AA, datuak eta gardentasuna Ipar Euskal Herriko 17. Topaketa Numerikoen programan

“AA eta datuak gardentasunaren zerbitzuko” izanen da LaNum - Ipar Euskal Herriko Numerikoaren Agentziak antolaturiko 17. Topaketa Numerikoen ardatz nagusia. Ekitaldia azaroaren 19an iraganen da, Bidarteko Izarbel gunean. Sarrera librea, izena emanez.

Eguneratzea:2026 ko urriaren 29a

Adimen artifizialak aukerak eskaintzen ditu berrikuntzaren eta lurraldeen lehiakortasunaren arloetan, baita erronkak pizten ere: etika, ekologia, zibersegurtasuna... Topaketa Numerikoak antolatzen dituen LaNumek dioenez, datu pertsonalen bilketa masiboak AAri eman behar zaion konfiantza galdekatzen du, ekoizturiko iturri berak trazabilitatea eta gardentasuna ahalbidetzen dituelarik. Alde bikoitz hori - konfiantza eta  mesfidantzaren artean - galdekatuko dute Europako, mugaz gaindiko eta tokiko eragileek, 17. edizio horretan.

Trazabilitatea eta gardentasuna zerbitzu publikoetan

9:20ean, “Zerbitzu publikoen trazabilitatea AArekin ala gabe” izanen da mahai-inguru baten gaia. Zenbait esku hartzailek eragile publikoen ohiturei eta gardentasunaren arloan erabiltzaileek dituzten igurikapenei buruz eztabaidatuko dute. Euskal Elkargoko Ur-ibilguen eta arro hidrografikoen ardura duen Alexandre Ribes zuzendariordeak eztabaidan parte hartuko du beste bi esku hartzaileen ondoan.

10:30ean, POCTEFA EDIT proiektua aurkeztua izanen da. Proiektuak enpresak laguntzen ditu Produktuen pasaporte numerikoari dagokion etorkizuneko Europako araudia prestatzean. Dispositibo horrek produktuen trazabilitatea indartzean parte hartu beharko du, besteak beste. Pixkanaka hedatuko da zenbait sektoretan, Europako araudizko egutegiaren arabera.

Numeriko burujabea: zer aterabide erakundeetarako?

12:15ean, zerbitzu numerikoetan aditua den Suitzako Infomaniak enpresako Camille Moisyk burujabetasun numerikoaren eta ingurumen-arduraren arloetan enpresak duen egin-moldea aurkeztuko du. Hitzaldiak datuen ostatatzea, bizi pribatuaren babesa eta tresna numerikoen hautua bezalako gaiak aipatuko ditu.
Aterabide batzuk aurkeztuko dira Hodeia, ostatatzea, lankidetza-tresnak, mezularitza eta adimen artifizialeko laguntzaileen arloetan.

12:45etik goiti, tailerrek zenbait gai zehatz sakontzeko bidea eskainiko dute: informazio sistema eta lankidetza-segida burujabeetara migratzea, AA estrategia bat hedatzea Herriko Etxeetan edo enpresetan, besteak beste.

Argibideak

Ekitaldia azaroaren 19an izanen da, Estia guneko Estia Berri eraikinean, Bidarten. Denei irekia zaie, izena urririk emanez linean rencontres.lanum-paysbasque.com webgunean.