« Gazteen usaia berrietara egokitu behar dugu »

Egungo musiken eszenatoki den Atabalek 20 urte beteko ditu heldu den azaroan. Bi hamarkadatan euskal kultura paisaiako gune saihestezina bilakatu da egitura. François Maton zuzendariak gorakada hori kontatzen du eta egituraren etorkizunerako perspektibak marrazten ditu.

Eguneratzea:2026(e) ko otsailaren 10a

Atabalek hogei urte beteko ditu aurten. Nola agertu zen Biarritzen egungo musikei eskainiriko gela bat sortzeko ideia?

Jatorrian, proiektua Euskal Kosta-Aturri hirigune Elkargoak eta Biarritzeko herriak eraman zuten. Kontzertu batzuez aparte, garai hartan ez zen egungo musikaren inguruko abantzu kontzerturik. Ene belaunaldiko gazteentzako (oharra: 80 hamarkadan sortuak), Atabalen irekitzea gertakari ohargarria izan zen. Azkenean gure irudiaren araberako gune bat bazen, eta entzuten genuen musika hedatzen zuena: rocka, popa, rapa, reggaea. Ondoan den skate-parkearekin, leku federatzailea bilakatu da.

Egitura anitz handitu da. Zein izan dira azken hamarkadetako gertakari ohargarriak?

Bi garai izan dira. 2005etik 2011ra, Atabal, urtean 25 eta 30 kontzerturekin, hedapenerako gune bat zen bereziki. 2011n, eraikinaren zuzendaritza hartu dudalarik, proiektua diru zailtasunetan zen eta bigarren hats baten beharra zuen. Hemengo jendeak Atabal izena ezagutzen zuen baina ez zekien egiazki zer egiten genuen: gure bigarren musika eskola, gure erakusketak, gure sorkuntza sustengatzeko baliabideak. Proiektua kanpoari ireki behar genion, lurralde osoan errotu eta ez soilik Biarritzen. Biarritzeko mediatekarekin, Gare du Midirekin eta “Le Festin nu” liburutegiarekin eraikinaz kanpoko ekintzak antolatzen hasi ginen. Proiektuak biderkatu genituen, eskolekin eta zailtasun egoeretan den publikoarekin. Eta biziki ongi joan zen! 2018an, Atabalek Kultura Ministerioaren Scène de Musique Actuelle (SMAC, eus. Egungo Musikaren Oholtza) labela eskuratu zuen, eta horrek ordura arte musika demokratizatzeko eta eskuragarri izan dadin eraman genuen lana saritu zuen. Ondoren, proiektu guziak gelditu zituen Covida etorri zen, anitz sustengatu bagintuzten ere. 

Eta egun, zein egoeran da Atabal?

Gur egun Atabal egoera onean da, betetze tasa biziki ona dugu (Frantzia mailako gorenetarikoa), astero 500 ikasle baino gehiago musika ikastera etortzen zaizkigu, egitarau anitz ditugu eskolekin, lurraldean azkarki errotuak gaude tokiko eta Hegoaldeko taldeekin. Egituraren diru mailako oinarria sanoa da, abantzu %65 auto-finantzazioa da, eta hori emaitza ona da. Orokorrean, bataz bestekoa alderantziz da, 35 ingurukoa. Beldur bakarra da, kontzertuetara etortzen den publikoa zahartu dela, instituzioarekin batera. Belaunaldi gaztearen xerka joan behar dugu eta haien usaia berrietara egokitu.

Zer dira “usaia berriak”?

Gazteek musikarekiko eta kultura guneekiko duten harremana aldatu da. Kontzertuetara haien artista gogokoena ikustera datoz baina ez dira nahitaez itzultzen.  Ez dira jada Atabalen irudiari lotuak, hastapeneko ikuspegi militanteari. Kultura eskaintza anitzez zabalagoa dute eta gure garaian baino mugitzeko erraztasun gehiago. Sartzeen prezioa ere faktore mugatzaile bat izan daiteke. Horregatik eskaintzen ditugu urririkako gaualdiak. 26 urtez petikakoentzako urteko 20 €-ko abonamendua ere dugu, sartzeen prezio apaltzeei eta hilabeteko urririkako kontzertu bati bide ematen diona.

Atabalen zaharberritze proiektu bat ikerketa bidean da, gehiago erran zeniezaguke?

Bai, Euskal Elkargoak (oharra: eraikinaren murruen jabe dena) gure egitura elkargo intereseko gisa aitorturik, gure historiaren kapitulu berri bat irekiko dugu. Zaharberritze proiektu handi bat hausnartze bidean da. Proiekzio handiagoa duten artistak erakarri ahal izateko, areto nagusiak 1.200 lekuko edukiera izan dezan handitu nahi dugu (700 dira egun), gure musika eskolarentzako edo tokiko taldeak oholtzarako bidean laguntzeko beste oholtza ttipiago bat eraikiko dugu eta beste bi grabazio estudio berri gehiago egokituko. Eraikinaren aztarna energetikoa murrizteko lanak ere eginen dira. Lan honek, azken urte hauetan hondakinen kudeaketa eta gure kontsumoaren murrizketa mailan plantan ezartzen ari garen neurritasun desmartxa orokorrarekin bat egiten du, baita zirkuitu laburreko horniduraren aldeko pario mailan ere. Maite dut zenbaki hau oroitaraztea Gure egituran euro bat inbertitzen dugularik, lurraldeko emaitza ekonomikoetan bikoitza sortzen du.

 

Euskal musika eszena berriarekiko lotura aipatzen zenuen, zein egiteko du Atabalek?

Gaur egun, Atabal biziki ongi identifikatua da eta tokiko artistek eta taldeek estimatzen dute. Euskal musika eszena berpizte betean da, estetika biziki dibertsifikatuekin. Euskal Elkargoaren sustenguari esker, mugimendu hori handitu nahi dugu. Gure egitarauan Euskal Herriko artistei ahal bezain bat ikusgarritasun ematen entseatzen gara, urririkako deskubrimendu gaualdiekin adibidez. Erresidentzia artistikoak ere proposatzen ditugu. Eta bereziki, gurera etortzen diren artistekin beti egin dugun bezala, denboran laguntzen ditugu. Hala da adibidez Odei raplariarekin, Lumi bikote elektroarekin edo Maskak rock taldearekin.

Bukatzeko, markatu zaituen kontzertu bateko oroitzapenik ote duzu?

Bi heldu zaizkit burura. Lehena 2015eko azaroaren 16ko Son lux taldearen kontzertua da. Bataclaneko atentatuak iragan eta hiru egun berantago soilik zen. Azken mementora arte ez genekien ekitaldia mantentzen ahalko genuen ala ez. Taldeak bai ala bai jo nahi zuen. Azkenean kontzertua egin zen eta giroa ikaragarriarekin, biziki hunkigarria. Ideia beretik, Covid ondoko lehen zutikako kontzertua dago, 2021eko uztailaren 13ko Moleculena. Hor ere giro harrigarria. Denek urte eta erdiko frustrazioa eta eskubide gabetasuna ateratzeko beharra zutela sentitzen genuen. 

Bestako urtebetetze hilabetea

20 urteak ospatzeko, Atabalek maite dituen eta hastapenetik lekua sustengatu duten taldeak gonbidatu ditu. Huts egitekoak ez direnen artean aipa ditzagun azaroaren 14ko Yann Tiersenen, 15eko the Limiñanasen, 20 Tiken Jah Fakoly eta haren Acoustic touren edota 21eko Oxmo Puccinoren kontzertuak. Azaroaren 28ko urtebetetze egunerako gaualdi sorpresa ere pentsatua da.

Informazio guzia Atabalen webgunean