Euskararen Urtaroa : Azaroaren 6tik abenduaren 3ra, ehun hitz-ordu euskaraz bizi gaitezen

Azaroaren 6tik abenduaren 3ra, Euskal Hirigune Elkargoak eta bere partaideek ehun ekitalditik gora eskainiko dituzte euskara egunerokoan bizitzeko aukera emanez. Herriek, elkarteek, kultur eragileek eta bestelako partaideek antolatutako hitzordu horiek lurralde osoan euskararen erabileraren alde egiten den elkarlanaren isla dira. 2026ko edizioa, euskararen normalizazioari buruzko kongresu batekin bururatuko da, Ziburun, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Eguneratzea:2026 ko urriaren 30a

Ikuskizunak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, topaketak, familia animazioak eta ondarearen inguruko bisitak uztartuz, Euskararen Urtaroak azaroaren 6tik abenduaren 3ra euskara gizarte eta kultura bizitzaren eremu askotan biziarazten duten egitasmoak emanen ditu argitara. Helburua argia da: euskaldunei, ikasleei zein euskarara hurbildu nahi dutenei hizkuntza praktikatzeko, entzuteko edo ezagutzeko aukera erraz eta atseginak eskaintzea.

Ekitaldiak lurralde guzian

Azaroaren 6tik abenduaren 3ra bitartean, adin eta gustu guztietarako proposamenak eskainiko dira Euskal Herri osoan barna. Hona hemen adibide batzuk:

•    Ikuskizunak eta emanaldiak
Biharamunean, Azkainen, Anarik bere unibertso poetiko eta musikala partekatuko du entzuleekin. Azaroaren 11n, Donapaleun, Alabena konpainiaren Plisti Plasta ikuskizunak 2 eta 7 urte bitarteko haurrak eta haien familiak bilduko ditu kantua, musika eta dantzaren bidez euskaraz gozatzeko. Azaroaren 20an, berriz, Saran, Axut! konpainiak Nor naizen baneki lana taularatuko du.

•    Ikasi, hausnartu eta eztabaidatzeko
Azaroaren 19an, Biarritzen, elebidun sailetan eskolatutako haurren gurasoei zuzendutako lehen urratseko euskara tailerra antolatuko da. Baionan, adimen artifizialak euskararentzat eskaintzen dituen aukerak eta erronkak aztertzeko formakuntza saio bat izanen da, teknologia berriek hizkuntzaren biziberritzean izan dezaketen ekarpena aipagai harturik.

•    Euskaraz praktikatzeko eta elkarrekin aritzeko
Azaroaren 19an, Itsasun, merkatarien eta herritarren arteko topaketa batek euskarak ekonomia eta merkataritza jardueretan duen tokia izanen du hizpide. Azaroaren 22an, Amorotze-Zokotzen, mus txapelketak giro atseginean biltzeko aukera eskainiko du. Azaroaren 28an, Uztaritzen, Gure Irratiak antolatutako kirol kazetaritza tailerrak parte-hartzaileak euskarazko zuzeneko iruzkinetan trebatzeko aukera emanen du.

•    Ondarea beste begi batzuekin deskubritzeko
Azaroaren 18an, Burgue-Erreitin, Larraldotako gune historikoaren bisita gidatuak Donejakue bideko antzinako geltoki baten historia ezagutzeko aukera emanen du. Donibane Garazin, azaroaren 6tik 22ra, Euskal Herriko sei artista garaikideren lanak bilduko dituen erakusketa osatuko dute bisitek, tailerrek eta bertso saio batek. Azaroaren 28an, Biriatun, zuhaitzaren, naturaren eta tokiko jakintzen inguruko animazioek lurraldearen ondare naturala euskararen bidez ezagutzeko parada eskainiko dute.

Guzientzat zabalik den ekimena

Euskararen Urtaroa publiko orori zuzendua da.

  • Euskaldunentzat eta hiztun berrientzat, euskaraz elkar ezagutu eta une atseginak partekatzeko aukera paregabea da.
  • Euskara ikasten ari direnentzat, hizkuntza praktikatzeko eta murgiltzeko parada ederra da.
  • Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, hainbat animaziok, aldibereko itzulpenari esker, hizkuntzarekin lehen harremana egiteko aukera eskaintzen dute.

Atzeman ekitaldi guziak webguneko agendan.

Abenduaren 3an, euskararen etorkizunari begirako kongresua Ziburun

Euskararen Nazioarteko Egunean eta Euskararen Urtaroari bukaera emanaz, Euskal Hirigune Elkargoak euskararen normalizazioari buruzko kongresua antolatu du abenduaren 3an Ziburun. Hautetsiak, elkarteetako ordezkariak, adituak, erakunde publikoetako kideak eta hizkuntza politikaren partaideak bilduko dira bertan. Euskarak gizartearen alor guztietan bere lekua indartzeko beharrezko baldintzei buruz hausnartzea izanen da helburua. Egoera eleanitzetan bizi diren hainbat lurraldetako ordezkariak izanen dira, beren lekukotasunaren bidez esperientziak partekatu eta ekiteko bideak aztertzeko.