Herriko eta herriarteko hauteskundeak: nola funtzionatzen du?
2026(e) ko martxoaren 6a
Martxoaren 8a baino aste bat lehenago, Euskal Elkargoak sentsibilizazio-kanpaina handi bat abiatu du, ondoko lemarekin: emazteek lortutako eskubideak denetan defendatu. Egunerokoan engaiatuak diren profesionalek eta bolondresek beren esperientzia kontatzen dute.
Eguneratzea:2026(e) ko martxoaren 2a
“Behin betiko” lema hautatu dute Euskal Elkargoak eta emazteen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko elkarteek Martxoaren 8rako. Mobilizazio orokorrerako dei bat, gizarteari erne egoteko galdetu eta emazteen eskubideak dudan ezartzen diren leku guzietan defendatzeko. Triptiko gisa pentsatua, kanpainak hiru mezu nagusi azpimarratzen ditu.

Abortu eskubidea, engoitik konstituzioan idatzia
Baga: emazteek beren gorputzari dagozkion erabakiak hartzeko duten eskubidea. Azken urteetan aitzinamendu ohargarriak egin dira Frantzian. Abortatzeko eskubidea 2024ko martxoaren 8an Konstituzioan sartzeak oinarrizko askatasun bat finkatu du, eztabaida publikoan zenbaitetan zalantzan jarria izan dena. Ekintza sendo hori beste neurri lagungarri batzuekin batera etorri da: abortuaren praktika emaginei irekitzea eta baitezpadako gogoeta-epea kentzea, larrialdiko antisorgailuaren doakotasuna (errezetarik gabe eskuragarria, adingabeentzat zein helduentzat), edota antisorgailu-sistemen doakotasuna 26 urtera arte, neskentzat zein mutilentzat, medikuaren agiriarekin.
“Baina erne egon behar da", ohartarazten du Julie Rose mediku orokorrak. "Legeak Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren (HBE/IVG) askatasuna bermatzen du, eta hori benetako aurrerapausoa da, baina ez du helgarritasunaren eskubidea bermatzen.
Hemen, Ipar Euskal Herrian, lurralde-sare ona dugu, ospitaletik kanpo ere osasun-profesional ugari baitaude, pozten da mediku gaztea". Hala ere,atzera-pauso baten beldur ere bada, “Estatu Batuetanikusten den bezala, non hurbileko egiturak ixten ari diren diru-laguntza ezaren ondorioz”. Gai hauetan oso engaiatua, Julie boluntarioa ere bada Planning familial Pays Basque elkartean. Maiz aritzen da eskola-ingurunean, eta “Sex and roses” bere podcast propioa sortu du, sexualitatearen inguruan oraindik biziki presente diren tabu asko hausteko. “Gai hauei buruz askatasunez hitz egin ahal izatea eta informazio egokia emateaezinbestekoa da, abortuaren aurkako diskurtsoen edo diskurtso maskulinisten berpiztearen aurrean”. Horrez gain, gogorarazten du mediku orokorrarekin gai horiek lantzeko kontsulta berezia Gizarte Segurantzak guztizordaintzen duela 26 urtera arte.

Soldata-desberdintasun iraunkorrak
Biga: emazteen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna. INSEEren 2023ko ikerketaren arabera, sektore pribatuan emazteen batez besteko lan saria oraindik gizonena baino %22 apalagoa da. Pareko lanpostu eta lan-denbora denean, ezberdintasuna murrizten da, baina garrantzitsua gelditzen da: %14 ingurukoa. Esparru publikoan soldata-taulak arautuak dira, eta aldea apalagoa da, baina hala ere existitzen da: %8 ingurukoa lurraldeko funtzio publikoan, %13koa Estatuko funtzio publikoan eta %18rainokoa ospitaleetako funtzio publikoan. Profil bera izanik, kopuru horiek anitz apaltzen dira, %3 eta %4 artean. Azken urteetako desberdintasunen beheranzko joera azkartzeko, botere legegileak berdintasun profesionalaren indize baten urteroko argitalpena derrigortu du: 2019az geroztik 50 langiletik gorako enpresetan, eta 2023az geroztik funtzio publikoan. Adierazle horrek emazteen eta gizonen arteko soldata-aldeak neurtzen ditu, bai eta banakako soldata-igoerak edo emandako promozioak ere. 100 punturen gain neurtua, 85 puntutik beherako emaitza duten eragile guziei ekintza-plan bat plantan ezartzea galdetzen zaie.
Ezagupen desmartxa, ekintza gidatzeko
97ko emaitza kasik perfektuarekin, eredu gisa ageri da Habitat Sud Atlantic. Euskal Hirigune Elkargoko etxebizitza sozial hornitzaileak 146 pertsona enplegatzen ditu (kasik denak zuzenbide pribatuko kontratuekin), eta horietatik hiru laurden emazteak dira.
“Emazteen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko gure ekintzak Ingurumen eta Gizarte Erantzukizunaren ikuspegi orokorrago batean txertatzen dira, 2022tik abiatua eta AFNORek (Frantziako Normalizazio Agentzia) etiketatua”, azaltzen du Véronique Parenteauk, giza baliabideen zuzendariak.
“Ezagupen desmartxak, plan egituratu bat martxan jartzeko aukera eman digu, jarraipen-adierazle zehatzekin.” Adibidez, 2025ean, 91 emaztek jaso dute prestakuntza, gizonak 39 izan dira; haurdunaldi edo guraso opor guziak ordezkatu dira, eta %100ek lortu dituzte galdetu lanaldi partzialak (hauek derrigorrezkoak ez izanik ere). Diskriminaziorik gabeko politika honek ondorio bikoitz positiboa du: erakundea erakargarriagoa bihurtzen du, “bereziki gazte belaunaldientzat, hauek gai horiekiko sentikorrak izaki”, eta langileen ezegonkortasuna murrizten du. HSAko langileek batez beste 12 urte daramate lanean, Frantziako kontratu mugagabe batek 4,3 urteko iraupena duelarik!
Kontratazioan irizpide argiak
Araudirik bete behar ez duten enpresa txikienetan, berdintasun handiago baterako bidea anitzetan zuzendaritzaren borondatearen araberakoa izaten da. Purenat enpresaren sortzaile eta bi haurren ama den Natacha Kinadjian Caplatentzat, gaia ez da inoiz eztabaidagai izan. “Nihaur emaztea izanik, kontrakoa egitea lotsagarria litzateke!”, dio irribarrez. Start-up gazteak gaur egun 10 langile ditu, parekidetasun osoarekin. Gakoa, haren ustez: soldatak finkatzeko irizpide argiak definitzea. “Lanpostu berdinarentzat, soldata-taula bera errespetatzen dugu, gutxieneko eta gehieneko heina publikoki agertuz. Gaitasun eta esperientziak baizik ez dute ezberdintasuna egiten”. Amatasunaren gaia ere ez da sekula oztopo izan taldean emazteak kontratatzeko. Eta duela aste batzuk parlamentariek onartutako jaiotza-baimen berriari esker, “gizonek ere hiru hilabetez gelditzeko aukera dute orain, haurraren zaintzarako”.

Emazteak boterean: aitzin-pauso mugatuak oraindik
Funtsezko galdera gelditzen da: emakumeek goi-mailako karguetara iristea, bertan baitira boterea eta ordainsari handienak. Hemen ere, nolabaiteko ekintzarik ezari aurre egin nahian, arau-esparru bat ezarri da. 2021eko Rixain legea betetzeko, enpresa handienek (1.000 langiletik gorakoek) gutxienez %30 emazte izan beharko dituzte zuzendaritza-postuetan eta erabaki-organoetan 2026an, eta %40 2029an. Hala ez bada, zigorrak jasoko dituzte. Azken inkesten arabera, helburu hori kasik lortua da jada, baina Claire Latailladek, EBA kolektibo feministako militanteak, ñabardura egiten du: “Zein postutan dira egiazki? Hurbilagotik begiratzen badugu, ikusten dugu emazte zuzendariak oraindik ere gutxi direla ».
Politikan: emazteak ez beti postu beretara esleitu
Politikaren arloan ere, “gauza bera da”, deitoratzen du. Azken herriko bozetan ikusi den emazteen presentzia handiagoak segida izan behar luke datorren martxoko bozketan, orain herri guztiak parekidetasun zorrotzaren menpe baitira (lehen, 1.000 biztanletik beherakoek salbuespena zuten). Debekatua da, halaber, panachage-a egitea, hau da, bozkatzeko momentuan zerrenda bateko izenak ezabatzea. Hautagaiek zerrenda bakarrak aurkeztu behar dituzte, gizon-emazte alternantziarekin.
“Egiazko aitzin pausoa da. Baina arazoa da ondotik emazteak sarritan funtzio beretara bideratzen direla: haurtzaro txikia, kultura, osasuna. Eta alkate hautatuak direnean ere, zenbaitetan beren autoritatea ezartzeko zailtasunak dituzte”.
Genero-estereotipoen kontra borrokatzeko —eta batzuetan auto-zentsuraren kontra ere—, Ipar Euskal Herrian emazteen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko gida sortua du EBA-k, Euskal Hirigune Elkargoarekin batera. Hautetsien artean banatzeko asmoa du hauteskundeen ondotik. Hamalau fitxa praktiko, eguneroko bizitzako arlo guztietan berdintasunak eta emazteen eskubideek benetan aitzina daitezen.
“Haurtzarotik landu behar dira gai horiek, eskolan adibidez jolas-orduetako espazioak generorik gabe antolatuz!”, azpimarratzen du.
2026(e) ko martxoaren 6a
2026(e) ko martxoaren 02etik 2026(e) ko martxoaren 13ra
2026(e) ko otsailaren 26a