Euskaldundu : Helduek euskara intentsiboki ikasteko burtsaren lehen izen-emate kanpaina Abiatu da

Euskaldundu, helduek euskara intentsiboki ikasteko burtsa, idekia da bere lehen izen-emate kanpainarentzat. Galdeak apirilaren 15erarte egiten ahal dira iraliletik goiti murgiltze ikastaldiak burutu ahal izateko.

Eguneratzea:2025ko otsailaren 26a

2024ko abenduaren 7an, Elkargo kontseiluko hautetsiek Euskaldundu egitasmoaren sortzea bozkatu zuten, helduei zuzendu euskara ikasteko burtsa. Burtsa honekin, Euskal Elkargoa ikasle, langile gazte eta gurasoei zuzentzen zaie bereziki, funtsezko adin tartea baita hau hiztun kopurua egungo %21etik %30era igo dadin 2050 urterako.

Euskaldunduren anbizioa hiru urtez 200 pertsona laguntzea da haien ikas-prozesuan 350 000 €-ko aurrekontu bati esker. Burtsaren hartzekodunek Ipar Euskal Herrian bizi behar dute eta euskara ikasteko formakuntza intentsibo batean engaiatu behar dute, lan, elkarte edo proiektu pertsonal baten baitan.

Egunerokoan euskararen erabilera errazteko burtsa bat

Euskaldundu profil guziei zuzentzen zaie egunerokoan euskararen erabilera sustatzeko. Hona bereziki hunkitu nahi dituenak:

  • gazte eta ikasleak
  • beren haurrak eredu elebidunean edo murgiltze ereduan lagundu eta hizkuntza transmititu nahiko luketen gurasoak
  • lanean ari diren helduak, euskara beren lanbidean erabiltzen ahalko dutenak
  • gaueskolako ikasleak, beren ikas-prozesua azkartu nahiko luketenak, formakuntza intentsibo bati uztartuz
  • 24 000 euskaldun hartzaileak, euskara ulertu bai baina mintzatzeko gai ez direnak.

Denen beharretara egokitzen den burtsa

Euskaldunduri esker 200 burtsa arte emanen dira ikasle bakoitzaren formakuntza denboraren arabera. Burtsaren balizko zenbatekoa hautagaiaren eta xede-maila erdiesteko beharrezkoak diren orduen arabera kalkulatua izanen da.  

Hala nahi dutenek beren hautagaitza aurkez dezakete gutienez astean 30h irauten duen formakuntza batentzat, aste zenbait irauten duen ikastaldi intentsibotik hasi (120 ordu) eta ikasturte osoa har dezakeen formakuntza arte (1 500 ordu). Formakuntzaren helburua hiztun autonomo bilakatzea da (B1, B2) edo esperientzia duena (C1).

Dirulaguntzak formakuntzaren gastu pedagogiko guziak estaliko ditu. Ipar Euskal Herrian, Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan burutzen ahalko da.

Izen-emateko epea idekia da eta 2025eko apirilaren 15ean itxiko da, gauerdian.

Atzeman itzazu informazio praktiko guziak urraspidearen aurkezpen orrialdean.