2. Atala:Open Lande Komunitateak iruditeria ekologikoak sortzen ditu adimen artifizialaren laguntzaz

«2050eko etorkizuna irudikatu» tailerretan, Communauté Open Lande elkarteak herritarrei beren hiriaren etorkizunaz hausnartzea proposatzen die, eta haien ideiak irudi bihurtzen ditu adimen artifizialaren bidez. Ekintzara jauzi egiteko bide egokia da.

Eguneratzea:2025(e) ko urriaren 7a

Gure hirien berrasmatzeko, bizilekuak berreraikitzeko eta bizitzeko modu berriak irudikatzeko gaitasuna bagenu, zer aldatuko genuke? Hori da Communauté Open Lande elkarteak «2050eko etorkizuna irudikatu» tailerren bidez proposatzen duen ariketa berezia. Ipar Euskal Herrian egituraren eskualdeko antena animatzen duen Benoît Dandinek hitzordu hauek etorkizun desiragarri baten inguruan elkarrekin hausnartzeko eta klima krisiari zein naturaren gainbeherari aurre egiteko irtenbide positiboak bilatzeko aukera ematen dutela dio. «Denek dute arazo horien kontzientzia, baina inork ez du bakarka eta bazter batean jardun nahi, are gutxiago zigor baten antza badu! Hemen, esperientzia kolektibo bizigarri bat sortzen dugu, mugimendua martxan jartzeko.»

Irudimena ireki adimen artifizialaren bidez

Ostegun gau honetan, Angeluko Olatu zentroan, talde txiki bat bildu da ariketa batean parte hartzeko. Ingurumenaren aldeko militanteak dira denak. «Baina ez dira beti profil berdinak», zehazten du antolatzaileak. Enpresetan ere aritzen da, instituzioekin lan egiten du eta Unis-cité-rekin unibertsitateetan programa bat ere garatu berri du. «Tailer hau edonork egin dezake, ez da beharrezkoa klima aditua izatea, alderantziz.» Sarrera gisa, formatzaileak entzuleei gogorarazten die Communauté Open Lande elkartearen eginbide nagusia: natura birsortzea. «Naturarik gabe, gure jarduera gizatiarrek ez dute zentzurik. Baina aberastasun hori desagertzen ari da.» Gaur gaueko aurreikuspen ariketa elkartearen ekintza guzien oinarri da. «Norabidea aldatzeko, lehenik eta behin etorkizunerako ikuspegia finkatu behar da. Ondoren, ekimen zehatzak antolatu eta planifikatu daitezke.»

Proiekzio lana errazteko, Benoît Dandine-k parte-hartzaileei  beren bihotzetik hurbil dagoen gai bat hautatzeko galdetzen die: leku bat, lanbide bat, objektu bat… berdin du. «Garrantzitsua da zerbait pertsonaletik abiatzea, babestu nahi dugun zerbaitetik. Azken aldian, talde batek 2050eko soldata-orriaren inguruan lan egin nahi izan zuen», dio irribarrez. Lehen talde batek etorkizuneko etxe euskaldunaren inguruan lan egitea erabakitzen du, zehazkiago «lehengo etxea, non belaunaldi desberdinak teilatu beraren azpian bizi ziren, baina bizikidetza forma berriak irudikatuz, pertsonen artean eta naturarekin», azaltzen du Marine-k. Beste taldeak, berriz, IGN mapa handi bat zabaltzen du mahai gainean, lurraldearen antolamendua berrasmatzeko asmoz, eta «naturarekin, lurraldearekin konektatzen duten elementuak erakusten dituen ikuspegi sentikor bat proposatzeko, mugikortasun arinak eta ekoizle txikiak integratuz», diosku Charlène-k.

Sortzeko momentua heldu da ondotik. Baina etorkizunera jauzi egitea ez da hain erraza! Hor sartzen da jokoan adimen artifiziala. Benoît Dandine-k klimaren aliatu bihurtu nahi duen ustekabeko laguntzailea. «Teknologia honek baditu bere alde ilunak, baina oso baliagarria izan daiteke ongi erabiltzen jakinez gero.» Laster, ikastaroan parte hartzen dutenak makinarekin hizketan hasten dira. Hark ideia originalak aurkitzen laguntzen die, kontakizunak sortzen, eta laster, gorputz ematen die: etxe euskaldunaren teilatuak landarez estaltzen dira, frontoia eguzki-panel batez janzten da, eta herritarren batzar bat elkartzen da zuhaitz zahar baten azpian auzoaren beharrak eztabaidatzeko.Mapan, bizikleta-autobide batek Euskal Herria zeharkatzen du, hiri handien inguruan korridore berdeak loratzen dira, eta Ezpeletako biper harana fruitu eta barazki polikultura bilakatzen da.

«Egiazki harritua naiz emaitzarekin! Kutxu magiko bat du irudi horiek gure begien aurrean sortzen ikusteak», dio Marine-k, eta metodoa bere kontsulta-prozesuetan erabiltzea pentsatzen ari da. Charlène-k, berriz, hasitako kartografia-lana garatu nahi luke, eta zergatik ez, bihar bere planoa turismo bulegoetan banatu, «Euskal Herriaren beste istorio bat kontatzeko bisitariei.»

Ikuspegitik ekintzara

«Argi da utopia puntu bat badela, baina helburua egingarria den zerbait erakustea da, hari atxikitzeko .», dio Benoît Dandine-k. Sare sozialetan, Ametzondoko merkataritza gune futuristaren, Baiona tipiaren edo Donibane Lohizuneko portuaren irudiek ikusgarritasun ederra eman diote elkarteari. Urte bukaeran, tailerraren baitan sortutako lanen erakusketa bat antolatuko da Olatu zentroan, «herritarrak interpelatzeko eta mobilizaziora bultzatzeko», espero du. Ekintza da Communauté Open Lande elkartearen lanaren bigarren zutabea, lurralde osoan naturaren birsorkuntzari lotutako proiektuak garatzen baititu: lorategietan bioaniztasun guneak berreraikitzen lagunduz, pampako belarrak kolonizatutako lurzoruak berreskuratuz, edo kostaldeko aisialdi portuetan itsas mikro-habitatak berriz ezarriz, adibidez. «Ekiten dugun bakoitzean, nahiz eta eskala txikian izan, ez gara etorkizun hobe baten zain egoten: eraikitzen hasten gara.» 

Ikusi webserieko atal guziak