Natura 2000: kontzertazioa naturaren babesaren zerbitzura
2026(e) ko uztailaren 17a
Belardi loredunen lehiaketa berriz heldu da Ipar Euskal Herrira. Hazleek maiatzaren 22ra arte dute beren lursailak aurkezteko. Saritzat: diagnostiko agroekologiko bat, profesionalen arteko trukaketak eta, irabazlearentzat, Nazioarteko Laborantza Azokako finala.
Eguneratzea:2026(e) ko maiatzaren 19a
Maiatzaren 28an eta ekainaren 4an, belardi loredunen lehiaketako epaimahaiak borondatezko hazleen lursailak bisitatuko ditu, han hazten diren landare eta belarren bertuteei buruz gehiago jakin nahian.
2024an, Daniel Susperreguy izan zen Ipar Euskal Herriko irabazlea. Suhuskuneko bere sega-belardiak epaimahaia liluratu zuen, bere ardi esnedunen bazkarako edo segarako erabiltzen ziren landare espezieen aniztasunari eta zaindu zuen errekari esker.
2023an, Baigorriko Pierre Monaco ere saritua izan zen. Bere familiako etxaldeak, Sallaberriak, 29 hektarea ditu belardi, larre eta ibilbide pribatuetan; han bazkatzen dira animaliak eta han ekoizten da etxaldeko bazka idorra. Pierrek laborantza estentsiboko praktikak mantentzen ditu, interes komunitarioko sega-belardi pobreen kontserbazioa ahalbidetuz. Lehiaketarako, 3,5 hektareako lursail bat aurkeztu zuen.
«Belardi natural eta koloretsu honek ingurune egokia eskaintzen die erleei, txoriei, narrastiei eta ugaztun txikiei, han ugal daitezen. Hemen ez da ezer erein, ez da produktu fitosanitariorik erabili; ximaurra eta minda bakarrik», azaldu zuen. Belardia mahastiz inguratutako basoek ere inguratzen dute, «bioaniztasunerako abantaila» dena.
«Landareek bertute sendagarriak dituzte»
Bere lursailean, epaimahaiak 18 belar eta lore espezie zenbatu zituen. Pierre Monacoren ustez, aniztasun horrek zuzenean laguntzen du bere abereen osasun onean. «Landareek bertute sendagarriak dituzte», dio.
Udaberrian, belardiaren koloreek «ardien —edo orkatza bezalako basa-animalien— plazera irudikatzen» diote, gustu eta testura desberdinen bila dabiltzanean.
Segur da: «aniztasun hori, produktu kimikorik gabeko belar osasuntsu hori, gasnari gustu ona ematen diona da». Hazleak lehiaketari aitortzen dio ere «landare eta lore aniztasunari buruzko ikuspegi teknikoa».
«Beste hazle batzuk ere interesatu beharko lituzke», dio; aipatzen du ere Laborantzako Azokako finalean parte hartzeko aukera eta beste profesional batzuekin praktika agroekologikoei buruz trukatzeko aukera. Gainera, aukera ona da beren etxalde eta produktuak ikusgarri egiteko.
Belardietan oinarritua da 2026ko praktika agroekologikoei dagokien laborantza lehiaketa orokorraren edizioa —belardi eta udako larreei buruzkoa— eta Natura 2000 sareko Euskal Herriko 8 gune hartzen ditu: Biduze ibaia, Errobi, Urdazuri, Baigura mendigunea, Larrun eta Xoldokogaina mendigunea, Mondarrain eta Artzamendi mendigunea, Donibane Garaziko mendiak eta Aldudeko mendiak.
Parte hartu nahi duten hazleek Natura 2000 gune bakoitzeko animatzaileekin harremanetan sartu behar dute zuzenean:
https://www.communaute-paysbasque.fr/eu/ura-ingurumena-eta-energia/natura-2000-guneak-ipar-euskal-herrian
Bisitaldiak maiatzaren 28an eta ekainaren 4an egingo dira, nekazaritza arloko eragileek, agronomoek eta naturalistek osatutako epaimahai batekin. Aurkeztutako lursailen agronomia, ingurumen eta paisaia mailako kalitatean oinarrituta, oreka agroekologikorik onena hautatuko dute.
Irabazleak bikaintasun saria jasoko du Lurraman eta 2027ko Parisko Nazioarteko Laborantza Azokako Frantses Estatu mailako finalerako hautatua izango da.
2026(e) ko uztailaren 17a
2026(e) ko uztailaren 10a
2026(e) ko uztailaren 3a