Artetxe: arte garaikidea Xiberoan erroztatzen da

Atharratze-Sorholüzen, Elsa Oliarj-Inès eta Bastien Cosson Artetxe, arte garaikidearen zentro bat moldatzen ari dira. Sorkuntza-gune hibrido horrek leihoak zabal-zabal irekitzen dizkio arteari Xiberoatik, kontzertuak, ikuskizunak, erakusketak eta abar proposatuz. Fernanda Laguna artista argentinarraren erakusketa ikusgai dago azaro bukaera arte.

Eguneratzea:2026(e) ko abuztuaren 24a

2024ko udatik goiti, Ühaitzaren luzeran taupaka dabil Artetxeren bihotza, Xiberoako arte garaikidearen zentroa. Hor, Atharratzeko laborari-kooperatiba ohian, kulturgune bat diseinatzen ari da, artez eta askatasunez gose den bikote baten gogoen arabera: Bastien Cosson, Urketako margolaria eta arte plastikoetako artista, eta Elsa Oliarj-Ines, Atharratzeko zinemagilea. 37 urterekin, bikotea ikusmen-arteei eta arte garaikideari eskainiriko zentroa eraikitzen ari da, Basabürüko lurretan erroztatua eta munduari irekia.  

Argialdi batetik...  

Bikoteak 15 urte “bizi” eraman ditu Parisen. Beren 9 m2-ko saloian, artistak, fundazio arduradunak gurutzatzen ziren, sortu zuten Palette-terre elkarteak antolaturiko erakusketen harira. 2024an, Parisen bizitegi handiago baten bila zebiltzalarik, Atharratzen zegoen aterpe handi baten argazkia agertu zitzaien. “Argialdi bat. Laster 600 m2-ko eremu batean eta Basabürüko bizitza batean irudikatu dugu gure burua” diote aho batez Bastien eta Elsak.  
Bolumen handi gordinak ezin hobeki datozkio haien xedeari. Lan parte hartzaile bati esker, eremua bi erakusketa gela, artista-lantegi bat, elkarte-kafetegi bat eta liburu saltegi bat bilakatzen da. 
“Karbono-balantzea eta hazkunde tasa” deituriko lehen erakusketak tonua ematen du: “artisten eta laborarien prekaritatearen arteko lotura erakusten du”. Artetxek baserrialdeko bizitzaren arazoekin zuzenki loturik ere izan nahi duelako. Beste ekitaldi batzuk datoz ondotik.  

Leihoak arteari zabaltzea 

“Leihoak arteari zabaltzea eta hemengo jendea sartzera gomitatua sentitzea dugu xede, dio bikoteak. Arte garaikidea leku kokatu batean berriz ezartzea da asmoa, beti eremutik kanpo dagoelako: New York, Berlin, Paris, Tokio, mundu globalizatuak xurgaturik. Alderantzizkoa proposatzen dugu, bere lurrari lotua den eta beste nonbaiteko artistei irekia den leku batetik abiatuz.”  
Bikoteak “ekosistema bat” ere sortu nahi du Baiona, Paue eta Bordeleko arte-ikastetxeekin. “Arte ederren ikasleekin lankidetzak sortu ditugu, beste aukerak asmatzeko xedez “Parisera igotzea” baino. Artetxe “laborategi ezagutua” bihurtu nahi dute, diploma ondoko ikastetxe bat bezala, gazteak hemen jar daitezen eta haien artetik bizitzeko bidea ukan dezaten. “Baserrialdeak abantailak ditu: sortzeko denbora, eremua, besteak beste euskaraz” azpimarratzen du Elsak.   

Gogoak aurrintzea 

“Artetxerekin, garena izaten, nahasketa lehenesten, gu bezalako jendea biltzen segitzen dugu, irailetik goiti liburu saltegia atxikitzeko hemen jarri diren Hendaiako liburu saltzaile gazte horiek bezala.” 

Bastien et Elsak erakusketa bat ikusteko eta idazleak ezagutzeko asmoz, goxoan ibiltzeko ideia ere berpiztu nahi dute. Hona horretarako antolaturiko hainbat hitzordu: Itxaro Bordaren emanaldia joan den apirilean Bekat’Urosen harira, Fernanda Laguna artista argentinarraren eta haren laguna Andres Politano pisaia antolatzailearen “El sol sobre el sol sobre el sol” udako erakusketa, azaroaren 26a arte. Artista hura arte garaikidearen arloko erreferentzia da Atlantikoz haraindian. 

Beste proposamen batek bisitariak loriatuko ditu. Gaurdanik, Üztaldia taldeak bere etxaldeko ekoizkinak proposatzen ditu Artetxen. 
Azkenik, bi proiektu bideratu nahi lituzkete: berrogeita-hamar bat jarlekuko bideo emanaldi-gela bat eta artisten egonaldiak aterpetzeko apartamentu bat.