Euskaraldia 2025: 11 egun euskara egunerokoan biziarazteko
Euskaraldiaren 4. edizioa maiatzaren 15etik 25era iraganen da. Helburua : norbere ohiturak aldatu egoera orotan euskaraz aritzeko.
Eguneratzea:2025ko martxoaren 21a

Euskaraldiaren laugarren edizioa abiatu baino bi hilabete lehenago, Euskaraldiaren antolatzaileak eta erakunde laguntzaileen ordezkariak Baionan bildu ziren atzo. Euskara egunerokoan gehiago erabiltzeko dinamika hau maiatzaren 15etik 25era iraganen da aurten. Aldi honetan, Euskal Herrian zehar milaka parte hartzailek beren engaiamendua erakutsiko dute "Ahobizi" (ahal den neurrian euskaraz mintzatzeko konpromisoa hartzen dutenak) edo "Belarriprest" (euskaraz mintzatzera animatu eta ulertzen dutenak) bezala identifikatuz.
Jean-René ETCHEGARAY Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak euskararen biziberritzearen alde Euskal Hirigune Elkargoak duen engaiamendua azpimarratu du.

« Bere eguneroko erabilpena indartzea lehentasunezkoa da. Euskaraldia eta urtean zehar burutzen ditugun ekintzekin, helburu bera dugu: bizitzako esparru guzietan euskara modu iraunkorrean txertatzea. Erronka honi kolektiboki erantzun behar zaio gure ahalegina intentsifikatuz. »
Jean-René Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria
Ekintza zehatzak euskara sustatzeko
Antton CURUTCHARRY euskararen eta gaskoiaren aldeko hizkuntz politiken ardura duen lehendakariordeak oroitarazi du zertan den koherentea Euskal Hirigune Elkargoak Euskaraldia sustengatzea: « Euskara eguneroko oinarri egitea behar-beharrezkoa da. Modu konkretuan ekiten dugu: harrera elebiduna haurtzaindegietan, arte erakaskuntza eta sorkuntzari sustengua, helduentzat euskara ikasteko aukera Euskaldundu burtsen bidez, baina herriei laguntza ere beren zerbitzuak euskaraz garatu ditzaten. Denak ere egunerokoan euskaraz bizitzeko lagungarri. »
Parte-hartzaileek webgune ofizialean ematen ahal dute izena (www.euskaraldia.eus) prestakuntza tailerrei eta txapen banaketari buruzko informazioa jasotzeko. Aktiboki inplikatuz, bakoitzak lagundu dezake eguneroko bizimoduan euskararen presentzia indartzen eta bere erabilpena iraunarazten. Hitzordua maiatzaren 15etik 25era da.
Orain
Gazteek diote, gazteen eskutik gazteentzako
2024ko abenduaren 9a

Euskararen Urtaroa: 2024ko edizioaren irudiak
2024ko abenduaren 3a
