2. atala - Eguberriko paketeak, Zuberoako ikastolak eta ekoizleak sostengatzeko
2025(e) ko abenduaren 9a
Herriko Garagarnoa elkarteak garagarraren adarra zaintzen du —jadanik hamasei laborarik, malta-egilek eta garagarnogilek egiten dute garagarra—, baita ere bere marka. Laborantzako ekoizpen horrek kalitatezko garagarnoak bermatzen ditu, Ipar Euskal Herrian egin, maltatu eta nahasi garagarrarekin eginak.
Eguneratzea:2025(e) ko azaroaren 25a
Lurramaren karietara, Herriko Garagarnoa markak entzutea bildu du. Ipar Euskal Herrian egin, maltatu eta nahasi garagarrarekin egin garagarnoa turrustan zerbitzatu da. 8 700 pinta. Lehenbiziko aldia zen kontsumitzaileengana joaten zela. Garagar adar berria ofizialki aurkezteko parada izan da baita ere elkarte berria, 6 laborarik, 9 garagarnogilek eta 1 malta egilek osatua.
Donamartiriko maltategian, elkarteko bost kidek “ondorio ederra eta harrotasuna” aipatu dute. “Adarrari esker lurreko produktu horren balio erantsia atxiki daiteke eta laborariari lansari zuzena eta bidezkoa bermatu. Inportantea da.”
Lehengai hori bertan ekoiztea
“Oharpen batetik abiatu zen dena: hemen ez zen garagarnoa egiteko garagar ekoizpenik. Garagarra (malta), garagarnoaren funtsezko osagaia da, urarekin eta lupuluarekin batera”, adierazi du Txomin Elosegik, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako garagar-adarreko teknika-arduradunak. Lehengai hori birlokalizatzeko eta Ipar Euskal Herrian gariaz beste zereal bat proposatzeko xedez, EHLGk ikerketak abiatu ditu. Hamabi urte behar izan dira “garagar barietate onaren atzemateko, klimari ihardukitzen dakiena.”
“Xantza dugu zereal horrek ez baitu ureztatze beharrik”, erran dute Behaskane-Laphizketako Gillen Etcheberry eta Emmanuel Recalde laborariek. “Garagarra urrian ereiten dugu, ekainean biltzen, eta ondotik bahetzen dugu eta gutienez bi hilabete eta erdiz biltegian uzten.”
Kontserbazio denbora hori baldintzen bildumako irizpide bat da. Garagarra Ipar Euskal Herrian edo mugakide den herri batean landu behar da, laborantza herrikoia egiten duten etxaldeetan, eta gehienez urtean hamar hektarea garagar egin daiteke etxalde bakoitz.

Hezetzea, hozitzea eta idortzea
Biltegian egon ondoan, garagarra mataltegian uzten da. Tresna hori uztailean ireki zuen Florian Aphecetchek, Donamartirin, “familiako etxaldearen aribideak anizteko” xedez. Bretainiako maltategi bat bisitatu ondoan, eta nola erabili ikasi ondoan, laborariak laborantza-eraikinaren eraldaketa diseinatu du eta horretarako obrak egin (1).
Egun, Herriko Garagarnoa elkarteko lehendakaria da eta lurraldeko malta-egile bakarra. Adarrean engaiatuak diren sei laborarien tokiko uztak hartzen ditu lehentasunez. “Hemen, hiru urrats betetzen ditut: garagarra hezetzea, hozitzea eta idortzea, azaldu du Florianek. Sistema tradizional bat lehenesten dut, garagarra lurrean berean hozituz. Orduan, malta berde bilakatzen da.”
Bertan nahasi garagarnoen errezetan bertako maltak gutienez % 70 osatu behar du markan sartzeko. Nicolas Lamour-Leroy Bardozeko garagarnogilea —bereziki Eguzki garagarnoa—, bederatzi garagarnogileetarik bat da: “Ekologia mailan dudan eraginak kezkatzen nau, nahi dut izariko laborantzaren eta bertako ekonomiaren alde egin”. Herriko Garagarnoak baldintza horiek guziak betetzen ditu. “Trazabilitatea eta kalitatea bermatzen ditu.”
Helburua: 200 tona malta urtean
Ekainean, garagarnoa egiteko 30 tona garagar bildu zen. Heldu den urtean, 100 eta 120 tonaren artean ekoitziko da. Bere maltategian 200 tona malta egin baitaiteke (240 tona garagar), Florian Aphecetchek espero du laborari gehiago lotuko zaizkiola, hemengoak edo mugakide diren herrietakoak. Euskal Herriko, Biarnoko eta Landesetako garagarnogileei ere zabaldu zaie deia. Maltategia bete-betean lanean aritzeko eta laborari-malta egilea bere lanaz bizi dadin.
Halaber, kolektiboak ostalariak eta elkarteak gonbidatu ditu beren marka ezagutzera. Herritarrak ere laster hasi behar litezke trazabilitatea egiaztatua duten garagarno horien kontsumitzen. Horien ezagutzeko, Herriko Garagarnoaren logoa gehitzen zaio garagarnogilearen etiketari. Zerrenda herriko.fr webgunean atzeman daiteke.
(1) Obra horiek Euskal Hirigune Elkargoak, Departamenduak eta Eskualdeak sustengatu ditu.
Eskuz ari diren bederatzi garagarnotegi adarrean sartu dira: La Brasserie du Pays Basque (Bardoze), Abarratia eta Sasiko (Aiherra), Akerbeltz (Azkaine), Etxeko Bob's Beer (Hazparne), Kaneta (Hendaia), Kompas (Ortzaize), Landberry (Angelu) eta Luma (Donapaleu).
2025(e) ko abenduaren 9a
2025(e) ko abenduaren 8a
2025(e) ko urriaren 31a