4. atala – Agertokira igaten dira, aurreiritziak gainditzeko
2025(e) ko abenduaren 11a
Bilboren ondotik, Donapaleuk du Maxka’roa ikusgarria ohoretan ezarriko azaro bukaeran. Dantza eta kantu ikusgarri horren mundu onirikoa eta modernoa ezagutzeko azken parada. Berritza elkarteak, Eneko Gil koreografoak eta Txingili’K konpainiak elkarrekin sortu ikusgarria da.
Eguneratzea:2025(e) ko urriaren 30a
“Abentura horretan bukatuko da eta Maxka’roa ikusgarriaren ezagutzeko azken parada izanen da. Berritza elkarteak eta Txingili’K dantza taldeak elkarrekin ekoitzia dute”, erran du Pette Jaragoyhen dantzari eta musikariak. Azken bi emanaldiak Donapaleuko zineman izanen dira, azaroaren 29an eta 30ean. “Leku ezin hobea hurbiletik ikusi behar den ikusgarri horren estimatzeko”, gehitu du Maider Arrossagarayk.
Abentura abiatu zen Berritza talde gazteak ikusgarriak ekoizten segitzeko nahia baitzuen, jadanik antolatu zituenei jarraikiz: Baküna Show edo Üda Batez.
Proiektu horren sortzeko, taldeak Errenteriako Eneko Gil koreografo gazteari eta Xiberoko Txingili’K konpainiari bidea libro utzi zien.
Gazteekin eraman sorkuntza prozesua
Sorkuntza prozesua “aldakorra” izan da eta dantzariekin apailatua. “Koreografoa maskaradako munduan inspiratu da eta xiberotar gazteak interesatzen dituzten problematikak kontuan hartu ditu", azaldu du Pettek. “Eneko Gilek gure beldurrei eta desirei buruz galdekatu gaitu, segitu du Maiderrek. Gure kezkak aipatu ditugu Xiberoan gure hizkuntza gainbehera baitoa, mutikoak falta baitira dantza taldeetan, etxebizitzak kario baitira. Maitasunaz, xiberotar kulturarekiko eta nortasunarekiko dugun atxikimenduaz ere aritu gara”.
Maskaraden errituala zutabe bat da. Antzerki herrikoi tradizional horretan bi munduk elkarren kontra egiten dute: basatiak eta zibilizatuak, ordenak eta desordenak, gorriek eta beltzek, ongiak eta gaizkiak... Dikotomia hori historiaren abiapuntua izan da. “Koreografoak ez ditu bi estilo, tradizionala eta garaikidea, elkartu nahi izan. Mugimendua luzatu nahi izan du hirugarren estilo bat sortuz. Bere mundu onirikora eramaten gaitu”, segitu du Pettek. Taula gainean, Eneko Gilek zuzendu eta Catherine Arçanuthurryk gidatu dantzariak Jeremy Garat eta Oihan Oliarj-Ines musikariez eta Jean-Louis eta Pascale Bidabe Aramburu musikariez lagunduak dira.
Maxka’roa ikusgarrian ez da ez txirularik, ez eta jantzi tradizionalik. Sortzeko askatasuna jantzien diseinuan ere nagusi izan da, Owantshoozi diseinatzaileek ekai birziklatuz egin baitituzte.
Ikusgarriaz kanpo, “Masterklaz Xiberoa” ikasgaiak egin dira Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin (IDB). Aste bateko kultur bitartekaritza ere antolatu da, jendeen arteko elkarretaratzez josia, hala nola Atharratzeko zahar etxearen eta Xohütako eskolaren artean. “Prestatu dituzten maskak apainketari gehituko zaizkio Donapaleuko emanaldirako”, azpimarratu du Berritza taldeko koordinatzailea den Maite Irigoyenek.

Dinamismo kulturala
Ikusgarri horrekin, Berritzak bere dinamismoa erakusten du. 20 eta 35 urte arteko hamar bat gaztek kolektiboki zuzendu Mauleko elkartea karraskan ari da dantzaren hobetzeko, artisten laguntzeko eta ikusgarri garaikideen ekoizteko, bere proiektuaren muina baita. Horrela, Maxka’roaz gain, Aho Batez kontzertua ere antolatu du Kantalots taldearekin: 50 urteko pastoralen inguruko kantu topaketa. Ikusgarri horretarako hogeita hamar kantari amatur zuzendu ditu Claudine Arhancetek eta Maika Etchecoparrek ikusgarria taularatu; Hazparnen eta Mendikotan emanen da azaro bukaeran.
Berritza proiektu berri baten ontzen ari da, musikaren inguruan. Musikariei deialdia eginen die.
Argibideak
Maxka’roa ikusgarria Donapaleuko Saint-Louis zinema gelan, azaroaren 29an, 20:30ean eta azaroaren 30ean, 17:00etan. Erreserbak: https://www.helloasso.com/associations/berritza/evenements/donapaleu-maxka-roa-dantza-ikusgarria-azaroaren-29-30-novembre-2025
2025(e) ko abenduaren 11a
2025(e) ko abenduaren 9a