Euskal ondarea: mapa interaktiboa denboran gibelera egiteko

Euskal ondarearen lehenbiziko mapa interaktiboari esker, Euskal Elkargoak gure lurraldeko milaka eraikin ohargarriren historian murgiltzen gaitu. Norbere auzoaren edo herriaren iraganari begirada berria eskaintzeko parada.

Eguneratzea:2026(e) ko abuztuaren 5a

Nehoiz ikusi gabeko proiektua da Euskal Elkargoak proposatzen duen hau. Euskal ondarearen lehenbiziko mapa interaktiboari esker, orain posible da klik gutitan gure inguruko eraikin eta elementu historiko ohargarrien ezagutzea.

Milaka leku historiko

Plataforma horrek, lehenbiziko aldiz, milaka erreferentzia biltzen ditu Monumentu Historikoetatik, eskualdeko ondare-inbentarioetatik eta Herriarteko Tokiko Hirigintza Planaren (hTHP) karietara herriekin egin partaidetza-inkestetatik hartuak. Jakin-min handikoentzat eta historia-zaleentzat pentsatua, irakasleentzat eta adituentzat, tresna berri horrek datu-base anitzetan barreiatua zen ezagutzara sartzea errazten du. 

Interesgune gehienak argazki edo artxibo historikoen bidez ilustratuak dira, eta haien iragana, arkitektura-ezaugarriak edo ondarearen garrantzia erakusten duten dokumentazioa ere badute. Sailkapen batek nabigazioa ere errazten du, guneak gai nagusien arabera bilduz: arkitektura erlijiosoa, bizileku tradizionala, ondare militarra, ingeniaritza egiturak, eraikin publikoak…

Bere balio dokumentalaz gain, mapa horrek gure historia kolektiboaren alderdi ezezagunak eta batzuetan ahantziak ere erakustera ematen ditu. Hemen, etxalde zahar bat, han, jauregi bat, eta hemen berriz, eskola baten, eihera zahar baten edo hospizio baten hondakinak. Aro eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzen ditu, eta lurralde bera bizitzeko molde desberdinak kontatzen. Gure inguruneari begirada sentsibleagoa eta sakonagoa eskaintzeko gomita.

Ba ote zenekien?

2021ean, Euskal Hirigune Elkargoak “Ondarearen inbentarioa” egiteko eginkizuna sortu zuen, Akitania Berriarekin erdizka finantzaturik. Erronka: Ipar Euskal Herriko ondarea hobeki ezagutzea eta ezagutaraztea. Bildu ezagutzek gure lurraldeko eraikin eta elementu ohargarriak zaintzen ere laguntzen dute Herriarteko Tokiko Hirigintza Plana (hTHP) eta laster obratuko den Euskal Mendiko Eskualdeko Parke Naturala apailatzeko tenorean.