Uztaritzeko igerilekua: idortea dela eta idekitzea gibelatua
2026(e) ko irailaren 3a
Zuhaitzen odola ikusgarri ibiltari eta parte hartzailea Vallée en Scène (Ibarra taularatu) proiektuaren hitzordu nagusia izanen da. 2027ko irailean emanen dute Hecho en Casa konpainiako antzezle profesionalek, baita Hergarai ibarreko, Angeluko eta Ahatsako 80 bat biztanlek ere.
Eguneratzea:2026(e) ko irailaren 15a
“Gure ikusgarria Zuhaitzen armada deitzen ahal zen, dio Hervé Estebeteguy Hecho en Casa konpainiaren zuzendari artistikoak. Azkenean, Zuhaitzen odola izanen da, gure garaiari dagokion izenburua, “ihardukitze ekologikoaren” helburu jarraikia irudikatzen duena”.
Ikusgarri ibiltari hori Vallée en Scène proiektuaren harira abiaturiko sorkuntza, bitartekaritza eta hedapen artistikoko ekintzen hitzordu nagusia izanen da, Euskal Hirigune Elkargoa, Angeluko Herriko Etxea eta konpainia profesionalaren arteko hitzarmen baten ildotik sorturiko proiektua. 2027an emana izanen da, oihanean, irailaren 5ean Angelun, 12an Ahatsan.
Proiektu parte hartzaileak antzezleak eta herritarrak biltzen ditu
Angeluko eta Hergarai ibarreko adin guzietako 80 herritar inguruk parte hartzen dute urratsez urrats eraikitzen ari den ikusgarri horretan. “80 pertsona kudeatzea burtzoragarria da, baina biziki aberasgarria ere. Dena onginahiz egiten da, antzerkiaren aldeko zaletasun berak bultzaturik.” Hara izan da joan den ekainaren 20an. Artista amatur horietako hirurogei bat bildu dira Ahatsan ikastaldi baterako.
Profesionalen ardurapean, Angeluko idazlea eta antzerki zalea den Théophile Zalaren antzezlanaren zati batzuk berenganatu dituzte. “Haren antzezlanak ihardukitzeei eta ekologiari buruzko kontakizunak nahasten ditu, dio Hervé Estebeteguyk. Hastapenean, bi lurraldeak batzen dituen hori bilatzen genuen, oroimen bera. Bigarren mundu gerla garaiko erresistentzia sareak nabarmendu dira: Comète sarea Angelun eta Zéro sarea Mendiben. Gure gaiarekin bat zetorren.”

Orduan, fikziozko antzezlanak egiazko gertakariak ditu oinarri: 1942an, Charles Schepens mediku belgikarrak Irati oihanaren aldeko segatokia eta horren hornidura-kablea berriz martxan ezartzeko ideia ukan zuen. “Pérot jauna” bilakaturik, kolaboratzaile itxura hartuz, eta Jean Sarochar artzainaren laguntzarekin, itzurpen sare bat antolatu zuen. Gune oihantsu horretan segatokia berriz martxan ezartzeko gaiaren bitartez, erronka ekologikoak aipatuak dira.
“Entseguak egiten hasi gara oihanean, 2027ko emanaldien lekuetara ekarriz” zehazten du Hervé Estebeteguyk.
Ihardukitze ekologikoa aipagai Klima Astean
Antzerkiaren kodeak barneratzeko, parte hartzaileek konpainiaren sorkuntza batzuk ikusi dituzte, hala nola Nom de code : Marichweu (Pasahitza: Marichweu) otsailean, eta Lexique de nos petites et grandes résistances (Gure ihardukitze ttipi eta handien hiztegia), Ahatsako bestak kari emana, agorrilaren 28an, 20:00etan.
Urrian, “ihardukitze ekologikoa” gaiarekin loturan, proiektua Klima Astearen egitarauan sartuko da. Oihanen kudeaketa eta balorizazioari buruzko hitzaldi animatu bat proposatua izanen da Donazaharren, urriaren 11n, 20:00etan. Prestatzen ari den antzezlanaren zati batzuen irakurketak elkarrizketara akuilatuko du, Guillaume Cavailles (Euskal Hirigune Elkargoko egokitzapenaren eta oihanen misio-karguduna), Mikaël Maitia (Frantziako oihan-jabegoaren zentroko oihan-teknikaria) eta Claire Ardilouze (FOBko oihan-teknikaria) hizlarien solasekin. Azaroan, kantuaren inguruko lana hasiko da, hiru hizkuntzetan: frantsesa, euskara, gaskoia. Ahal bezainbat lagun hunkitzeko gisan.
2026(e) ko irailaren 3a
2026(e) ko irailaren 1a
2026(e) ko abuztuaren 24a