2025eko KLIMA astea: aukera ekologikoen erakusle
2026(e) ko abenduaren 29a
2019an jarri zen martxan CitésLab. Baionako hiriko lehentasunezko auzoetako biztanleei beren enpresa sortzen laguntzen die. Programa horri esker, Rachedi Menaouarrek bere okindegia abiarazi ahal izan du, arrakastarekin.
Eguneratzea:2025(e) ko abenduaren 12a
Breuer auzoko figura ezaguna da Farida Schmitt. Baionako Gainetako dorre handien oinean, bizitzaileengana «joaten» pasatzen du bere denboraren zati handi bat, haiek ekintzailetzaren gaiari sentsibilizatzeko. «Entzuteko prest egotea; hori da funtsean nire lana», azaldu du berrogeita hamar urteko emazte erneak. «Nire bulegoa beti zabalik dago, eta hitzordurik hartu gabe sar daiteke hemen!».

Posible dela erakustea
Badu bi urte CitésLab programaren buru dela. Baionako eta Ipar Euskal Herriko IPE-HGGek (Interes Publikoko Elkargoa – Hiriko Gizarte Garapena) akuilatzen duen baliabidea da CitésLab, Euskal Hirigune Elkargoak finantzatua, eta auzogune herrikoietan enpresa sorkuntzak bultzatzea helburu duena. Bere esku hartze eremuak Baionako hiriko lehentasunezko bi auzogune barne hartzen ditu: Breuer eta Maubec-Zitadela. Kasik 5.000 biztanle bizi diren “herrixka” bat! Bideratzaile gisa ikusten du bere burua, batez ere. «Auzoguneetako jendeek ez dute ekintzailetzaren kultura hori. Ez dira zilegi sentitzen, uste dute ez dela haientzat, diru asko kostatuko zaiela. Baina posible dela erakusteko nago hemen!». Bere bulegoan hartzen dituelarik, galderak egiten dizkie, haien proiektuen nondik norakoak haiekin marrazten saiatzen da eta haien motibazioak aztertzen ditu. «Funtsean, enpresaburu izateko gogoa izan behar da. Arriskurik ez hartzeko, beti gomendatzen dut poliki abiatzea». Maiz esperientziarik ez duten profil horiei laguntzeko, neurrira egindako eta eskaeraren araberako formakuntzak sortzen ditu, «marketinari buruz, sare sozialei buruz, zerga deklarazioei buruz, osasun arauei buruz...». Eta haiek ahal bezain ongi bideratzeko, bere partaideei hel egiten die.
Urrezko aholkuak
Duela hiru urte erosi zuen okindegi ttipiko salmahaian, buruaz baietz egin du Rachedi Menaouarrek. Faridaren aholku on horiei esker kausitu zuen. Hegazkingintzako mantentze-lanetako teknikari ohia da, eta ofizio berria ariz ikasi du. «Faridaren laguntzak urrea balio du!», aitortu du. Hostopil administratiboaren, prozedura konplexuen eta solaskide anitzen aitzinean, «bideratzen gaitu eta aterabide lasterrak aurkitzen ditu. Horrek sekulako denbora irabazarazten digu. Eta denborak anitz balio du!». Rachedi aitzin, okindegiko jabe ohiak ateak hetsi behar izan zituen. «Ogia saltzeak ez du gehiago dirurik ematen!», damutu da Menaouar. Okerreko biderik ez hartzeko, merkatu-azterketa azkar bat egin zuen, eta emaztearekin batera ahamenen aldeko apustua egitea erabaki zuen. IPEk negozio-funtsa alokatzaile sozialari berrerostea negoziatu zuen du haientzat, eta bikoteari plantatzen lagundu zion. «Pizza labe bat behar nuen. CitésLabek bazituen kontaktuak, nik ez nuen deus egin behar izan», kontatu du enpresaburuak.
Gaur egun, familiaren negozio ttipia ongi ibilki da. Saltegia ezinbesteko lekua bilakatu da auzoko biztanleentzat, baina baita Etxepare lizeoko gazteentzat ere, eguerdi partean bertaratzen baitira hanburgesak, taco mexikarrak, oilasko makilatxoak, Dubaiko txokolateak eta bestelakoak dastatzera, denak bikoteak prestatuak «modan diren errezetak segituz Youtuben». Hiru urteren buruan, banku-mailegua osoki ordaindua izanen dute, eta jadaneko desafio berriak altxatzeko gogoz daude: barneko espazioa berrantolatzea, terraza bat irekitzea edo, zergatik ez, beste saltegi bat erostea.

Arrakasta horrek izigarri pozten du beren aholkularia. «Horregatik jaikitzen naiz goizero», adierazi du Farida Schmittek. 2019an martxan jarri zenetik, CitésLab baliabideak jadaneko 180 enpresa inguru lagundu ditu hemen berean sortzen, eta porrot-tasa oso ttipia izan da (% 5 baino gutiago). Programak arrakasta izateaz gain, garrantzi sinbolikoa ere badu. «Istorio eder horiek guziek auzogune herrikoien beste irudi bat ematen dute, komunikabideetan beti entzuten denaz bestelakoa». Espero du mugimenduak hedatzen segituko duela.
2026(e) ko abenduaren 29a
2025(e) ko abenduaren 11a