Turismo bizitegien mugatzea : garaipen juridiko garrantzitsua euskal hirigune elkargoarentzat
2026(e) ko ekainaren 12a
Nola egingo dio aurre Ipar Euskal Herriak ur eskasiari datozen hamarkadetan? Galdera hori izan da eztabaidagai ostiral honetan Angelun antolatutako hitzaldi-tailer batean. Ekitaldia CNRS eta Université Rennes 2-ren ikerketa-programa baten baitan antolatu da, uraren kudeaketa iraunkorrari buruz. Elias Ganivet proiektuaren arduradunak herritarren parte-hartzearen alde egiten du, erronken neurriko irtenbide partekatuak atzemateko.
Eguneratzea:2026(e) ko ekainaren 3a

Lurraldeak ur-baliabidearen kudeaketa xumeago eta iraunkorragoa ezartzen laguntzea da PAGAIE ( Paysages scénArisés pour une Gestion participAtIve de l’Eau ) ikerketa-programaren helburua. Frantzian hiru lurralde hautatu dira esperimentazio-eremu gisa: Morbihan, Annecy eta Ipar Euskal Herria. Zergatik hautatu duzue gure lurraldea?
Elias Ganivet: Hasieran, ikerketa-programa Morbihanen abiatu zen, Lorient Hirigunearekin batera. Gero, gure lana beste lurralde batzuetara zabaltzea erabaki genuen. Euskal Herriak bazituen Bretainiarekin antzekotasun batzuk: eskualde turistikoa da, klima ozeanikoa du, baina aldi berean baditu berezitasun interesgarriak ere. Batetik, mendialdeko erliebeak dinamika hidrologiko desberdinak sortzen ditu; bestetik, bertako laborantzak Bretainiako eredutik bereizten diren ezaugarriak ditu, arrazoizkoagoa da. Alderdi fisikoez gain, hemen laguntza handia jaso dugu Euskal Elkargoaren aldetik. Erakundeak ordurako urrats garrantzitsuak eginak zituen gai honetan, bereziki ur-baliabidearen erabilgarritasunari buruzko azterketa prospektibo baten eta idorte-plan baten bidez. PAGAIE proiektuko gure beste bazkideak, Water Family elkarteak, tokiko eragileak mobilizatzeko lan baliotsua egin du.
Hemen berrogeita hamar urtera begira hainbat agertoki landu dituzue, klima-aldaketa ez ezik gure hautu kolektiboak ere kontuan hartuta. Zer espero dezakegu?
Elias Ganivet: Klimari dagokionez, estatu mailan definitutako erreferentziazko ibilbidean (TRACC) oinarritu gara. Horren arabera, mendearen bukaerarako tenperatura lau gradu baino gehiago igoko da. Dinamika horiek hobeki ulertzeko, beti erakusten ditut azken 50 urteetako bilakaerak. Azken bost hamarkadetan ikusi ditugun fenomenoak areagotu egingo dira datozen 50 urteetan. Tenperaturak igotzen jarraituko du urte-sasoi guztietan, bai udan bai neguan. Klima beroago batean, landareek gehiago izerditzen dute eta gainazaleko ur gehiago lurruntzen da; beraz, mekanikoki ur gutxiago izango dugu. 2075ean, udako ibai-emariak gaur egungoen erdia izan litezke batez beste, eta urte batzuen buruan egoera muturrekoagoa izan daiteke. Bestalde, udako prezipitazioek apaltzen segituko dutela aurreikusten da. Horrek eragin handia izango du ura baliatzeko moldean, garai horretan ustiatzen baita gehien. Aldi berean, Ipar Euskal Herriak neguan eurite handiagoak ezagutu ditzake, uholde-arrisku handiagoekin. Litekeena da, halaber, udan ekaitz bortitzagoak izatea eta maizago gertatzea. Hori da oinarrizko testuingurua. Horren gainean, badaude tokiko ibilbide edo agertokiak, gure erabaki kolektiboen araberakoak izango direnak.
Zer dira tokiko ibilbide horiek?
Elias Ganivet: Tokian tokiko egokitze-estrategiak dira. Horiek joerak larriagotu edo arindu ditzakete. Hirigintzari begiratu diogu, adibidez. Zenbat eta lur gehiago betoiz estali, orduan eta ur gutxiago xurgatuko dute lurrek. Horrek eragina izango du akuiferoen berritzapenean, baina batez ere lurreko euri uren xurgatzean. Hala, udan gertatzen diren euri-jasa handiek uholde handiagoak eragiten ahalko dituzte. Beste faktore batzuk ere badira: larreak laborantza-lur bihurtzea edo hezeguneen desagerpena. Horiek guztiek uraren moteltze naturalean eragiten dute. Gaur egun ingurune horiek nahiko presente badira ere Ipar Euskal Herrian, etorkizunean galtzeak lehorte eta uholde gertakariak areagotuko lituzke. Azkenik, ur-hartzeak aztertu ditugu, bereziki udan. Gaur egun, ur-kontsumoa negukoa baino bi aldiz handiagoa da jadanik. Argi da ezin izango dugula askoz harago joan. Aldi berean ureztatutako azaleren hedapena handitzen bada —gaur egun oraindik mugatua bada ere—, baliteke uraren erabileren artean lehentasunak ezarri behar izatea. Hobe da gai horiek aurrez lantzea eta gaurdanik irtenbide partekatuak bilatzea.

Hain zuzen ere, joan den ostiralean parte-hartze tailer bat antolatu zenuten Angelun, ekintza-bideak identifikatzeko. Zer interes du halako urraspide batek?
Elias Ganivet: Ostiraleko jardunaldia une garrantzitsua izan zen, kasik hiru urteko ikerketa-lanari bukaera eman baitzion. Euskal Herriak aitzinean izan ditzakeen agertoki ezberdinak aurkeztu genituen, baina ez genuen hitzaldi magistral soil batera mugatu nahi. Horregatik, hitzaldi-eztabaida parte-hartzaile baten formatua asmatu genuen. Parte-hartzaileek lurraldea erresilienteago bihurtzeko neurri zehatzen inguruan lan egin zuten: uraren erabilerak, ur-jarioen moteltzea edo trantsizio horiek laguntzeko tresnak aztertuz. Proposamen anitz agertu ziren. Bereziki gogoan dut uraren parlamentu baten sorrera; horrek herritarrak gehiago lotuko lituzke erabaki estrategikoetara. Beste gai batzuk ere agertu ziren, hala nola fiskalitatea: uraren prezio progresibo baten ezartzea eta urtarokotzea, gehien kontsumitzen dutenek gehiago ordain dezaten. Era berean, hiriguneen lurzoruak iragazkorrago bihurtzea eta hezeguneak babestea proposatu zen, ura lurrean modu eraginkorrean atxikitzeko. Beste bide batzuk ere aipatu ziren: agroekologiaren sustapena, laborantzarako ur-biltegiratzea edo tratatutako hondakin-uren berrerabilpena.
Zer bilakatuko da lan hau?
Elias Ganivet: PAGAIE proiektuak garatzen segituko du eta CNRSren PISE programan (Ingurumen eta Gizarte Inpaktua duten Proeiktuak) txertatuko da. Lehenik eta behin, egindako lan guztiaren sintesia osatu behar da. Helburua litzateke lurraldeko hautetsiei Uraren Erresilientzia Plan orokor bat proposatzea, politika publiko guztiak batera kontuan hartuko dituena. Bestalde, ikerketa zabaldu nahi genuke. Orain arte, batez ere Errobi ibaietan eta Euskal Kostaldeko arro hidrografikoetan aritu gara. Etorkizunean, azterketa Biduze eta Uhaitza ibai-arroetara ere hedatzea gustatuko litzaiguke, bereziki laborantzaren ikuspegitik interes bereziak dituztelako. Azkenik, metodologia tokiko maila batera eramatea ere nahi genuke, lurraldeko herriei programa hau proposatuz. Gainera, interesa duten herriek dagoeneko erabil dezakete ostiralean aurkeztu genuen Euskal Herriko uraren etorkizun posibleei buruzko erakusketa, Euskal Hirigune Elkargoari eskaera eginez.
2022ko idorte handia gertatu baino lehenago ere, Euskal Hirigune Elkargoak ur eskasiaren arazoa aitzinetik identifikatu zuen. Klima-aldaketaren ondorioz 2040rako ur-baliabidea %30 murriztu zitekeela erakusten zuen 2020an argitaratutako txosten batek jadanik. Ur eskasia saihesteko, elkargoko hautetsiek 2023ko uztailean Idorte Plan handia onartu zuten. Hartutako neurriak emaitzak ematen hasi dira jadanik: hiru urtean, ur-kontsumoa %6 apaldu da, hau da, gutxi gorabehera Biarritzeko urte osoko kontsumoaren pareko aurreztea.
2026(e) ko ekainaren 12a
2026(e) ko ekainaren 10a