Tokikoa labelak tokiko ostalaritza eta zirkuitu laburrak dinamizatzen ditu
2026(e) ko otsailaren 10a
Euskal kostaldetik Oztibarreko ibarrera, zentzua aurkitzeko gogoa hor da, laborarien eta ekoizkinen ondo-ondoan izateko asmoz. Anthony Orjollet sukaldeburuak Ostavals jatetxeko sukaldaritzaren zortea zainduko du ekainetik goiti. Herriko jatetxeak, soila eta goxoa, baserriko, tokiko eta sasoiko ekoizkinak hobetsiko ditu.
Eguneratzea:2026(e) ko urtarrilaren 20a
Urtarrileko lanbroaren artean, Ostavals Izura-Azmeko Paisaiaren Etxearen aitzinalde modernoa agertzen da. Hondoan, Oztibarreko mendiek lasaitasuna ekartzen diote tokiari, Donejakue bidearen luzeran (GR65).
Lekuari so “hobeki proiektatzeko”, Anthony Orjollet sukaldeburua beherean kokaturiko jatetxeak eskainiko dituen aukerei buruz gogoetatzen ari da. Ekainean irekiko du bere bikotearekin. Gunea bere itxurakoa izatea nahi du, baina ez “Oztibarren Anthony Orjolletek duen jatetxe gisa”. Alabaina, sukaldeburuak badu nazio arteko esperientzia, izardun jatetxeetan besteak beste.
“Ostavals gunean, jatetxea egiazko mahai herrikoi gisa ezagutua izatea nahi dut. Ideia herrikoien laborategia bihurtu nahi dut, sukaldaritzaren ohantze ttipia, non jendeak eskualdeko eta kalitatezko karta helgarri bat aurkituko duen.”
Bere lurraldean erroztaturiko jatetxe bat, bertako jendearentzat eta besteei irekia. “Jatetxeak eta ostatuak gaurko elizak dira nolabait, gizarte harremanak oraindik bizirik dauden lekuak, zorionez”, dio berrogei urtetik gorako gizonak.
Hemen, jatetxeak “paisaiatik platerera” gaia du ardatz”. 100 m2ko gela bat badu, kafetegi-jatetxe gune bat eta 60 lagun aterpe ditzakeen barra-ostatu-jatetxe bat barne. Sukaldea etxazpian da eta, etorkizunean, kanpoko sukalde batek osatuko du eskaintza.
“Kostaldetik kanpo”
40 urterekin, sukaldeburuak hautu bat egin du: euskal kostaldea uztea, Bidarten Elements jatetxea eta Biarritzen Epoq jatetxea atxiki ondotik, baserrialdean jartzeko. “Badu denbora bat kostaldea uzteko ideia hausnartzen dugula. Duela hiru urte, Larzabalen jartzeko kinkan egon ginen”, aitortzen du. “Beste bide batez lan egiteko gogoa nuen, zentzua aurkitzeko, ekoizkinetatik ahal bezain hurbil izanez.” Lan egiten duen hirurogei bat ekoizleak barnealdekoak dira gehienak: Duzunaritzeko Jon Harlouchet, Bithiriñako Virginie Oyhenard, Lohitzüneko Edouard Exilard... “Banaketa ibilbide laburreko arauari jarraikitzen diot. Nire belaunaldiko eta ondoko belaunaldiko sukaldeburu anitzek horrela pentsatzen dugu, ekologiari sentsibilizatuak gara.”
Bihar, etxean eginikoaren, bizi sanoagoaren inguruko balore berak partekatzen dituzten pertsona gehiagok beren kemena baterako dutela argi du, herriei dinamika bat ekartzeko.

“Munduko eskualderik ederrena”
“Arras tokikoaren indarrean sinesten dut betidanik” aitortzen du. Jatorriz Lyonekoa den ostalaria ibili den sei herrialdetan - Ingalaterra, Espainia, Zeelanda Berria, Indonesia eta Norvegia -, inguruan duenak beti interesatu du, hementxe, hurbil-hurbil. “Ekoizkinen soiltasuna, egiazko naturaren” zaletasuna, baratzezaintza zen bere aitatxik zion transmititu.
“Eskualde baten aberastasuna funtsezkoa da”. Eta berak dioenez, “Euskal Herria munduko eskualderik ederrena da”: “Gainera, beste edozein lekutan ez da aniztasun hain handirik, sasoi hain luzearekin. Gaineratekoa, karta osatzeko modua da. Ontzen dugu, erretzen dugu, idortzen dugu, hartzitzen dugu.”
Hemen, Anthony Orjolletek gutizia andana asetzea hitzematen du: “ziztu bizian hartzeko taloa, arratseko karta landua, baita eguerdiko menu herrikoi biziki merkea, denei helgarri”.
Ostavals jatetxean, kalitatezko laborantza sailetatik jalgiriko ekoizkinak balioan ezartzen segituko du, baita beregain diren inguruko ekoizleak ezagutzen ere. Sukaldaritza mailako agintzak sukaldaritza sano baten aldeko betiko engaiamenduekin bat datoz.
Bazenekien? Euskal Elkargoak eraikiriko Ostavals Paisaiaren Etxearen barnean daude paisaia aipatzeko zentroa lehen solairuan, Oztibarreko paisaiak, horiek moldatzen dituzten gizon eta emazteak baita Donejakue bidearen historia aurkezten dituena, jatetxea, eta ostatatze zentro inklusibo bat. 2026an ireki beharko luke.
2026(e) ko otsailaren 10a
2026(e) ko abenduaren 29a
2025(e) ko abenduaren 9a