Bilakaren poesia dantzatua ezagutzeko aukera, Bezperan eta Dirau ikuskizunekin

Bilakaren bi ikuskizunek aukera ematen dute kolektibo harrigarri honen unibertso poetikoa estimatzeko, bere belaunaldiaren nahi eta beldurrei estuki lotua dena. Bezperan eta Dirau, bi sormen mundu eta bi formatu: bata antzokietan emana, bestea kalean. Nolabait erroetara itzultzea bezala.

Eguneratzea:2026(e) ko maiatzaren 12a

Maiatzaren 23an Hendaian aurkeztuko den azken sorkuntzarekin, Dirau lanarekin, Bilaka kolektiboa bere izaeraren muinera itzultzen da.

Sormen olde handi baten ondoren – Gernika, Petites Mythologies, Ilauna, Bezperan –, koreografo eta interpreteek iturburura itzultzeko beharra sentitu dute. Apaingarririk gabeko hizkuntza koreografikoa ikertzen dute, ikusleetara ahal bezain hurbil heltzeko. Anne Teresa De Keersmaekerren ikuspegitik inspiratutako urratsa da hau: « my walking is my dancing : comme je marche, je danse » (“nola ibiltzen naizen, hala dantzatzen dut”).

« Kalea berriz aurkitzeko gogoa ere bagenuen, antzoki eta ohiko eszenetatik kanpo diren lekuetan ikuskizun bat eskaintzeko, kolektiboarentzat hain maitea den parte-hartze espirituarekin berriz konektatzeko », azaldu du Xabi Etcheverryk, kolektiboko musikarietako batek.

Harreman zuzen horrekin, lau dantzarik eta musikari batek interpretatutako piezak publikoa konplize bihurtzen du. Konpainiak zabaltzen duen bizi-indarra ageri da intentsitatea handitzen doan dantzan eta erritmo tradizionalak (zortziko, banako...) uztartzen dituen musikan.

Bezperan: naturari eskainitako oda bat

Bezperan ikuskizunerako – euskaraz “aurreko eguna” esan nahi duena –, gaur egun bira amaierara hurbiltzen ari den honetan, 12 interprete igotzen dira taula gainera: zortzi dantzari eta lau musikari.

Neguko gau batean, jadanik existitzen ez den bizitzaren isiltasunean, erleei hitz egitera joanen diren emakume eta gizonen istorioa kontatzen dute, haiek lasaitzeko.

Daniel San Pedroren eszenaratzea hil beila batekin hasten da, erleei heriotzaren berri emateko tradizioa errespetatuz, argizaria ematen segi dezaten.

« Bezperan naturari eginiko oda bat da, baina baita abisu bat ere », gehitu du musikariak. « Erleekin lotzen gaituen harremana erakusten dugu, eta haien desagertzearen eta klima berotzearen ondoriozko dramak salatzen ditugu. »

Horregatik da musika eta dantza premiazkoa, basatia, erritmikoa, ia bortitza. Gizakiak eta lurra bera esnarazteko desira balitz bezala.

Hamar urte dira konpainiak tradizioa berrasmatzen duela bere kode eta sentiberatasunarekin. Egunero estimatzen du Euskal Herrian sortzeko aukera izatea, Baionako Arte Hiriko Oldeak estudiotik, Euskal Hirigune Elkargoak eskainia. Eta badaki ere kultura partaideen sostengua baduela, hala nola Sud Aquitain Eszena Nazionalarena edo CCN Malandain Ballet Biarritzena, bere lana hemen eta beste lekuetan zabaltzeko.

Praktikan

Bezperan Maule-Lextarren emanen da irailaren 17an eta Donibane Garazin irailaren 19an.
Irailean, Biarritzeko Le Temps d’Aimer festibalaren kari, Bezperan eta Dirau biak programatuak izanen dira.
Dirau obraren lehen emanaldia maiatzaren 23an izanen da Hendaiako Mai du Théâtre festibalean (aitzin-estreinaldia maiatzaren 21ean eginen da Baionako Etxepare lizeoan).
Ondotik bira luze bati ekinen diote. Datak haien webgunean eta Facebook orrian aurkitzen ahalko dira.

Orain