Aitortza bikoitza Biarritzeko Maentler diseinu estudioarentzat

Maentler, Biarritzeko barne-arkitektura eta diseinu estudioa saritu dute berriz ere, Euskal Herriko tradizioan inspiratutako Argi objektua sortu duela eta. French Design sariaren 100 irabazleen artean hautatua izan da Grand-Palais-en, eta gero Milanen erakutsia. Elodie Maentler eta Marc-Alexandre Ducoté-ren hamar urteko lana saritua izan da. Biarritzen diseinuari eskainitako leku berezi baten buru dira biak.

Eguneratzea:2026(e) ko maiatzaren 22a

Objektu berezia Biarritzeko diseinuari osoki eskainitako galeriaren erdian da ikusgai. Haren izena: Argi. Bere berezitasuna: hiru batean biltzen dituen objektua da, batzuetan aulkitxo, besteetan mahai lagungarri edo mahai erdiko apaingarri bihurtzen dena. Maentler arkitektura-agentziak sortua, French Design sariaren (FD100) 100 irabazleen artean ohoratua izan da apirilaren hasieran Grand-Palais-en egin zen ekitaldian. Ondotik, nazioarteko erakusketa batean parte hartu du Milaneko Brera Design District-en, French Design Défilé ekimenaren baitan.

« Gure diseinu-agentziarentzat, benetako aitortza da gure parekoen aldetik », azaldu du pozik Elodie Maentler-ek. « French Art Design sariaren sortzailea den VIA erakundea, modaren munduan Haute Couture-aren ganberaren parekoa da ». Sari horrek nazioartean Frantziako sorkuntza distirarazten duten diseinu-proiektuak, objektuak eta espazioak saritzen ditu. Diseinu eta dekorazio munduko izen handiak biltzen ditu ere: Orient-Express trenaren diseinatzailetik hasi eta Parisko Arte Apaingarrien Museoko zuzendariaraino.

Objektuen bidez lurraldeaz mintzo dira

Ia hamar urte dira Elodie Maentler-ek eta bere senar Marc-Alexandre Ducoté-k artearen eta diseinuaren arteko bidegurutzean kokatzen den leku harrigarri hau sortu zutela, Biarritzeko Trois Fontaines karrikan. Han, duela hamazazpi urte sortutako Maentler agentziak “du côté” bildumarako lanak diseinatzen ditu, gero izen bereko galerian erakusten direnak. Tokiko 25 artista eta artisauen sarearekin batera, « denborari aurre egiteko sortuak diren objektu diseinatu eta funtzionalak » egiten dituzte.

Transmititzea dute oinarri. « Luzaz iraungo duten objektuak sortzea dugu helburu, bizimoduetara egokitzen direnak eta beren lurraldean sustraituak direnak ». Hala, Argi objektuak Euskal Herriko memoria berrasmatzen du. Argizaiolan inspiratua da, egurrezko euskarri baten inguruan bildutako kandela mehean, erritu erlijiosoetan erabiltzen zena. « Argizaiola-kandela baten oroitzapen diren forma horiek Sergio Camargo eskultore brasildarraren geometria garbiari eta lanei egiten diete oihartzun », azaldu du arkitektoak.

Egurra Xavier Favaro Landetako zurginak landu du, eta muntaketa Hendaiako Entsia zurgindegian egin da. Beste ezaugarri bat: hemen ez da hondakin alferrikakorik sortzen. « Zurginari galdetu genion zein zen galera gabe torneatu zezakeen egur puskarik handiena ». Pago zurezko pieza masibo bernizatu horretatik abiaturik, piezak moztu eta elkarren barnean sartu dituzte hiru elementuz osatutako multzo biribildua sortzeko: Argi bat, bi eta iru.
Ebolutiboa denez, Argi bizi den tokira egokitzen da. « Jendeak bidaiatzen du, etxez aldatzen da. Objektu honek bere lekua libreki aurkituko du », dio barne-arkitektoak.

Ekainetik goiti, publikoak objektu sinboliko hau deskubritu ahal izango du “du côté” galerian, beste obra batzuen artean: Haya eserleku txikia, Hiru Koroetako mendigunean inspiratua; Zaho horma-argia, Aldudeko aztarnategi arkeologikoari erreferentzia eginez; Maddi mahai baxua; Txatxo eta Suargia eskulturak… Edizio mugatuan sortuak, guztiek euskal ondare biziaren irudi garaikidea eskaintzen dute.

Estudioaren lana hemen deskubritu daiteke: Maentler. Ordutegi bereziak webgunean jakinaraziko dituzte.