Arkitekto belaunaldi gazteak biharko Errobi ibaia irudikatzen duenean!

Euskal Elkargoak daraman Errobi ibaia berrantolatzeko proiektua Europan lehiaketaren 2025eko deialdiak saritu dituen 14 proiektuetako bat da. Itzal handiko lehiaketa hori Europa osoko arkitekto, paisaialari eta hirigile gazteei zabalik da. Antolatzaileek ezagutze jardunaldi bat proposatu zuten iragan asteazkenean Donibane Garazi, Uztaritze eta Milafrangako 3 gune pilotuetan.

Eguneratzea:2025ko apirilaren 23a

Berrogeitik gora arkitekto, hirigile eta paisaialari etorri ziren, asteazken horretan, Errobi ertzen bisita egitera. Euskal gunea Europan lehiaketaren 2025eko edizioaren 14 sarituetako bat da. Itzal handiko lehiaketa horrek Europa osoko asmatzaile gazte gonbidatzen ditu lekuak edota lurraldeak berrirudikatzera. Carole Hiriart, Euskal Elkargoaren hautagaitzaren alde egin duen Errobi eremuaren erreferentearentzat promes ederra da hori. «Bihotz pozgarria zaigu horrenbeste jende gure lurraldearekin interesatzen direla ikustea. Begirada berri horren eta sormen horren beharra dugu Euskal Herria antolatzeko molde berrien irudikatzeko.»

Hiru gune pilotu

Euskal Elkargoak daraman proiektua ezohikoa da. «Gehienetan, hiri inguruneetako guneak hautatu ohi ditugu, hala nola alfer utzi lurrak, azaldu digu Julie Fernandez, Europan Franceren idazkari nagusiak. Hor, berriz, leku oso zabal bat dugu, batez ere paisaietan finkatuz arreta» Proposamen hori bete-betean bateratzen da edizio berri honen gaiarekin, Indarberritzea, gizakiaren eta ekosistemen arteko harremanaz galdekatzeko.

Ibaibidearen 56 kilometroetan, hiru test leku hautatu dira. «Esperimentu guneak dira, arazo berdinak dituzten lurraldeko beste lekuentzako eredu gisa», azaldu du Carole Hiriartek, naturgune andeaerraz horren indarrak eta bioaniztasuna babestu beharra aipatuz.

Donibane Garazi: bertakoentzako bizi lekua sortzea

Hiru aldi dituen ibilaldia Donibane Garazin abiatzen da. Hiribarnea, zitadela eta Eiheraberri zubiaren inguruko lekuak hartzen dituen turismoleku zabala nahi du Laurent Inchauspé auzapezak arramoldatu. «Gunea desitxuratu gabe, ordea; antolaketa lehen-lehenik bertakoentzat izan dadin nahi dugu», dio hautetsiak. Léna Bordeleko paisaialariaren hitzetan, bereziki inspiratzailea da lurraldeak aldezten duen politika. Naturaren gainean ahal bezain gutxi eragiteko, bai eta deshiritartzeko ere, ideia hori oso aitzindaria da.» Berdin uste du Belgikatik horretarako bereziki etorri den Nadir-ek, lekuari balioa emateko tokiko baliabideak eta banabide laburrak erabiltzea duelarik gogoan.

Uztaritze: industria ondarea berritzea

Zertxobait haratago, Uztaritzen, ibiltariek Uztaritzeko bigarren gunea ezagutu dute. Arras bestelakoa da ingurunea. Hemen, Errobi industria iraganarekin lotzen da berriz ere. Arkiko eihera handiaren ingurunea, non berrikitan oraindik irina ehotzen baitzen, eta, ibaiaren beste ertzean, Errepiragaraia aintzira, lehen legarra jalgitzeko baliatua. Bruno Carrère auzapezaren ustez, Europan deitu ideien lehiaketa aukera paregabea zaie ibaiarekin berriz lotzeko, herrian ekonomia jarduera sortzearekin batera. Eiheraren dorre garaiari so, Renaud, lehiaketa horretan usu parte hartu eta, orain dela pare bat urte, saritua ere izan zenak hirugarren leku bat sortzea irudikatzen du, zergatik ez, bada? «nolanahi ere, leku ireki eta bizia, herri barnearekin eta geltokiarekin lotua.»

Milafranga: herria ingurukoei lotzeko txirrindu itzuli bat

Ibaira berriz lotu, hala nahi du ibilaldiaren azkena den Milafrangako auzo herriak ere egin. Ibaia, beherealdean joanik, heltzeko zail zaie herritarrei. Herriak txirrindu itzuli bat sortu nahiko luke hiribarnea zirga bidearekin lotzeko. Erronka teknikoa dute hor, alde batetik lekuen topologiagatik, eta, beste aldetik, zenbait laborantza lurrekin batera, Natura 2000 zonan kokaturiko naturguneen andea erraztasunarengatik.

Patxik ongi ezagutzen ditu tokiko arazoak. Euskal Herrian sortua da eta pozez zoratzen da lur horietan proiektu handiei ekiten zaiela ikusiz. Biarriztar arkitekto gazte horrek saria jaso zuen jadanik iraganean, eta lehiaketan berriz parte hartzea erabaki du euskal odol berriaren sormena eta ausardia erakusteko. Ekainaren 29 arte du, gainerakoek bezalaxe, dosierra aurkezteko. 2025eko edizioaren saridunak urte hondarrean ezagutuko dira.