Bizikleten epe luzeko alokairua : Eguneroko mugikortasuna sustatzeko urte osoko formula berria

Euskal Elkargoak eta haren Mugikortasunen Sindikatuak bizikleten epe luzeko alokairu zerbitzua berritu dute. Azaroaren 2tik aitzina, alokairuaren iraupena hiru hilabetetik urte osora pasako da bizikleta elektriko eta bizikleta tolesgarrientzat. Erabiltzaileek aspalditik espero zuten aldaketa da, eguneroko joan-etorrietarako mugikortasun irtenbide egonkor eta egokia izan dezaten.

Eguneratzea:2026 ko azaroaren 4a

Hiru hilabeteko alokairua, bizikletaren eguneroko erabilera saiatu ahal izateko sortu zen, eta erabiltzaile asko konbentzitu zituen. Horietako anitzek, ondotik, bizikleta entesegu hori bukatu ondotik ere segitzeko beharra adierazi zuten. Urtebeteko formula berriak logika aldatzea dakar: helburua ez da bizikleta saiatzea bakarrik, baizik eta lanera, ikastera edo aisialdiko jardueretara joateko ohiko garraiobide bihurtzea.

Eskaintza irisgarria, erabiltzeko prest

250 bizikleta eskuragarri dira zerbitzu honen bidez, gehienak laguntza elektrikodun bizikletak dira, eta horiez gain 10 bizikleta tolesgarri ere badira. Mantentze-lanak, laguntza teknikoa eta segurtasun ekipamenduak eskaintzaren barnean dira, erabiltzaileei aterabide erraz eta kezkarik gabekoa bermatzeko.

Zerbitzua gaur egungo jasotze-guneen sarearen bidez eskuragarri egonen da, eta onuradunen zerrenda berriz abiatuko da, herritar guziek, baita lehenago sistema erabili dutenek ere, berriz hautagaitza aurkeztu ahal izan dezaten.

Ohiturak modu iraunkorrean aldatzeko tresna eraginkorra

Alokairuaren iraupena luzatuz, Euskal Hirigune Elkargoak bizikleta egiazko eguneroko garraiobide gisa erabiltzea erraztu nahi du, eta biztanle gehiago lagundu merkeagoak, praktikoagoak eta ingurumenarekin adeitsuagoak diren mugikortasun irtenbideak hartzera.

Aldaketa horrek guztiz bat egiten du  Ipar Euskal Herriko Mugikortasun Planaren helburuekin: norbanakoaren autoarekiko mendekotasuna murriztea eta mugitzeko alternatibak garatzea. Dokumentuak, bereziki, eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera %1etik (2021ean) %8ra (2030ean) handitzea aurreikusten du, garraio publikoaren eta oinezko mugikortasunaren garapenarekin batera.

Epe luzeko alokairu eskaintza horri gehitzen zaio geltoki eta tren-geldialdietan bizikletentzako aterpe seguruak ezartzea, bizikletaren erabilera tren sarearekin eta TXIK TXAK lineekin uztartu ahal izateko. Gaur egun, bederatzi bizikleta-aterpek 200 leku seguru baino gehiago eskaintzen dituzte.

Informazioa eta izena emateko baldintzak: https://www.txiktxak.fr/eu/iraupen-luzeko-alokatzea/