Uda honetan, oporrik ez gure hondakinentzat

Ipar Euskal Herrian, turismoko profesionalek eta hondakinen bilketa-langileek eginahal guziak eginen dituzte herritarrek bereizten segi dezaten.

Eguneratzea:2026(e) ko uztailaren 20a

Udan jarduera nabarmenki goratzen da lurraldean: % 30-60 hondakin-tona gehiago kudeatu behar dira eremuaren arabera, eta % 60 arte itsasbazterreko zenbait tokitan. Kantitatezko goititze hori maizegi bereizketaren kalitatearen beherakadarekin batera gertatzen da: urte osoan zehar ongi errotua den jestua, oporretan alde batera uzten da.
Erronka bikoitz horren aitzinean - hondakin gehiago, bereizketa okerragoa -, Euskal Hirigune Elkargoa eta Bil Ta Garbi Sindikatua mobilizatu dira jarduera-goititze hori laguntzeko eta bakantzatiarrei eta herritarrei jestu egokiak oroitarazteko.

Lekuaren gainean, turismoko profesionalek mezua hedatzen dute

Akotzeko Merko Lacarra familia-kanpalekuan, Getariaren eta Donibane Lohizuneren artean, udan, bereizketari buruz erne daude. Eko-jestuei formatuak diren langileek bakantzatiarrak laguntzen dituzte - gehienetan oihal-etxoletan dira, furgonetetan edo karabanetan - gunearen sarreran argi eta garbi seinalatu edukiontzietara. “Hemen, entseatzen gara ahal bezain eragin guti ukaitera ingurumenerako, eta ahal bezain bertutezkoak izaten gure praktiketan, eta horrek hondakinen kudeaketa barne hartzen du”, laburbildu du Antton Ado kanpalekuko arduradunak.
Kanpalekuak ongi erakusten du turismo-egitura batek egunero zer plantan ezar dezakeen: etxe mugikorrek bi zikinontzi dituzte, berina eta pilak zentralizatuak dira hondakindegira eramateko, konposta egiten da bio-hondakinetarako, bereziki ostatukoak, eta pixkanaka estalki indibidualak kentzen ari dira. Ekimen horiek guziek, udan astero ehunka bakantzatiar hartzen dituen gune baten mailan, zuzeneko eragina dute elkargoak tratatzen dituen hondakinen tonajean.
Kanpalekua eredu bat da hondakin gutiago ekoizten baitu eta ingurunearen zaintzeko ekintzak burutzen baititu. Nazioarteko “Gako Berdea” labela badu aspalditik, baita ere Europako eko-labela turismo iraunkorreko eragileak ezagutzen dituena.

Eta uda oro, kanpalekuak bere bezeroak gonbidatzen ditu Surfriderrek hurbil-hurbil den Mayarco hondartzan antolatu hondakinen bilketara parte hartzera.

Bilketarako taldeak indartuak eta goiz hastetik mobilizatuak

Turismoko profesionalen zaintza biziki baliosa da hondakin-biltzaileentzat, hondakinen kudeaketa-katearen lehen lerroan baitaude. Goizero, 5:15etik aitzina, bilketa-itzuliak egiten dituzte, eta udan biziki gehiago dira, “leku batzuetan hirukoizten ere dira”, Jean-Philippe Bideondoren arabera; hau, Hego Lapurdiko bereizketa-erreferentea da eta hondakin-biltzailea azken 40 urteetan.
Euskal Hirigune Elkargoak eta haren partaideek erabili baliabideen bilakaera positiboaz ohartu da: bereizketa-edukiontzi gehiago, aireko edukiontzi eta edukiontzi lurperatu gehiago, prebentzio-ekintza indartuak, bereziki hondakinak murrizteko eta bereizteko aholkularien bidez, horiek tokian funtsezko aginduak gogorarazten baitituzte, hala nola berina eta etxe-hondakinak ez nahastea.
“Gehiago eta hobeki bereiziz, eta iturrian gutiago ekoitziz, herritarrek - turistek eta bertakoek - sail osoa laguntzen dute: gu, bertan, baina baita bereizketa-zentroetako, birziklatze eta hondakinetako langileak ere”, azpimarratu du. Eta denentzat balio duen erranaldi batez laburbildu du: “Hastapenetik ongi identifikatua den hondakin bat birziklatuko da. Gaizki identifikatu hondakin bat etxe-hondakinetara joanen da eta ez da balorizatuko...”

Bereizketarako laguntza

Citéok garatu “Bereizketa Gida” aplikazioak behar bezala bereizten lagunduko zaitu zure galdera praktiko guziei erantzunez. Estalkien barra-kodeak eskaneatzeko parada ere ematen dizu produktu/partaide den marka bakoitzaren bereizketa-aginduak emanez.

Eta argibide gehiagoren ukaiteko, zoaz Euskal Hirigune Elkargoaren webguneko “Ene hondakinak bereizten ditut, bereizte aginduak” orrialdera.