4. atala – Agertokira igaten dira, aurreiritziak gainditzeko
2025(e) ko abenduaren 11a
Irailaz geroztik, euskarako eta euskal kulturako lehen irakaspen tailerrak ematen dizkiete Baionako Europako eta Nazioarteko Ikasketak Kolegioko hamar bat ikasleri. Lehen irakaspen horien ondotik, nahi izanez gero, Euskal Hirigune Elkargoaren Euskaldundu bekaren bidez finantzaturiko formakuntza sakonago bat egin dezakete ikasle horiek.
Eguneratzea:2025(e) ko urriaren 23a
Ontsalaz, ingelesa eta gaztelania ikasten dituzte zuzenbide publiko edo penaleko, mugaz gaindiko eta nazioarteko lankidetzako eta abarreko unibertsitate ibilbideetan. Gainera, oraindanik, euskararen munduan murgiltzen dira hamar bat ikasle, Euskal Hirigune Elkargoak eta haren partaide Plazara kolektiboak proposaturiko formakuntza berezi baten bidez. Euskaldundu izena duen tailer ziklo bat segitzen dute –Euskal Hirigune Elkargoak plantan ezarritako dirulaguntzaren izen berekoa–, ikasleak euskararen biziberritze dinamikan engaiatzera bultzatzeko (irakurri, bestalde).

«Formakuntzaren hurbilpen ludikoa eta praktikoa»
Urriaren 16a, osteguna. 16:30ek jo dute Baionako 2EI (Europako eta Nazioarteko Ikasketak) Kolegioan. Bastien han dago, tenorea baino goizago. Ikasturte sartzetik ez du saio bat ere huts egin, eta arras kontent dela dirudi. «Gustatzen zait lehen irakaspen horien hurbilpen ludiko eta praktikoa. Pista joko bat egin genuen kanpoan, eta kafetegian rol joko bat ere, ostatuan manatzen ikasteko. Ongi zen!», dio zuzenbide publikoko eta zientzia politikoetako lizentziako ikasleak. «Talde ttipitan biltzeaz eta, euskarazko oinarrizko ezagutzak izateaz gain, euskal kulturaren eta soziologiaren zati batzuk jorratzea» goretsi du. «Alderdi linguistiko bakarrean zentratuta ez egotea» gustatzen zaie ere Jade eta Zoe mugaz gaindiko eta nazioarteko lankidetzako masterreko lehen urteko ikasleei.
Haiek bezala, Mathilde, Faustine, Déborah, Adrien eta abar erakarri ditu Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateak euskarako lehen irakaspeneko saio horiek segitzera. Île de France, Bretainia, Dordoina, Loira Ibarra eta beste leku batzuetatik etorritakoak dira, ez dira euskaldunak, eta «kultura eta identitate berezi hori hobeki ulertzeko» gogoz daude. Parte-hartzaile bakarra da bertakoa: Mathilde baionarra. Beraz, badu “belarria” eta baditu kodeak. Maitena, aldiz, Pariseko eskualdekoa da; haren amatxik bazituen loturak Euskal Herrian, baina, dioenez, «euskara galdu zen gure familian». Orduan, izugarri maite duen hizkuntza horri berriz lotzeko, abentura horretan parte nahi izan du.
21 orduko xarma
Egun hartan, zortzi ikasle hirugarren saioa segitzen ari dira. Orotara, zazpi saio izanen dira; hots, hogeita bat orduko bainua, hizkuntza bizi horren mintzairan, kulturan eta modernitatean murgiltzeko. «Hori eman nahi diegu, hots, euskara zer den eta hizkuntzaren inguruan zer dagoen erakutsi. Tradizioetatik haratago goaz, modernitatea eta dinamika garaikide engaiatuak ulertarazteko ere», adierazi du Oihan Bouzigues Indartek, Xan Aire, Mirentxu Ibargaray eta Hélène Charrittonekin batera ikastaldi hauek animatzera etorritako Plazarako animatzaileen laukotea osatzen duen hogei urteko gazteak.
Hélèneri egokitu zaio egun hartan Oihanekin batera ikastaldia animatzeko ardura: “Euskara gure esku: soziolinguistikako lehen irakaspenak”. Euskal Herriko historia kultural, sozial eta politikoan murgiltzea, tradizioaren eta ikuspegi garaikidearen arteko joan-etorrian. Euskal Museoan egiten ari diren erakusketari egindako erreferentziaren isla: Linguae Vasconum Primitiae, 1545ean euskaraz inprimatutako lehen liburua. «Euskarak geroa segurtaturik izan behar duela errateko apez batek idatzitako erreferentziazko liburu bat», dio formatzaileak.
Ikastolen sorrera eta Euskal Hirigune Elkargoaren etorrera ere lantzen dira formakuntzan. Euskal kulturaren parte da idazle eta kantari tradizional handien poesia, bistan da, baina haren parte dira ere modan diren musika taldeak, Neomak bezalakoak, EHZ festibalaren taulagainean agertzen diren artista bikain horiek. Hala, aire zabaleko festibal hori ezagutzeko gomita luzatzen zaie ikasleei, eta hogei urteko gazte horiek berehala onartzen dute.
Heldu den astean, mintzatuko dira mundu profesionalean euskarak duen presentziaz, eta aurkeztuko zaizkie Ipar Euskal Herriko ekonomia eta tokiko moneta den euskoa. «Eta ez ahantz, euskal dantzako lehen irakaspenak –zazpi jauzienak– eginen direla ere», dio Oihanek, irriño batekin.
Euskaldundu bekarako bidean
Jadaneko bizpahiru dira euskara ikasten segitzeko asmoa dutenak. AEKen gau eskolak aipatu ditu Bastienek, adibidez. Maitenak espero du «amatxiren hizkuntza» ikasiko duela. Jade sei hilabeteko ikastaldi trinko bat (“barnetegi” bat) egitera entsea liteke, baina berantago. «Senak manaturik ari naiz, ikusiko dut nola molda naitekeen». Onartzen du hori «abantaila bat izan daitekeela mugaz gaindiko eta nazioarteko lankidetzan egiten dituen ikasketetarako».
Hirurak izan daitezke hautagai serioak Euskal Hirigune Elkargoak plantan ezarritako Euskaldundu bekarako (euskarazko ikastaldi trinkoa).
Geroan, gero eta ikasle gehiagok segitzen ahalko dituzte tailer horiek, eta lurraldeko goi-mailako hezkuntzako ikastetxe gehiagotara zabalduko da baliabidea.
30 urtean lehen aldiz, euskaldunen kopuruak ez du gibelera egiten. 51.500 euskaldun zenbatu dituzte Ipar Euskal Herrian, hots, biztanleen % 20,1. Biztanleria, baina, etengabe ari da emendatzen. Helburua da 2050erako biztanleriaren % 30 euskalduna izatea. Horregatik bereziki plantan ezarri dira Euskaldundu izeneko lehen irakaspeneko tailer horiek.
2025(e) ko abenduaren 11a
2025(e) ko abenduaren 9a