Oztibarren, emazteek euskal ihauterien kodeei aldaketak ekartzen dizkiete

Oztibarre ibarreko hamabost bat emaztek Basandereak elkartea sortu dute, emazte-joaldun talde bat, basanderearen mitologiazko pertsonaiaz berriz jabetuz. Ibarrari kultura-dinamika berri bat ekartzeko xedea dute.

Eguneratzea:2026(e) ko urtarrilaren 23a

Basandereak Plazandere proiektu deialdiaren saridunetariko bat da, Euskal Hirigune Elkargoak baserrialdean emazteen lekua balioan ezartzeko asmoz abiatu duena. “Proiektu deialdi horrek gaitu bultzatu, besteak beste,” dio Eztitxu Lacor-ek, elkartearen boz eramaileetariko bat, Alicia Bassagaisteguyren ondoan. “Jadanik bildu ginen ibarreko dantza taldearen 50. urteburua kari, eta ihauterien inguruko dinamika bat sortu nahi genuen. Gure xedea zen neguburua berriz ospatzea ibarrean, euskal neguko kulturaren aberastasuna indarberritzea, azken urte hauetan ibarrean doi bat desagertuz zihoazen mito eta pertsonaiak berpiztea.”

Basandere, pertsonaia nagusia eta aldarrikatua

2020an jadanik, ibarreko eragile batzuek libertimenduak berpiztu zituzten, udaberriaren etorrera ospatzen duen ikuskizuna. Basandereak taldeko neskek diotenez, joare joileak eta ihauterietako pertsonaia famatuak diren joaldunen kultura berriz agerian ezartzea zen asmoa, emazte itxurako moduan, basanderearen pertsonaiaz berriz jabetuz. 
Zerk ditu ohiko joaldun taldeetatik bereizten? Jantziak, noski, basanderearenak, eta bereziki txapela. “Gure txapela sorginaren mitoan oinarritzen da gehiago, kolore anitzeko xingolekin, hezurrak eta buru hezurrak basa kutsua adierazteko, baita izadia eta animaliekiko lokarria ezaugarritzeko ere”.

Gaineratekoari dagokionez, euskal herrietako karrika eta etxarteetan oldarrean abiatzen direlarik, desfile berdina eta jestu berdinak dizkiete ikusleei eskaintzen. Ibarreko adinekoen eta Anhauzeko joaldunen ondoan ikasiriko jestuak. Haien ondoan ere ikasi zuten joaerak nola lotu eta lehen emanaldia nola egin. Thierry Truffaut Euskal Herriko ihauterien aditu ospetsuaren ondoan ere anitz ikasi dute.

Lurraldean gero eta azkarragoa den presentzia

Lehen emanaldietariko bat Espelletenian iragan zen, Larzabaleko ostatu-jatetxea, Debrien ekitaldia kari, Baipelletenia elkartearekin antolatua. 2025ean, Basandereak elkarteko emazteek ateraldi ugari egin dituzte: Anhauzeko ihauteriak, Bekat’uros, LGBT eskubideen aldeko ekitaldia Atharratzen, Nafarroaren eguna, Aberri eguna, Oztibarreko ikastolak antolaturiko Eguberri gaualdia, familia plangintzak antolaturiko emazteen eguna Baionan, Gudari eguna Izuran...   

Bunuztar Xoriak tokiko dantza taldeak ibarrean antolatu nahi duen ihauterietan ere parte har dezakete.
Beren ateraldi ugariren artean, beste hitzordu nagusia: korrikaren abiatzea Atharratzen. “Onarpen ederra” dio Eztitxuk. 
Hastapenean Basandereak taldea 20-40 urte arteko emaztez baizik ez bazen osatua ere, orain gizon batzuek nahi lukete elkartean sartu. “Gauza biziki ona da” pozten da Eztitxu, Oztibarrekobasandereak deitzen den Instagram orrialdearen bitartez, Oztibarren kultura bizkortzean parte hartu nahi duten guziak beraiekin biltzera deitzen dituelarik. Deia zabaldua da.