Ipar Euskal Herriko turismo-estrategia: turismo neurtuaren alde, lurraldea eta tokiko biztanleak errespetatuko dituena

Otsailaren 4 honetan, Jean-René Etchegaray, Euskal Elkargoko Lehendakariak, eta Daniel Olçomendy, Turismo iraunkorraren ardura duen Lehendakariordeak, Ipar Euskal Herriko Turismo Estrategia aurkeztu dute. Hautetsiak, turismo arloko eragileak, gizarte zibila eta herritarrak uztartu dituen urraspide kolektibo baten emaitza da estrategia hau. Lurraldea eta herritarrak errespetatu eta ekologia trantsizioaren anbizioekin lerrokatua den turismo eredu bat definitzen du. 2025etik aitzina, bi lehentasun estrategiko markatuak dira: turista jarioak kudeatzea eta lurraldeko ondasun komunak sustengatzea.

Eguneratzea:2025ko otsailaren 6a

2021ean adostu lurralde proiektutik abiatuz, lan zabal batean elkartu dira turismo arloko eragile guziak, hautetsiak, gizarte zibila eta herritarrak, joan den abenduaren 7ko Elkargo kontseiluan aho batez bozkatu Ipar Euskal Herriko Turismo Estrategiara iristeko. Jean-René Etchegarayk “lurraldea eta herritarrak errespetatzen dituen eta ingurumenean duen eragina menperatzen duen turismo eredua ekarri duen ariketa kolektibo hau” txalotu du.

Kolektiboki norabide aldaketa bat definitzea ekarri du urraspide honek, lurraldeak desio duen turismo eredu baten zerbitzura. Daniel Olçomendyk azaldu du “turismo politika ez dela gehiago turismo arloko eragileek bakarrik pentsatua izango den sail ekonomiko bat izan behar, ex-nihilo, baina politika publiko guzien bidegurutzea. Mugikortasuna, egituraketa, garapen ekonomikoa, uraren eta hondakinen kudeaketa, ondare kultural eta naturalaren balioztatzea eta mugaz gaindikoa ukitzen ditu aldi berean”.

Bi lehentasun estrategiko 2025ean

Dokumentu estrategiko honek bide-orri bat ematen dio turismo politikari hemendik 2040ra eta epe motzera egin beharreko ekintzei begira engaiatzen da. 2025 urtea lehentasunezko bi ekintza nagusik markatuko dute :

Turista jarioen kudeaketa : Atout France egituraren proiektu deialdi bati erantzunez 90 000 euro eskuraturik, jarioak doitzeko saiakerak abian dira 2025 urte bukaera arte : jende anitz erakartzen duten aparkaleku edo bestelako eremuetan behaketa eta erregulazio urraspideak abian dira mendialdean, hirian edo itsasbazterrean. 

Ondasun komunei sustengua : Urraspide batek, laborariek edo ingurumen elkarteek bultzatu proiektuak lagunduko ditu, euskara eta gaskoi hizkuntza, paisaia, ura eta biodibertsitatea diren lurraldeko ondasun komunak  zaindu eta balioan emateko gisan.

Klima eta baliabideen babesa ardatz dituen turismo bat

Turismo sektoreak klima aldaketaren eraginak pairatzen ditu eta halaber gas bero eragile iturri garrantzitsua da. Mundu mailako jarioen %8 eta Frantzia mailako jarioen %11 zuzenki turismo jarduerari lotuak dira. Ipar Euskal Herriko Turismo Estrategia, Klima Planaren ildoan kokatzen da eta eragileak ekologia trantsizioa egiten laguntzea du xede, gainerateko politika publikoekin batera bultzatu ekintzen bidez:

  • Aterpetze laguntzak eskuratzeko ingurumen baldintzak eratzea
  • Mugikortasun goxoaren sustatzea
  • Aterpetzen dutenek uraren kudeaketa zuhurra egitea
  • Politika publiko-arteko turismoaren behatoki bat sortzea
  • Tokiko kalitatezko produktuak balioztatzea

Argipean : Tokikoa urraspidearen abiatzea

2024ko udan, Ipar Euskal Herriko Turismo Bulegoak, Tokikoa urraspide kolektiboa abiatu du Euskal Elkargoarekin elkarlanean. Gaur gaurkoz labeldun 23 ostalari elkartzen ditu lurralde guzian. Tokiko eta kalitatezko urraspide kolektiboetatik heldu diren produktuez soilik osatu platerak proposatzera engaiatzen dira.

Herritarrentzat eta herritarrekin pentsatu turismoa

Ipar Euskal Herriko biztanleak estrategia honen bihotzean dira:

  • aisialdien lehen parte-hartzaile eta lurraldearen lehen bisitariak dira, urte osoan
  • turistak hartzen dituzte (Ipar Euskal Herriko ohe turistikoen herena familian edo lagunen etxean dira)
  • zuzenki ukituak dira turismoak eta aisialdiak beren bizian izan ditzakeen eragin positibo zein negatiboengandik

Estrategiak lau urtaroetan zehar tokiko turismo bat bultzatzen du, lehen lehenik lurraldeko biztanleei begira pentsatua. 

Argipean : Turismo bizitegien aurkako konpentsazio araua

Ohe turistikoen 1/3 bat familian edo lagunen etxean kokatua bada, beste 1/3 bat merkatal sektorearen esku da. Ohe hauen %55 turismo bizitegietan kokatuak dira, urte guziko alokairuarentzat arazo bat sortuz. 
2023an konpentsazio araua hartuz, elkargo hautetsiek fenomeno hau mugatu nahi izan dute tentsio eremuko herrietan. Emaitzak hor dira 500 baimen emanak izan dira, hauetarik %73 urte baterako emanak, ikasleentzako alokairu mistoan. %26 bi urterako baimenak dira lehen etxebizitzetan. Turismo bizitegietara bideratu higiezinetan egin inbertsioak ez dira gehiago aktualitatean egun Ipar Euskal Herrian. 

Turismo eleanitza eta ondarea balioesten duena

Ipar Euskal Herriko Turismo Estrategiaren xedea jarioak urte guzian eta lurraldean barna banatzea da.
Horretarako, hurbiletik heldu diren bisitariak ditu oinarri. Hego Euskal Herritik, Biarnotik eta Landesetatik heldu direnak. Lurraldeko aberastasunak balioan ematen ditu, eleaniztasuna besteak beste. Euskara eta gaskoi hizkuntza sustatzeko ekintza bereziak aurreikusten dira. Herritarrak eta bisitariak lurraldea ezagutzea da helburua, eskaintza kultural berritu baten bidez. Eskaintza eskuragarri egiteko urraspideak abiatu dira, komunikazio eta bisita baliabideen itzulpena sustatu eta harrera langileak formatuz. 

Argipean : Terra Aventura iblibideen itzulpena

2024ko urritik aitzina, Terra Aventura aplikazioko 17 ibilbideak euskaraz eskuragarri dira (eta horietatik 6 gaskoiez). Proiektu honek hiztunei lurraldea beren hizkuntzan bisitatzeko parada ematen die eta hizkuntza ez dakitenei hizkuntza ezagutzen hastekoa. Urririk eskuragarri, lurraldea urte guzian ezagutzen segitzeko aukera eskaintzen du, familian edo lagun artean.