Natura 2000: kontzertazioa naturaren babesaren zerbitzura
2026(e) ko uztailaren 17a
Uztail bukaeran Sohütan emanen den Lurdes Iriondo pastoralaren harira, Gaztelaia eskola publiko elebidunak Bi ama alhaba askatü nahian izeneko pastorala ttipia prestatzen ari da. Martxoaz geroztik, ehun bat ikaslek entseguak egiten dituzte, bi erresistente emazteren oroimena ohoratzeko xedez. Haien lanaren emaitza ekainaren 26an emanen dute, Sohütan.
Eguneratzea:2026(e) ko ekainaren 5a
Ostiral goiz honetan, maiatzaren 29an, Sohütako Gaztelaia eskolako patioa pastorala doinuez bete da. Erdian, Berritza elkarteko Bettan Jonet ari da antzerki aginduak ematen hirurogei bat ikasle baino gehiagori, xiberotarra eta frantsesa alaitasunez nahasiz. « Hilabete bat baizik ez zaigu gelditzen ikusgarrirako! Ongi da, baina segitu behar da. Garrantzitsuena lerroak atxikitzea da! », erraten die Bi ama alhaba askatü nahian pastorala gazteko antzezleei. Pastorala hori ekainaren 26an emanen dute Sohütan, helduen pastorala baino kasik hilabete bat lehenago.
Antzezle bilakatu ehun haur
Martxoaz geroztik, « aroak baimentzen duelarik », astero egiten diren entseguek erritu bera segitzen dute. 3 eta 11 urte arteko ehun bat ikasle —Sohüta-Hoki, Montori, Urdiñarbe, Ürrüstoi-Larrabile eta Barkoxe ingurutik jinak— txandaka elkartzen dira, kantuak eta aire zabaleko antzerki tradizional honetako urratsak fintzeko.
Egun hartan, Bixente, Hugo, Lorea, Joañe, Sarah edo Louis-ek bihotzez eman nahi diote bizia « aparteko » emazte arrunten historiari. « Pastorala honetako pertsonaiak hautatzeko, gure hezkuntza taldeak Robert Elissondo Sohütako lizeoko erakaslearekin lan egin du bereziki », azaldu du Pantxika Etcheber-Urruty zuzendariak.
Helduen pastoralak Lurdes Iriondo kantari engaiatuaren bizia kontatuko duen bitartean, haurren pastoralak Marie eta Marie-Louise Lasserre ama-alaben historia ekarriko du argitara. Bi emazte erresistente horiek Ospitalepeko ostatu batetik egiten zuten lotura herritarren eta makiaren artean. 1944ko ekainaren 27an, okupazio armadek atxilotu zituzten eta Ravensbrück eta Sachsenhausen kontzentrazio-esparruetara deportatu. Zorionez, bizirik itzuli ziren handik.

Abentura kolektibo bat
Haurrak « hunkituak » izan dira emazte horien historiak ezagutzean, herrian barna egin zuten murgiltze-egun batean. « Harrapatu zituzten eta deportaziora igorri, bortxazko lanetara! », kexu da Louis. Hamaika urteko Kattalin pozik da « inguruko jendeari on egin zioten andere horiek » omentzeaz. Lucas, Sohütako beste haur bat, berriz, Xiberoako historia ikasteaz gozatzen da, pastoralaren kodeekin batean.
Haien engaiamendua zinezkoa da. Aski da taldeko kantuak nola kantatzen dituzten ikustea. Xiberoko Musika Eskolako Soizic Pineauk txertatu ditu ikusgarrian: Ama kantua, Etxahun Iruriren eta Mikel Laboaren bertsioetan, baita Lurdes Iriondoren Hala ere kantua ere.
Taularatzea Berritzak egin du. Testua Julien Lucuix irakasle euskaldunetako batek idatzi du, Mauleko Ikerzaleak elkarteko Robert Elissondoren ikerketetan oinarriturik.
« Aldarrikapen feministak eta faxismoaren kontrako borroka azpimarratu nahi izan ditu, hori guztia Casamayou-Elkegarai ahizpen Lurdes Iriondo pastoralarekin lotzeko », azaldu dute.
Beste irakasleak ere proiektuaren parte dira - Amaia, Oihana, Elena, Pantxika, Maritxu, Sophie-, bai eta herritarrak eta burasoak ere.
« Entsegu batzuk gehiago beharko dira oraino ekainaren 26a baino lehen », irriz dio Bettanek. Baina errejenta pozik agertzen da jadanik haurren inplikazioarekin: « Plazera har dezaten nahi dut xiberotarrez kantatzen, zaharrenen bidea segitzen, eta batez ere, beren buruaz harro izan daitezen. »
Ekainaren 26an, pastorala gaztea bi aldiz emanen dute: goizean Xiberoko eskolei, eta arratsaldean herriko buraso eta gomiteri. Hilabete bat geroago, uztailaren 19an, 24an eta 26an, Lurdes Iriondo pastoralak Sohüta sutan ezarri baino lehen.
2026(e) ko uztailaren 17a
2026(e) ko uztailaren 16a
2026(e) ko uztailaren 10a