KOALIZIOA, Artea, ekologia eta lurraldeak, ekologiaren aldeko oldar erakusketa
2026(e) ko abuztuaren 11a
Uztailean eta agorrilean, publikoak kultur hitzordu franko ukanen du, bereziki Euskal Hirigune Elkargoak lagundurik. Eta ekitaldiek irailera arte iraunen dute, Maitaldiaren 36. edizioarekin. Bozkario jarioa izanen da, segur.
Eguneratzea:2026(e) ko uztailaren 16a
Uztailaren 4tik agorrilaren 30era: data batzuk Ipar Euskal Herrian
Txingili’K, segitu beharreko xiberotar taldea
Txingili’K xiberotar dantza taldeak Euskal Herriko mundu dantzatuen artean zubia egiten du, tradizioaren eta modernitatearen artean. Berritzarekin partekatu Maskaroak proiektuaren ondotik, hamabi xiberotar dantzari gaztek osatzen duten kolektiboak Eta Orai zer ikusgarria proposatzen du, eremu publikorako pentsatua. Kultur transmisioa aipatzeko, ba ote da irudi hoberik ezkontza tradizionalaren objektu nagusia den lore-sortarena baino? “Buketa ez da gehiago igortzen: transmititzen da” dio kolektiboak ikusgarri kantatu eta dantzatu horretan. Euskal Herria Zuzenean festibalean eman ondotik joan den ekainean, ikusgarria Ipar Euskal Herriko toki batzuetan emanen da: uztailaren 4an Gotaine-Irabarnen, 5ean Arrosan, 14an Mauleko bestetan, 26an Makean, eta agorrilaren 16an Luhuson, 22an, Atharratzen, 30ean Eskiulan.
Argibideak Instagram X
Uztailaren 19, 24 eta 26an, Sohütan
Pastorala Lurdes Iriondo omentzeko
Lurdes Iriondoren bizitza da kontatuko Sohütako pastoralean, uztailaren 19an, 24an eta 26an. Leire eta Intza Casamajou-Elkegarai ahizpek idatzi istorioak 1960. hamarkadako euskal kanta berriko ikono horren ibilbidea kontatuko du. Badu hilabeteak 80 bat sohütar errepikatzen ari direla Battita Berrogain errejentarekin. Horien artean: Léa Etchegoyenek Lurdes Iriondo antzeztuko du, eta Fabrice Pinquek Xabier Lete, bere bizilaguna eta kantari ospetsua. Jean-Louis Aranburuk eta Pascale Elichondobordek dituzte kantuak gidatuko; Fabrice Pinque, dantzak.
Lehenbiziko emanaldia uztailaren 19an iraganen da, 15:30ean. Beste bi emanen dira uztailaren 24an, 20:30ean eta uztailaren 26an, 9:30ean. Hiruak Hoki auzoan emanen dira.
Uztailaren 20tik 26ra, Itsasun
Errobiko Festibala: 30. edizioa!
Badu jadanik hogeita hamar urte, Errobiko Festibalak mundu osoko artistak biltzen dituela uztailean. Esperantza eta erresistentzia erritmoek orkestratu polifonia artistikoa da Ezkandrai elkarteak aurten ere proposatzen duena. Itsasun, kontzertuak, dantzak, solasaldiak, ikastaldiak, arte plastikoa eta poesia... Hemengo eta hango artistekin: 30. orroa, Aïda Nosrat, Calamity, Forró da Lua, Harmattan brothers, samba Carla da Silvarekin, euskal dantza Ibawarekin, Lorca siempre omenaldia Beñat Achiaryk, Raùl Cantizano eta Ramón Lopez; Wassim Halal & gamelan Puspawarna: darbuka eta poltsikoko gamelanerako polirritmia garaikideak; Papanosh, jazz inprobisatua, baita ere Roda de Forró, Brasilgo ipar-ekialdeko musika, Rolando Luna, Yaroldy Abreu eta Liliet Orozco... Errobiko Festibalean arte-ibilaldiak ere badira, oihanean edo Itsusiko Harrietan...
Argibideak: errobikofestibala.net/programme
Uztailaren 24an, Hendaian
Raizes ikusgarria: Brasil bihotzean
Dantza Carioca elkarteak antolatu Aupa Brazil festibala Hendaiara itzuliko da uztailaren 24tik 26ra: DJ saioak, batukada karriketan, munduko brasildar zouk lehiaketa, dantza tailerrak... Memento aipagarri batekin: Raizes ikusgarria, uztailaren 24an, artista profesionalek eta Dantza Carioca elkarteko ikasleek animaturik. Memento nagusi horrek Brasilen erdira bidaiatzera eramanen zaitu, bere erroen eta aberastasun kulturalaren artean. Brasilgo eskualdeetako tradizioak, erritmoak eta eraginak esploratzeko parada. Ikustekoa uztailaren 24an, ostiralean, Hendaiako Gaztelu Aretoan, 20:00etatik 21:00etara.
Argibideak: www.aupabrasil.com eta txartelegia Raizes ikusgarrirako. Beste animazioak kitorik dira.
Uztailaren 24an eta 25ean, Donazaharren
Kontrapas, herritarren kabalkada
Kontrapas kabalkadarekin, "alimalekoa eta koloretsua izanen" omen dena, donazahartarrek Donazaharre peñaren 30. urteburua ospatuko dute. Hemen ere, kultura-lotura transmisioa da. Herriko historia aipatuko da, baina bizitza garaikidearen alde batzuk dituzte kontatuko: ihizia, herri kirolak, beilariak... Artista profesionalez inguraturik, herritarrek herriko plaza dardaran ezarriko dute eta ikuskizun goxoa eskainiko dute, beren danborradaren erritmoan. Dantzak izanen dira, kantuak eta antzerkia, Garaziko lurraldetik haratagoko ikusleak ere erakarriko ditu.
Uztailaren 11tik agorrilaren 30era, Bastidan
Bozkarioa eta musika Guinguettan!
Bastidan, Haran bazterrean, Guinguette La Joyeuse dantza-ostatu alegera itzuliko da. Uda honetan ikusgarri eta kultura animazio franko izanen da asteburuetan.
Uztailaren 11tik agorrilaren 30era, Pont-de-Port gunea animatuko da kontzertuekin ostiraletan, tailerrekin eta animazioekin larunbatetan eta dantzaldiekin eta DJ saioekin igandeetan! Hainbat artista programatuak dira: Rita Rita, Oreka Tx, Diluvienne, RTZ + Eenzel, Boule, Akou eta Cocanha.
Irailaren 10etik 21era, Biarritzen
36. Maitialdia: dantza jarioa!
Irailaren 10etik 21era, 36. Maitaldian —Thierry Malandainen azkena—, 80 bat hitzordu izanen dira, eta festibal hastapenean mundu mailako estreinaldi bat. Benjamin Millepied Parisko Opera Nazionaleko balleteko zuzendari ohiak eta New York City Balleteko dantzari izarrak, Summerland aurkeztuko du, November Ultra artistaren pop musikarekin. Lucia Lacarra euskal izar internazionalak maitasunezko epopeia proposatuko du. Martin Harriaguek Awen-Thesacred Veil koru-obra aurkeztuko du, Avignoneko Opera Nagusiko balleteko 14 dantzarik emana, mitologiarekin loturik. Suzko Txoria, Bolero eta Gauerdi eta erdi piezen bidaia artistikoak Malandainen inspirazio-iturriak erresonantzian ezarriko ditu. Euskal sorkuntzari dagokionez, Bilaka kolektiboak Dirau eta Bezperan piezak aurkeztuko ditu. Ibawa laukoteak euskal jendartearen figura begiralea aipatuko du. Hervé Koubiren Sol Invictus 17 hip-hop artistak emanen dute; Rachid Ouramdane fresko zerutarra, 10 dantzari akrobatek. Azken gauza bat: Mathieu Geffréren dance hitzordua, Joy, bozkario jarioa. Maitaldia gehiago ere da: dance floor Plaza Berrin, errepika publikoak, gigabarra hondartza nagusian...
Argibideak: https://www.letempsdaimer.com
2026(e) ko abuztuaren 11a
2026(e) ko abuztuaren 7a
2026(e) ko abuztuaren 5a