“Ipar Euskal Herriko laborantza-pluralismoa transformazio-tresna indartsua da”

Marion Charbonneau geografian doktorea da Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean (UPPA). Aztertzen du bereziki, tokiko politika publikoek praktika agroekologikoago eta jasangarriagoetarako trantsizioa nola sustengatzen duten. Ipar Euskal herria berezi egiten duena, dioenez, lurraldeak eta lurralderako pentsatu hainbat proiektu kolektibo bultzatzeko eta instituzionalizatzeko duen gaitasuna da.

Eguneratzea:2025(e) ko azaroaren 7a

Ipar Euskal Herriko laborantza-ereduen aniztasuna aztertu duzu. Zer erakusten du?

Laborantza-aniztasuna ez da Ipar Euskal Herrikoa bakarrik, baina hemen bereziki garatua eta aspaldikoa da, ekimen batzuk 1970eko hamarkadakoak baitira. Zenbait kolektibok alternatiba sendo eta bereziak agerrarazi dituzte joera nazionalei dagokienez: etxalde asko eta izarikoak, autonomoagoak, produktuen jatorriaren balioa agerian ematen dutenak eta euskal berezitasunei egokituak. Batzuek, gainera, biziki goiz kalitatezko produktuen eta produktu ekologikoen alde egin dute. Ipar Euskal herria berezi egiten duena, lurraldeak eta lurralderako pentsatu hainbat proiektu kolektibo bultzatzeko eta instituzionalizatzeko duen gaitasuna da.

Eredu horiek harmonian bizi ote dira elkarrekin?

Eragile guziek ez dituzte lehentasun eta xede berak. Sustut, ez dute denek leku bera. “Alternatiboak” deitu ereduetan, elkarrekin eraiki ekoizpen-arauak eta ekintza kolektiboari ematen zaion zentzua ez badira ere beti berdinak, balio komunak badira: bestela lan egiteko nahia, ofizioari zentzua berriz ematekoa, ingurumena gehiago errespetatzekoa, lurraldearekin loturak berriz jostekoa. Aniztasun hori aberastasuna da. Parada ematen du bakoitzak bere lekua aurkitzeko, ikuspegi desberdinei ihardesteko, askotariko eragileei, herritarrei, kontsumitzaileei zuzentzeko. Eta ere elkartzeko parada, laborantzaren ikuspegi komuna defendatu behar denean.

Pluralismo hori laborantza trantsiziorako tresna ote da?

Ipar Euskal Herrian bai, duda izpirik gabe. Lehenik, elikaduraren birlokalizazio bakarra edo bigarren laborantza-iraultzaren ereduaren egokitzapen hutsa gainditzen duelako: tokiko berezitasunei itzultzea dakarrelako baita ere ingurumena hobeki errespetatzen duen laborantza. Horretarako, tokiko haziak, autonomia eta laborantza-trebetasunak birbalorizatu behar dira, ekoizleen, ostalarien, hautetsien edo elkarteen arteko lotura sendoak, baita lurrarendako atxikimendua... Sektore zehatz batera mugatzen ez diren laborantza-proiektuak dira, kolektiboki gogoetatuak, laborantza ondasun komun gisa birpentsatzen dutenak eta lurraldeari eta laborariei eragina ukaiteko ahalmena ematen diotenak. Pluralismo hori trantsiziorako eragile baliosa da.

Euskal laborantza zenbait zenbakitan

  • 3777 etxalde zerrendatu dira Ipar Euskal Herrian
  • 35% Ipar Euskal Herriko etxaldeen % 35 etxalde ttipiak dira.
  • 60% Etxaldeen % 60 kalitate-desmartxa kolektiboetan engaiatuak dira (JDK, JDB, biologikoa, etab.). % 11 Laborantza Biologikoan dira.
  • 24% Etxaldeen % 24k zirkuitu laburrean merkaturatzen dituzte produktuak.
  • 74% Laborantza ekoizpenaren % 74 hazkuntzari dagokio.
  • 31% Etxaldeetako buruen % 31 emazteak dira, hots, 1 446 laborari.

Tokiko laborantzari buruzko ataria

Denek Ipar Euskal Herriko laborantza ongi ezagutzeko, ZABAL plataformak datu irekiak dituen ataria eskuragarri ezarri du. Lurraldeko mapak aurki daitezke, laborantzako lurrei, eremuei eta emaitza ekonomikoei buruzko datuak. 

Zabal ataria ezagutu