Gure errekak babesten dituzte!

TVPirekin batean ekoitzi Zaleak emankizunaren atal berri honek Ipar Euskal Herriko ibai-errekak babesteko bertan eginak izan diren ekintzak agerian ematen ditu. Natura maite duten arrantzaleek edo laborariek bultzatu ekimenak dira, beren jarduerarako baliosa den baliabidea zaindu nahi baitute.

Eguneratzea:2025(e) ko urriaren 24a

Xinaurri lana egiten du Errobi arroan Arrantza eta Ur Ingurunea Babesteko Elkarteak. Ehunka kilometrotan zehar, arrantzale sutsu horiek sasiak garbitzen dituzte, hondakin trabagarriak kentzen, eta ur-xirripak tapatzen dituzten lur metak eta hondakin andana bat kentzen.

Ingurumenaren kartografia egitea

Denbora guti gelditzen da! Tokiko espezie enblematikoa den amuarrain arruntaren ugaltze aldia azaro erditsutan hasten da. “Gero, ezingo dugu deus egin!” esplikatu du elkartearentzat ari den Brice Sylvain erreka teknikariak. Antolaketa ttipi horiek ibaiadar guzien arteko konexioa berriz eginen dute eta arrainen mugimenduak erraztuko. “Agian esku ukaldi horrek espeziearen ugaltzea lagunduko du!” Bere esku hartzeen bidez, elkarteak ibai-erreken osasunaren diagnostiko orokorra egiten du. “Alderdi bati baino gehiagori kasu egiten diogu: jarraikitasun ekologikoari, baita ere nahasmendu naturalei, domestikoei, industrialei edo laborantzakoei”, zehaztu du misio kargudunak. Kartografia lan luzea eta baliosa da, eta eragile instituzionalak edo pribatuak lagunduko ditu molde eraginkorrean aritzeko ingurune naturalen babesten, gune minberenak kontuan hartuz.

Laborantza mundu engaiatua

Ura babestea, ErrekAgriren xedea ere da! Euskal Hirigune Elkargoaren programa horrek ur bazterreko laborariak laguntzen ditu praktika egokien plantan ezartzen. Erreken babesteko, edateko guneak sortzeko edo konpostatze-oihalen erosteko operazioak finantzatzen ditugu animalietatik edo ongarritik jin bakterio-kutsadurarik ez gertatzeko. 

Eta, 2023az geroztik, ur ekonomiak egiten laguntzen dugu euri-urak bilduz edo iturriak antolatuz", aurkeztu du Lara Brion proiektu-arduradunak. Gehienetan ekimenak laborarien kontzientzia hartzetik sortzen dira. 

Ugo Arbelbideren kasua da, Heletan plantatua den laborari gaztearena. “Lehen, kabalek ura errekatik beretik edaten zuten. Eta bazuen zenbait urte ohartua nintzela uraren kalitatea ez zela bikaina", aitortu du. 2022an obrak egin zituen etxaldean. Ur-aska handiak ezarri zituen ondoko bi iturrietako ura ponpatzeko eta irazteko, panel fotovoltaikoei esker. Abantaila anitz dituen sistema. "Kabalen edateko uraren kalitatea hobetzen du eta behiei eman ur kantitatea segurtatzen", bereziki udan, kabalek egunean 150 pinta ur edan baitezakete. Aldi berean, pasabide seguruak ezarri zituen bere kabalek zeharkatzen zuten erreka ez zezaten oinkatu, kutsatu edo tapatu.

Hura bezala, beste berrogeita hamar bat laborari ere engaiatuak dira Euskal Elkargoarekin. Ekintza horiek eragin positiboa dute bioaniztasunean eta ekosistema naturaletan, baita edaten dugun urean ere. “Egun, Ipar Euskal Herrian kontsumitzen den uraren erdia ibai-erreketan hartzen da zuzenki. Ur hori zenbat eta garbiagoa izan, orduan eta kostu gutiago izanen da haren tratatzeko eta deskutsatzeko" oroitarazi du Lara Brionek. Joan den ekainean Ipar Euskal Herriko baratzezainei eta arbolazainei dirulaguntzak esleitzeko baldintzak zabaldu ziren. Orain ErrekAgri programako dirulaguntzak obren kostuaren % 60raino joan daitezke, 40 000 euroko mugarekin (lehen, % 40koak ziren eta 30 000 € gehienez).

Ikus Zaleak emankizuneko erreportaia osorik