4. atala – Hirugarren adina, partekatuz bizitzea

Gurekin elkartea Euskal Herrian adinekoentzako bizileku gizarteratzaileak garatzen aritzen da. Adineko pertsonen bakardadea hautsi eta jardunean manten daitezen laguntzeko aterabidea da. Ahurtin ireki zuen lehen etxeko bizikideek beren bizi berria kontatzen digute.

Eguneratzea:2025ko uztailaren 3a

Bakarrik zahartzea, gutxiegi haientzat! 78 eta 82 urterekin, Jipé-k eta Vivou-k -beren buruak izendatzen duten bezala- taldean bizitzeko hautua egin dute. Orain dela sei hilabete beren lehengo bizilekua utz eta Ahurtira aldatu dira, Ipar Euskal Herriko adinekoentzako lehen etxe partekatura.

Zahar etxeaz bestelakoa

Annabelle Pachon Trouche, Biarritzeko Maria Pia gizarte zentroan animatzaile ariturikoa dugu proiektuaren jatorrian. 2018an, Gurekin elkartea sortu zuen, adinekoak elkarrekin bizi eta, aldi berean, beren independentzia atxikitzeko aukera emanen luketen bizilekuak eraikitzeko asmoarekin. «Ez da zahar etxe bat. Bertan bizi diren guztiak autonomo edo erdi autonomoak dira, zehaztu du Xabi Landart elkarteburuak. Baina hona ez da bizitegia ukaiteko bakarrik etortzen.» «Elkarbizitza» dugu Gurekin elkartearen urraspidearen oinarrian. Hor biziko direnak proiektuaren sortze beretik dira hor aritzen; «beren izaerara egokitzen zaizkien etxeak dira, zeinetan beren etxean sentitzen baitira», azaldu du Xabi Landart elkarteburuak. Bi urte luzez, esperimentazioan parte hartzen dutenek beren bizileku gustukoenaz gogoetatu ahal izan dute, beren apartamenduen antolaketa asmatu eta guztientzako bizi arauak idatzi eta liburu lodi batean ezarri dituzte, beren «Gizarte Bizitza Partekaturako Proiektua» delakoan. «Guztioi elkar ezagutzen ikasi eta elkarrekin nola bizi nahi genuen adosteko aukera eman digu horrek», kontatu digu Vivou-k.

Familia berria

Jeanne etxean, egoiliar bakoitzak bere apartamendu berea du. T2 moderno eta funtzionalak, non bere kasa bizi daitezke. Egunerokoa bakoitzaren erritmoaren begira egiten da. Ez da apairuetarako edo senideen bisitetarako ordutegi finkorik. Hor bizi direnak bere gisara ibil daitezke hara eta hona. «Gehienetan, goizetan elkartu ohi gara, kafea hartzen, dio Jipé-k, elkarrekin sukaldatzeko, arropa garbitzeko, telebista ikusteko edo, besterik gabean, solasean aritzeko duten gela handia erakutsiz. Geure bizitzak elkarri kontatzen dizkiegu, zernahitaz mintzo gara» Vivou, senarra hil zitzaionetik, bakarrik bizi zen Biarritzeko etxe batean eta inguruaren erabateko aldaketa zaio hau. «Han ez nuen norekin konta. Hemen, segur sentitzen naiz.» Bizikide berriekin, senitartetxo bat sortu du, «bere haurridegoa», berak dioenez. Jipé-k gaineratu du: «Elkarri adi gara denok, arras laguntzen dugu elkar!»

Ongi zahartzea bultzatzea

Bertan diren elkartearen hiru langileekin batera, hamar egoiliarrek hilean bi parte hartze bidezko lantegietan bildu eta jardueren plangintza egiten dute. «Ahal beste eginarazten diegu, luze manten daitezen autonomo eta duinki zahartu daitezen», azaldu du Xabi Landartek. Sukaldaritza lantegia, merkatura joatea, ganbera husteak, baratzea...ez da ideia falta. «Lehengo astean, auzotar guztiak joko jardunaldi batera gonbidatu genituen. Ederra izan zen! Elkar hobe ezagutzen ikasi dugu», kontatu du Jipé-k. Jakinminez diren bisitariei, poz-pozik zabaltzen die beti beren «eredu etxearen» atea. Ez luke ezerengatik ere bizitzaz aldatuko. «Hemen ‘the place to be’ dugu, irudikatu nuena baino hobea da!» COL laguntza alokatzaileari esker, «berehala lotu baitzen gure ideiara», azpimarratu du Xabi Landartek, alokairuen prezioak oso egokiak dira, hilean 550 eta 1140 euro artekoak onuradunen diru sarrera mailen arabera. Zahar etxean baino hiru aldiz merkeagoa da hori, eguneroko gastu arruntak (elikagaiak, artamenduak) barne ez badira ere.

Beste bi etxe partekatu irekiko dira, bat Hazparnen, 2026. urte hondarrean, eta bestea Urketan, 2027 hastapenean. Horrek erakusten du kontzeptua erakargarria dela; «egun, herriak datozkigu proiektuen antolatzeko», pozten da Xabi Landabat. Interesa duten pertsonak, hautagai izateko, behar dira autonomo izan eta gutxienik 65 urtekoak. Badira oraindik lekuak libre.

Gurekin elkartearen webgunera jo

Adinekoa/ikaslea: bientzat on den bizikidetza

Ikasleei Euskal Herrian bizitegia bilatzen laguntzeko, Office 64 de l’Habitat deitu erakundeak molde berria asmatu du: adineko norbaitekin bizitzea! Printzipio erraza da: laguntza alokatzaile horrek dituen 60 urtetik gorako alokatuei proposatzen die, beren etxean gela bat libre badute, 30 urtez peko ikasle bati edota sasoilari bati alokairu mugatu batekin (hilean 100 eta 160 euro artekoa) azpialoka diezaioten. Office 64 de l’Habitat erakundea arduratuko da alokairu kontratua egiteaz eta hartzaileari laguntza emanen dio egoki litzaiokeen bizikidea atzematen. Ostatatzea kartara egiten da, ikasturte osorako edo aldi laburragoetarako. Etienne-k Medhi hartzen du udan zehar eta, berarentzat, lehenik eta behin «gazteen aldeko elkartasun keinua da» baina baita bakardadea hausteko bidea ere, eta «kubazuloko agurea» ez izateko ere, irribarre batez erran duenez. Sistema horri esker, informatika ikasle gaztea Euskal Herrian gera liteke uda sasoi betean lanean, orduan bereziki zail gertatzen baita ostatua atzematea. 2023an eman zen abian baliabide hori eta 16 ostatatze partekatu egin ditu jadanik, hau da, 1300 gau. Laguntza alokatzaileak tokiko enpresei egiten die dei hautagai berrien xerka.

Informazio gehiagorako Office 64ren intranet  edo e-mezu batez, hona: co-hebergementoffice64fr