4. gertaldia - Argi kutsadura apaltzea, gau-pinpirinendako esperantza izpi

Gure hirietako argi artifizialak zinezko gaitza dira intsektuentzat, eta bereziki gau-pinpirinentzat. Pierre-Yves Gourvil Akitania Berriko naturaguneen kontserbatorioko misio karguduna da. Mobilizazio orokorrera deitzen du, polinizazioari behar-beharrezkoak zaizkion zentinela horiek salbatzeko.

Eguneratzea:2026 ko urriaren 7a

Nori ez zaio gertatu gau-pinpirin bat karrika-argi baten inguruan leher egin arte itzulika ikustea? Gertakaria arrunta da itxuraz; alta, iratzartzeko deiadarra ere bada!

Kopuruak behera 

Naturaguneak desagertzearekin, produktu fitosanitarioen erabilerarekin eta espezie exotikoekiko lehiarekin batera, argi artifiziala intsektu taldeen gainbeheraren zergati nagusietako bat da. Pierre-Yves Gourvil Akitania Berriko naturaguneen kontserbatorioko lepidopteroen espezialista da. 10 urte baino gehiago daramatza horiek aztertzen. “Gau-pinpirinek ilargia eta izarrak baliatzen dituzte nora doazen jakiteko. Argi kutsadura dela eta, bidea galtzen dute, ezin dute gehiago loreetako polenaz elikatu, ezta ugaltzeko kide bat atzeman ere. Bestalde, argiengatik, harrapariek aiseago ikusten dituzte.” Inbentarioek maiz argi erakusten dute: gero eta gutiago dira, bai hiri barneetan, baita lehen babestuak ziren naturaguneetan ere; adibidez, oihanetan eta ibai-erreketan. Argiztapen masiboak migratzea ere zailtzen die. “Txoriei bezala, argi kutsadurak egiazko trabak sor dakizkieke, eta distantzia handietara bidaiatzea eragotzi”, zehaztu du adituak. Horrek ere ugaltzea zailtzen die.

Fama txarra

Gau-pinpirinak maiz kaltegarritzat jotzen dira, zuzenkontra. Alabaina, bizidunen kate handian funtsezkoak dira. “Hasteko, kopuruz. Frantzian kasik 5000 gau-pinpirin espezie daude; egunekoak, aldiz, 262 dira.” Beldarrak direlarik, animalia anitzendako hautazko janaria dira: elur txori, amilotx eta beste txorientzat, muskerrentzat, armiarmentzat edota saguzarrentzat. Harrigarriagoa badirudi ere, ikerketa zientifiko batzuek berriki erakutsi dute gau-pinpirinek funtsezko eginkizuna dutela polinizazioan. “Zinez anitz direnez, lore familia andana bat bisitatzen dute. Prozesu horretan, erleak eta erlemandoak bezain garrantzitsuak dira!”, erran du goraki Pierre-Yves Gourvilek.

Naturalistarentzat, argi kutsaduraren arazoa ez da halabeharrezkoa. “Beste kausa batzuk ez bezala, aski erraza da konpontzen: aski da etengailua zapatzea”, argumentatu du, probokazio doi batez. “Hutsunea ez dator arauditik, Europako zorrotzenetakoa baitugu, zehaztu du, baina gure sinesmenetatik”. Argi publikoak itzaltzearen kontrakoek ematen dituzten argumentuetako bat, gehien entzuten dena, “segurtasunarena da beti. Alta, ikerketek kontrakoa diote. Argi gutiago delarik, bide istripu gutiago gertatzen da, eta ez da eraso ez ohointza gehiago”, defenditu du. “Xedea ez da bortxaz dena itzaltzea, baizik eta hobeki argitzea!”. Haren ustez, LED sistemek hainbat parametro baliatzeko parada ematen dute, gauaz faunaren eta floraren alde egiteko: argiztapenaren indarra; norabidea, behar diren guneak baizik ez argitzeko; argitze automatikoa; edota kolorea, laranja eta gisakoak ez baitira hain kaltegarriak. “Gutiago argituz, gainera, energia aurrezten da!”, oroitarazi du.

Bilbe beltza ontze

Borroka horretan, Ipar Euskal Herria ikasle ona da. Euskal Hirigune Elkargoak eskatu txosten baten arabera, zeruko argitasuna aise hobetu da: 2014an gauen %22 ziren aski ilunak, eta, hamar urte geroago, %47. Halere, adituen arabera, gau hastapenak eta bukaerak oraino argituegiak dira. “Alta, memento horietan da bioaniztasuna aktiboen”, ohartarazi du Pierre-Yves Gourvilek. Bestalde, euskal lurrak, Okzitaniakoekin batera, migrazio bide nagusi dira. “Eta espezieak aise ibili ahal izan daitezen, herri guziek zintzoki jokatu behar dute. Eremu batean herri bakar bat gaizki argitua izateak dena fundi dezake.” Horretan datza elkargoko hautetsiak apailatzen ari diren bilbe beltzaren interesa; hala, tokian tokiko ekintzez gain, etenik gabeko iluntasun eremuak sortzea du xede. Honela bururatu du solasa Pierre-Yves Gourvilek: “Animalien osagarrirako ona dena gure osagarrirako ere ona da. Argi kutsadurari buru eginez, gure loaren kalitatea ere hobetzen da, estresa eta eritasunak ttipitzen dira.”