Txapeldunak: Ipar Euskal Herriko kirolari belaunaldi berri baten potreta

12 eta 23 urte artean dituzte eta haien arloan arras onak dira. Itsasbazterreko salbamenduan, pilotan, tenisean, skatean, arraunketan edo eskubaloian, atleta gazte horiek Ipar Euskal Herriko koloreak gora eramaten dituzte! Bi hitzetan laburbiltzen den arrakasta: pasioa eta diziplina.

Eguneratzea:2025(e) ko azaroaren 7a

Annah Abravanel, 22 urte - Munduko beachflag txapeldun

“Goi maila, gau eta eguneko lana da!” 

22 urterekin, Annah Abravanel beachflageko erreferentea da jadanik, harean dagoen bandera bat ahal bezain laster harrapatzean datzan itsasbazterreko salbamendu proba bat. Donibane Lohizuneko Belharra elkartean hasi zenetik, gaur egun Biarritz Sauvetage Côtier klubean lizentziatua den euskal atletak aitzinamendu izigarri lasterra egin du. Iaz senior saileko munduko txapelketa irabazteaz gain, Australiako txapelketa irabazi du, Europar batek lehen aldikotz lortzen dituen bi balentria!

Marie Goyenetche, 22 urte -  Frantziako pala eta frontball txapeldun

“Ongi finkaturiko errutina segitzen dut”. 

Marie Goyenetchek pilota ezagutu zuen 5 urterekin. Lehenik palan aritu zen frontballa saiatu arte, pilota malgu batekin jokatzen den esku huskaren eratorria. 22 urterekin, senior saileko Frantziako txapelduna da pala zabalean eta Frantziako txapeldunordea frontballean. Senpertarra lan egiten duen Kinka kirol gelan trebatzen da. Garaipen bikoitza du helburu hurrengo munduko txapelketan, bi arloetan, Sain-Pée Union Club elkarteko koloreekin.

Clémence Schneider, 12 urte - Akitania Berriko tenisean bitan txapeldun  

“Edo irabazten dut, edo ikasten dut!” 

Clémence Schneider etorkizun handiko tenislaria da! 12 urterekin, Akitania Berriko txapelketa irabazi du bi aldiz eta aurten bere Europako lehen txapelketa irabazi du Bosnian. Frantziako federazioak sustaturik, 17 orduz trebatzen da astero Biarritz Olympique elkartean. Bere ametsa betetzeko ezinbesteko diziplina: egun batez, Rolan Garros txapelketa irabaztea!

Salomé Harpages, 15 urte - Frantziako street skate U17 txapeldun

“Lehenik libertitu behar da aitzinatzeko” 

Salomé Harpages talentu goiztiarra da. 15 urterekin street skateko Frantziako txapelduna da 17 urtez pekoen sailean. Emaitza bikaina trebatzeak, txapelketak eta lizeoko klaseak orekatu behar dituen biarriztar gaztearentzat. Lassoalai elkartearen galtzarrean, bere lagun skatelariekin sorturiko lehiak animaturik dabil.

Amaia eta Maider Irazoqui, 19 urte - Medaila aniztunak Frantziako arraunketa txapelketan

“Urratsez urrats goaz aitzina!”

Donibane Lohizuneko Ur Yoko elkarteak bi altxor ditu entrenatzen. Amaia eta Maider Irazoqui ahizpek balentria historikoa egin dute iaz juniorretan, hiru aldiz ohore tauladan amaituz Frantziako hiru txapelketa desberdinetan: arraunketa olinpikoa, itsasoko arraunketa eta beach rowing. Metodikoak diren biritxiek beren kirol-proiektua urratsez urrats eraikitzen dute, egun batez Joko Olinpikoetan parte hartzeko xedearekin.

Mailen Hontaas, 23 urte - Atharratzeko eskubaloi talde nagusiko kapitain

“Ez dut nehoiz amore ematen!”

23 urterekin, Mailen Hontaas Atharratzeko eskubaloi talde nagusiko kapitain berria da. Zibero taldean beti ibili den taldeko kirolari ospetsuak merezi duen saria. Gaur egun bigarren mailan ari den gibelari gazteak goragoko mailara igo nahiko luke, duela bi urte bezala, eta taldekideei bere izpiritu konkistatzailea ematen saiatzen da.