoz errazagoa izaten da.
Elebidunek harreman askeagoa dute hizkuntza baten ikaskuntza ez-perfektuarekin: errazago onartzen dute akatsak egitea, denbora hartzea…
Nola integratu hobeki gaur egungo hezkuntza sisteman hizkuntza bat baino gehiago dituzten haurren gaitasunak eta ezagutzak?
Gai hori jorratu dugu Hezkuntza Nazionaleko Aholku Zientifikorako Kontseiluarentzat egindako gure ikerketan. Proposamenak egin genituen haurren ama-hizkuntzetatik abiatuta frantsesa irakasteko.
Eta irakasleak nola lagundu hizkuntza-aniztasun hori mantentzen, haurrentzat eta beren gelakideentzat onura pedagogiko nabarmenak ekarriko dituen ikuspegia lantzeko.
Gela eleaniztunak hezkuntzarako eta elkarrekin bizitzeko tresna dira. Frantzian, Hezkuntza Nazionalak gero eta gehiago kontuan hartzen du ikasleen hizkuntza-aniztasuna eta balioan jartzen ditu ekimenak, hala nola Hizkuntzen Astea.
Horrelako ekimen inklusiboek izan behar lukete politika hezitzaile eta kulturalen lehentasuna, eskola demokratiko batean integrazio zoriontsua sustatzeko.
Zertarako balio du Hizkuntzen Asteak? Antzekotasunik ba al du Euskal Herrian Euskaraldiaren bidez egiten den euskararen sozializazioarekin?
Bilingues et plus elkarteak abiarazitako Hizkuntzen Astearen helburua Frantzian eskoletan mintzatzen diren hizkuntzak balioan jartzea da, gurasoak ere parte hartzera gonbidatuz. Helburua da haurrek jakitea zein hizkuntza mintzatzen diren beren gelan.
Eskola batzuetan, hogei eta hamar hizkuntza artean mintzatzen dira haurren etxeetan. Ezin dugu hizkuntza-aniztasun hori baztertu. Eta ezin zaie familia horiei eskatu beren hizkuntza ahanztea. Euskal Herrian ere ari zarete borrokan hizkuntzak bizirik segi dezan.
Irakasleentzat interesgarria bada, gure elkarteak gida bat argitaratu du bere webgunean, hizkuntza horiek guztien balioa nabarmendu eta frantsesarekin batera ikusarazteko.
Ranka Bijeljac-Babic, frantsesez eta serbokroazieraz elebiduna, psikolinguista da, INCC (Neurona eta Kognizio Integratiboen Zentroa), CNRS eta Paris Cité Unibertsitateko kidea. Bilingues et plus elkarteko lehendakaria da eta erreferentziazko hainbat lanen egilea, besteak beste L’enfant bilingue, de la petite enfance à l’école (Jacob argitaletxea). Nathalie Auger-ekin batera, Frantziako Hezkuntza Nazionaleko Aholku Zientifikorako Kontseiluarentzat idatzi du: Avoir deux langues et plus à l’école maternelle et élémentaire.
2025ko ekainaren 10a
2025ko maiatzaren 27a
2025ko maiatzaren 15a