4. atala: “La Ferme Elizaldia” edo feminismoa partekatuz

Ia ehun langile dituen “La Ferme Elizaldia” Ipar Euskal Herriko elikagaien industriako enpresa nabarmenetako bat da. Familia arrakasta bat, non emazteek leku estrategikoa izan duten beti. Maite Loyathok, duela 30 urte senarrarekin enpresa sortu zuenak, eta Leire alabak, arrakastaren arrazoiak azaltzen dituzte.

Eguneratzea:2025ko martxoaren 3a

Loyatho deitura Gamarteko identitatetik bereizezina da. Herri ttipi honetan, Donibane Garazitik hurbil, Maitek eta Jean-Baptistek 90eko hamarkadaren hasieran beren lehen eraldaketa lantegia sortu zuten, enpresari izena eman zion etxearen beheko solairuan: Elizaldia baserria. Maitek informatika-enpresa batean egiten zuen lan, eta senarrak, berriz, Ia 10 urte zeramatzan txerriak hazten. “Hasieran, nire senarrari bururatu zitzaion zozizonak egitea, kontatzen du Maite Loyathok. Hutsetik hasi ginen, beraz, dena ariz ikasi behar izan genuen”.

Ipar Euskal Herrian aitzindaria

Lehen urteak zailak izan ziren. Ama gazteak egun luzeak zituen. “Goizetan merkatuetara joaten nintzen, arratsaldetan haurrak zaintzera itzultzen nintzen, eta arratsetan berriz kontabilitate eta administrazio-kontuetaz arduratzen nintzen. Garai hartan, gauza ainitzetan aritu behar zen”. Gaur egun enpresaren gidaritza hartu duen Leire Loyathorentzat, gurasoen ibilbidea segitu beharreko eredu bat da. “Hutsetik abiaturik lortu dutena izugarria da.Sektoreari ere ainitz ekarri diote”, nabarmentzen du, hazle belaunaldi oso baten engaiamendua gogora ekarriz. Belaunaldi horrek euskal jeinua aitortua izan dadin lan egin du, besteak beste, 1998an Baionako xingarraren Adierazpen Geografiko Babestua lortuz. Gaur egun, Gamartiar enpresa ttipia ainitz hazi da. Ia ehun langilerekin, Ipar Euskal Herriko hazkurri-industria garrantzitsuenetako bat bihurtu da. “Nik zortea izan dut dagoeneko biziki ongi funtzionatzen zuen enpresa batean sartu naizelako”, onartzen du hogeita hamar urteko emazteak.

Belaunaldien arteko rol-aldaketa

Hala ere, berarentzat ere ez da erraz izan. Agronomo diploma eskuratu ondoren, Leire Loyathok ekoizpenaren kudeaketa hartu zuen bere gain 2017an. Hasiberriak bazekien zituen gaitasunak erakutsi behar zituela, inork espero ez zuen sektore batean. Amak, alabaren erabakia beti sustengatu du. Markatu zuen gertakari batetaz oroitzen da: “Enpresaren transmisioan laguntzeko aholkulari bat hartu genuen. Urte eta erdi lanean aritu ondoren, bere txostenean ekoizpena Joni, Leireren anaiari, uztea gomendatu zigun”. Genero-estereotipoak oraindik ere eremu horretan oso hedatuta daudenaren adibide ezin hobea.

Baina gaur egun, hain zuzen ere, Leire da “La Ferme Elizaldia”-ko produktuen garapena gidatzen duena. Iaz Parisko Nekazaritza Azokako urrezko dominarekin saritutako ekimena, Donibane xingarra berak sortu duelako. Jon anaiak, berriz, lehenago amak betetzen zituen finantza eta administrazio funtzioak hartu ditu bere gain. Belaunaldien arteko rol-aldaketa, enpresak ohiko bereizketetan kokaturik egon nahi ez duela erakusten duena.

Enpresa adeitsu bat

“Gurean, sekula ez dugu bereizketarik egin. Beti sortu ditugu gizonei edo emazteei egokitutako lanpostuak”, azaldu du Maite Loyathok, gogoraraziz Elizaldian 60 sortze izan direla enpresa sortu zenetik.
Lansari-berdintasuna, 4 eguneko astea, lanpostuen egokitzapena eta laneko ongizatea... “Garrantzitsuena langilea bere eginkizunetan ongi sentitzea da”, azpimarratu du Leire Loyathok. Langileak aurkitzea zaila den sektore batean, erronka ekonomikoa ere bada. “Azkenean, guri ere ongi zaigu. Langile guti joaten dira eta antolaketan malgutasun handiagoa dugu”.

Leire Loyatho 2022an kudeatzailekide izendatu zuten, eta gurasoen lana segitu nahi du. Konbentzitua da aniztasun handiagoa duten taldeek hobeki funtzionatzen dutela. “Baina emazteek beren lekua hartzeko ausardia izan behar dute, ardura maila edozein dela ere”, dio. Amak aurretik egin zuen bezala, nagusi gaztea gauza ainitzetan engaiatzen da. Duela guti “Pays Basque Industries» taldean sartu da, non bere ikuspegia hainbat sektoretako enpresa arduradunekin partekatzen duen. Eskoletara ere joaten da belaunaldi berriak mobilizatzera bultzatzeko, munduko beste leku batzuetan emazteen eskubideak atzera egiten ikusteak kezkaturik.

Ikusi «martxoaren 8a: berinezko sabaia hausten duten emazteak» webseriearen atal guziak