Maurice-Ravel kontserbatorioak 150 urte

Maurice-Ravel kontserbatorioak 150 urte bete ditu. Horren karietara antolatu programazioaren lehen aldia irailetik urtarrilera iraganen da: ikusgarri intimo eta harrigarriak, urririk eta biztanle guzien eskura, Donapaleutik Hendaiara.

Eguneratzea:2026 ko urriaren 9a

“150 urte atomiko”. Horrela iragarri du Maurice-Ravel kontserbatorioak urteburu garrantzitsua, eta urtarrila arte iraunen duen ospakizunen lehen aldia abiaraziko duen ikusgarriaren izena ere bada. 
Urriaren 18an, Baionako Michel-Portal antzokian ehun bat musika-tresnak joko dute. 
Biolin joleek kontserbatorioaren artxiboetan barna eramanen zaituzte, bi musikari zale amorratu ukanen dituztela gidari: Marina Beheretche Iparraldeko orkestrako lehen biolina eta Delphine Labandibar.  
Bestalde, kontserbatorioak eta Euskal Kultur Erakundeak artea eta euskal kultura uztartzen dituen Arteen Artean, entre les arts programa proposatuko dute. Horren baitan, bi hitzordu dira etortzekoak, eta horietako bat Baionako Arteen Hiriko Oldeak estudioko ate irekitzea izanen da, Zabala moduluko dantzariekin.
Abenduaren 2an, aldiz, euskal kulturako itzal handiko izen bat emanen da argitan: Joseba Tapia musikari gipuzkoarra. Haren errepertorioaren inguruan bilduko dira, Baionako Arteen Hirian, kontserbatorioko eta Herri Arte eskolako ikasleak. 
Urtarril hondarrean, 150. urtebururako Kontserbatorioen Gau berezia kari, mini-ikusgarriak, kontzertu-tailerrak eta beste hainbat sorpresa iraganen dira.

Asteakada eta Ikasle nomadak, berrikuntza 

Programa horrek bi berrikuntza nagusi ere ukanen ditu. Lehenak Asteakada, les vendredis du Conservatoire du izena. Hala, kontserbatorioak adarrak dituen hirietan egitura ezagutzeko parada izanen da, Baiona, Biarritz, Hendaia eta Donapaleun. Hala, irakasleek beren ikasleen entzunaldiak antolatuko dituzte, taula gainera igotzearen esperientzia bizi dezaten; mini-kontzertu horiek pizgarriak izanen dira, dudarik gabe. 
Azkenik, Ikasle nomadak - le conservatoire nomade kari, dantza, antzerki, kantu edo musika ofizioetara bideratzeko xedea duten ikasle handiek beren lanak aurkeztuko dituzte, Euskal Herriko hainbat tokitan: Donapaleuko Bideak gunean, urriaren 12an; Lehuntzeko abadian, azaroaren 5ean; Irisarriko Ospitalean, abenduaren 9an; Lekuona Fabrikan, 2027ko urtarrilaren 23an. 150. urteburu bestan izanen da beste hitzordurik ere; xehetasunak, Kontserbatorioaren webgunean.

Xehetasunak

Maurice-Ravel kontserbatorioaren 150 urteak bi alditan ospatuko dira. 2026ko irailetik 2027ko urtarrilera iraganen den lehen aldi horren ondotik, bigarrena 2027ko otsailetik ekainera izanen da, eta programa abenduan iragarriko dugu.
Urteburu-programako hitzorduak urririk izanen dira; on line erreserbatu behar dira, Kontserbatorioko agendaren bitartez. Programa osoa (frantsesez eta laster euskaraz) webgune honetan dago: https://www.ospb.eus/accueil-conservatoire/ 

Ba al zenekien?

1876an, udal musika eskola sortu zuten Baionan, antzokiko musikarien orkestran sartuko ziren musikariak formatzeko, orkestra kinka larrian baitzen. 1884an, Frantziako estatuak hartu zuen haren kudeantza. 1990eko hamarkadan, eskola Frantziako Eskualdeko Kontserbatorio bilakatu zen; 2000 bukaeran, aldiz, Maurice-Ravel eskualde mailako kontserbatorio. 2019an, Ipar Euskal Herriko Kontserbatorioaren sortzea beste urrats bat izan zen. Egun, kudeantza publikoa du eta Euskal Hirigune Elkargoak du diruztatzen. Han, 2000 ikasle inguruk musikaren, kantuaren, dantzaren eta antzerkiaren arloko berrogeita hamar bat irakasgai ikasten dituzte, Baionan, Biarritzen, Hendaian eta Donapaleun. Kontserbatorioa transmisio, sorkuntza eta partekatze eremua da.