4 milioi euro Ipar Euskal Herrian bero berriztagarriaren garapena azkartzeko
2026(e) ko azaroaren 12a
Lurraldeko oihanen zaindari ditugu Alexis Prudhomme eta haren brigada. ONF Frantziako oihanen erakundeko suteen espezialistak arriskuaren kultura emendatzeko eta klima aldaketak ahuldu ekosistema naturaletako antolamendua berriz pentsatzeko egiten du lan. Uda honetan ondoko Landesetako eta Girondako departamenduetan gertatu diren mega-suteak Euskal Herriari gupidetsi nahi dizkio.
Eguneratzea:2026 ko urriaren 8a
Gaur goizean, Pignada oihana koloreberriturik dago. Xirimiri arin batek azken asteetako idortea bururatu du. Alexis Prudhommek hats pixka bat har dezake. Frantziako ONF erakundeko Pirinio Atlantikoetako departamenduko oihanak suteen kontra babesteko espezialistak (DFCI) uda osoa pasatu du, oihaneko teknikari lankideekin, lurraldeko landare multzoak zaintzen, sute hastapen ororen barrandan.

Euskal Herriak klima alde
Tenperaturak luzaz goiti gelditu dira, kasik euririk ez da izan, lurra idorra zen eta landareak udaberri hastapenetik ahul ziren: denboraldi hau zinez lanjerosa izan da. “Beharrik, hemen, aski ongi atera gara. Suteak mugatuak izan dira”, deskribatu du adituak. Ondoko Landesetako eta Girondako lurraldeek ez bezala, Euskal Herriak, betidanik, klima eta topografia alde ditu. “Kostaldean itsasoko haizeak izaten dira maiz, eta hezetasuna ekartzen dute; gibelean, segidan, ibar itzaltsuak daude, erreka anitzekin, eta mendiek atmosfera heze hori atxikitzen dute.” Halere, klimaren beroketaren ondorioak agertzen hasten dira.
Angeluko oihanetan ibiltzen ari dela, Alexis Prudhommek iratze belztuak, hosto horitudun zuhaixka ttipiak eta zinez idorturik dauden lurreko landareak erakutsi dizkigu. Udan, astero etortzen da hona bioaniztasunaren aterpearen osagarri-egoera zaintzera. 2020ko sutearen zauri markak oraino ageri zaizkio. Higrometria maila neurtzen, landareen barneko ur kantitatea aztertzen eta landare-tapiza segitzen ditu, eta datu horiek guziak Météo Franceri igortzen dizkio ustia ditzan, oihanetako suteen zaintza-mapak sortzeko eta ekaitz arriskuak zaintzeko. “Pignadako behaketa gunea lurraldeko gainerateko lekuentzat markagailu gisa baliatzen da”, zehaztu du Alexis Prudhommek. “Aski gune babestua da, itsasoko haizeak eta hezetasuna sartzen baitzaizkio. Hemen datuak txarrak direlarik, sute arriskua are handiagoa da beste lekuetan.”

Arriskuaren kultura garatzen
Oihan erreen eta sugarrek hartu herrien irudi asaldagarriak gogo guzietan daude. Baita hemen, Euskal Herrian, ere, nahiz sute arriskuaren kultura ez den oraino arras barneratua. “Kolpez, dei anitz ukan ditut”, kontatu du langileak. “Herriek deitzen naute, jakiteko nola babestu hobeki.” Prebentzio neurrietan, “sasiak mozteko legezko betebeharra bada, lehen-lehenik”, azpimarratu du. Araudi horren xedea oihaneko suen indarra eta hedapena mugatzea da, bizilekuetatik hurbileko edo arrisku-eremuetako guneetatik aise erretzen diren landareak kenduz. Baina oroitarazi du badela beste ohitura baliagarririk ere; adibidez, belar eta sasietatik hurbil barbakoarik ez piztea, naturan zigarreta muturrik ez botatzea, edota txinpartak sortzen dituzten xintxuketa tresnak baliatzean erne ibiltzea. Hamar sutik bederatzi gizakiak eraginak dira, eta beraz, aise saihets daitezke, kasu pixka bat eginez gero.
“Bestalde, bada oihana epe luzera ikustea ere.” Gerlatik landa, Euskal Herrian garai batez zuhaitz anitz landatu zen. Baina monolaborantzak eta garaian landatu ziren landare motak ez dira egokienak egungo klimari buru egiteko; “lizarrak eta haltzak, adibidez, ur anitz behar dute.” ONF Frantziako oihanen erakundeak aspalditik segitzen ditu zentzuzko kudeaketa arauak; hala, azalera handietan zuhaitzak ahal bezain gutitan mozten ditu osoki, eta lekuari hobeki egokituak zaizkion eta anitzagoak diren espezieak berriz ekartzen ditu. “Xede dugun oihan eredua hiruzpalau zuhaitz motako oihan-mosaikoa da. Horrek ekosistemak sendoago egiten ditu. Horrela, oihanek idorteak, eritasunak eta suntsitzaileen erasoak gutiago jasaten dituzte, lasterrago aitzinatzen baitira ingurune ahulduetan.” Baina organismoa Frantziako laborantza ministerioari dagokio, eta beraz, eremu publikoan baizik ez du esku hartzen. “Baina, lurraldean, oihan eremuen %60 pribatuak dira”, jakinarazi du Alexis Prudhommek.
Hala, suteak zaintzen ez dituztelarik, zuhaitzen zale amorratu hauek oihanen jabe diren elkargoak laguntzen dituzte. Euskal Hirigune Elkargoarekin, azken hori oihanen araudi bat apailatzen ari baita, tokiko hautetsiendako pedagogia egiten dute, bereziki oroitarazteko zein diren bete behar diren arauak eta nola kudeatzen ahal diren hobe zuhaitz multzoak, besteak beste sokorri zerbitzuendako bideak zabalduz, oraindik aski guti egiten baita. Bestalde, udazken guziz, ONFeko langileek Oihanaren Eguna antolatzen dute, hainbat helbururekin: ekosistema zoragarri horiek hobeki ezagutaraztea, beste ingurune eta espezie anitzentzat ezinbesteko kate-begia baitira; klimaren beroketari, lurren higadurari eta idorteei buru egiteko dituzten abantailak agerian ematea; haien erresilientziarako gaitasun paregabea erakustea; eta haien historia “bereziak” kontatzea, “hemen beti baitute zerbait mitologiatik eta misteriotik.”
2026(e) ko azaroaren 12a
2026(e) ko azaroaren 6a
2026(e) ko azaroaren 5a